Korrikateka, historian zehar bildutako ikus-entzunezko edukien gordailua
Proiektuaren xede nagusia Korrikaren eduki nagusiak bildu eta euskaltzaleentzat eskuragarri jartzea da. Bertan, logotipoak, kartelak, bideoklipak, abestiak eta iragarkiak aurki daitezke, besteak beste.
Zenbatezinak dira Korrikaren bizitza luze bezain oparoan zehar sortu diren euskarri anitzetako edukiak. Horietako asko, alta, sakabanatuta eta sailkatu gabe zeuden duela gutxira arte, eta orain material baliotsu hori berreskuratu, sailkatu eta bildu egin dute Korrikateka izeneko gunean. Korrikateka, beraz, Korrikaren ikus-entzunezkoen sareko bilduma edo artxiboa dela esan daiteke. Bertan, logotipoak, kartelak, bideoklipak, abestiak, eta iragarkiak aurki daitezke, besteak beste.
Ana Castro bizkaitarra da Korrikatekaren egungo arduraduna. Atal horren sorrera lehenagotik zegoen beharrizan baten ondorio izan dela dio. «Iragan 21. edizioko Korrika bukatu bezain laster, bertan sortutako material horien guztien biltegiaren hutsunea nabaritu genuen. Hasiera batean, barne komunikaziorako, hau da, AEK-kideontzat sortzeko asmoa genuen, baina kanpora zabaltzea eta Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko lagun Korrikazaleekin konpartitzea ideia polita iruditu zitzaigun».
Castrok, edonola ere, argi utzi nahi izan du Korrikatekaren proiektua hastapenetan dagoela; alegia, gaur-gaurkoz oraindik handitzen eta zabaltzen ari dela. Sareko biltegi horri buruz, haren arduradunak azpimarratu du egitasmoa «osatze» fasean dagoela, eta oraindik ere urrun daudela lortu nahi duten azken helburu horretatik: «Jo eta fuego ibili gara Korrikatekako zein historiako materialak eskuratzen, sailkatzen eta zabaltzen. Oraindik ere artxiboa bukatu gabe dago, material asko dugu VHS zintetan, diskete zaharretan... Poliki-poliki, hala ere, joango gara horiek guztiak digitalizatzen eta Korrikatekan txertatzen».
Gordailu baliotsua
Arestian aipatu bezala, proiektuaren xede nagusia Korrikaren eduki nagusiak bildu eta euskaltzaleentzat eskuragarri jartzea da. Castroren hitzetan, «ohikoa da Korrikako abestiak inon topatzea, baina horiek egon daitezkeen bezala, Korrikak sortzen dituen beste ikus-entzunezko asko eta asko (spotak, bideoklipak, bideo bereziak…) ere egotea nahi dugu. Lekuko barruko mezu ezkutu guztiak ere batu nahi ditugu, Korrikak omendu dituenak kolpe bakar batean ere aurkitu ahal izateko».
Aurrekoaren haritik, Castrok azpimarratu nahi izan du badutela oraindik osatzeke dagoen eta jendartean aurkeztu gabeko atal bat. Atal horretan Korrikari buruz sortzen diren eduki eta proiektu ugari daude; besteak beste, duela urte batzuetatik gaurdaino egin diren ikerketak, edizioaren ohiko berrietatik sortzen diren bestelako albisteak, bitxikeriak eta abar.
Bestalde, komunikabideek ere pilatu izan omen dute azken hamarkadetan zehar Korrikari buruzko ikus-entzunezko material andana. Eduki hori guztia ere baliagarria izan daitekeela uste dute Korrikatekako arduradunek: «Bertako eta atzerriko komunikabideek ere asko sortu eta ekoitzi dute Korrikari buruz, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu, guk sortu ez badugu ere, ondasun hori jaso eta horren berri ematea».
Korrikazaleentzako txokoa
Ana Castrok uste du, zentzu horretan, ezinbestekoa dela Korrikaren ingurumarian sortzen den guztia inon biltzea, antolatu eta herritarren eskura jartzea. «Jende askok jo nahi izaten du eduki horien bila, eta, orain artean, salbuespen batzuk kenduta, oso sakabanatuta egon da, eta ia ez da egon», adierazi du. Haren iritziz, gainera, antolatzaileentzat nahiz hedabideentzat informazio iturri paregabea izan daiteke Korrikateka, zalantzarik gabe.
Bestalde, Korrikatekak orain arte izan duen harrera positibotzat jotzen dute haren sortzaileek. Izan ere, euren iritziz, balio erantsia ematen dio atal berri horrek “Korrika.eus” webguneari. «Ederra iruditzen zaigu Korrikak dituen 42 urte luze hauetan egin diren gauza guztiak elkarrekin ikustea, bereziki, jende gazteak edizio ‘zaharretako’ edukiak ezagutzeko aukera izatea oso interesgarria da».
Korrikatekak izan ohi dituen erabiltzaile edo bisitari kopuruari buruz galdetuta, berriz, Castrok ezin du erantzun zehatzik eman gaur-gaurkoz. «Bisitari kopuruaren jarraipena uda aurretik egingo dugu lehendabiziko aldiz. Hala ere, esan bezala, oraindik hasieran baino ez dago proiektua; datozen hilabeteetan, lanean segituko dugu, eta, segur aski, 22. Korrikaren edizioa amaitzen denean, Korrikateka betetzen joan ahala, gehiago sustatu eta zabalduko dugu», esan du.