NAIZ

EAEko hezkuntza legean langileen eskaerak jorratzeko bide-orria eskatu du LABek

Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak adostutako dokumentuaren azterketa egin du LABek. Hasierako zirriborroarekin alderatuta hainbat aurrerapauso eman diren arren, gabeziak ere ikusi dizkio eta gai batzuetan sakontasun handiagoa eskatu du.

Igor Arroyo LABeko idazkari nagusi ondokoa eta Irati Tobar irakaskuntzako idazkaria, Bilbon emandako prentsaurrekoan.
Igor Arroyo LABeko idazkari nagusi ondokoa eta Irati Tobar irakaskuntzako idazkaria, Bilbon emandako prentsaurrekoan. (LAB)

Lan baldintzei dagozkion gaiak langileekin adostu daitezen, hezkuntza legean eragiten eta mobilizatzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du LABek ostiral honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan. Proposamen zehatz bat egin du horretarako: hezkuntza langileen eskaerak jorratzeko bide-orria zehaztea.

Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen testu berria eta LABen aurkeztutako dekalogoa alderatu ditu sindikatu abertzaleak, eta hortik ateratako ondorioak partekatu dituzte Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Irati Tobar irakaskuntzako idazkariak.

Azaldu dutenez, Legebiltzarreko testuan ez da eskumenen eta lurraldetasunaren gaia jorratzen. LABen ustez, Euskal Herriko hezkuntza sistema propio eta burujabea eraikitzeko bidean Lakuako Gobernuak hezkuntza eskumen osoa eskuratu behar du eta, gainera, lege berriak hezkuntza esparruan EAEk Euskal Herriko gainerako lurraldeekin izan beharreko harremana aintzat hartu beharko luke.

«Era berean, euskal curriculum propio bat garatzeko apustua garatu beharko litzateke; Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala berritzearekin batera, curriculum feminista, berdinzale eta antirrazista baterako diseinua eginez. Bide batez, hezkuntza eskumen osoa eskuratzeak laikotasun osoa ezartzea ahalbidetuko luke», esan dute.

Euskal Hezkuntza Zerbitzua

Arroyok eta Tobarrek nabarmendu dutenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea –bertako parte diren ikastetxeei eskubide berak emanez eta betebehar berberak eskatuz–, eta ikastetxeei eskumen gehiago ematea urrats bat izango litzateke euskal eskola publiko komunitarioaren norabidean; baldin eta trantsizio gisa ulertzen bada, eta ez amaierako agertoki gisa. Titulartasun ezberdina duten eskolen arteko «konfluentzia estrategikoa emateko», titulartasun publikoa eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea uztartuko duen euskal publikotasun eredu deszentralizatua sortzea defendatu du LABek.

Derrigorrezko eskolaldiaren amaieran B2 euskarazko maila eskuratzeko helburua lortzeko, eskola guztietan euskara ardatz gisa finkatzeari balio handia ematen dio LABek. Horretarako, euskara irakaskuntza-hizkuntza izango dela bermatu behar dela aldarrikatu du.

Lanbide Heziketa euskaldundu eta ikas-eredu bakarrerako bidea egiteko neurri eta epeak premiazkotzat ditu. «Hezkuntza iraultza oso bat abian jartzea beharrezkoa da helburu
hori erdiesteko, non langileon euskalduntzea ezinbestekoa izango den».

Eskola publikoari garrantzia

Sindikatu subiranistak baloratu duenez, eskola publikoari hasierako zirriborroan baino garrantzi handiagoa eman zaio. Halere, bertan egingo den inbertsioa zehazteko beharra ikusten du, hitzetatik ekintzetara igaro ahal izateko.

Eskola Publikorako Plan Estrategikoa urgentziazkoa dela uste du LABek: «Hezkuntza lege berriaren aurretik egin behar da». Bestalde, segregazioari aurre egiteko adostu diren neurriak egokitzat ditu, baina kezkaz bizi du tokiko hezkuntza kontseiluak erabakiak hartzeko ahalmenik ez izatea.

«Planifikazioa publikoa eta bateratua izan behar da, ko-gobernantzan eta deszentralizazioan sakonduz», defendatu du.

Haurreskola Partzuergoa indartu

Garrantzi handia ematen dio LABek Haurreskolak Partzuergoko eskaintza publikoa, doakoa eta unibertsala adostu izanari. Hala ere, eremu publikoan Haur Hezkuntzako lehen zikloak (0-3) zatituta egoteari uzteko neurriak ezarri behar direla aldarrikatu du, bigarren zikloarekin (3-6) lotura eginez eta etapa osoaren aitortzan pausoak emanez. Ahal bezain azkar Haurreskola Partzuergoa indartzeko neurriak hartzea eskatu dio Lakuari.

Positibotzat jo du kuoten desagerpena eta LABek eskatu zituen auditoria eta ikuskaritza kontrol mekanismoak ezartzea. Baina neurri hori betearazteko irmotasuna galdegin dio Gobernuari. Gauza bera eskatu du itundutako eskolek bete beharreko irizpideei dagokionez: «Ikuskaritza zorrotza beharko dute eta gardenak izan».

Lan baldintzak

Hezkuntzako langileen lan baldintzei dagokionez, ezer gutxi jasotzen da testuan. Lakuako Gobernuak zerbitzu publikoetan garatzen ari den lan politika ezagututa, kezkagarria iruditzen zaio zehaztapen falta hori. LABen iritziz, premiazkoa da gai hau jorratzeko bide-orri bat ezartzea.

Bide orri horretan, gutxienez, honako gai hauek jorratzeko egutegia zehaztu beharko litzatekeela agertu dute Irati Tobar eta Igor Arroyok. Hezkuntza sistema osoari begira, hezkuntza lan guztien eta langile kolektibo guztien aitortza; ratioen jaitsiera; azpikontratazioari muga jartzea; etengabeko prestakuntza langile guztientzat; euskalduntzea; publifikatzeko hautua egiten duten ikastetxeen kasuan, subrogazioa bermatzea; kontziliaziorako neurriak; Haur Hezkuntzako lehen zikloa, 0-3a, eskola mapan txertatzea; eta jaiotza tasaren jaitsierak enpleguan izan dezakeen eraginari aurre egiteko neurriak.

Eremu publikoari begira, honakoak lantzea proposatu du: Egonkortasun eta kontsolidazioa; EPE ereduaren aldaketa; lan hitzarmenak eguneratzea; eta 0-3a Hezkuntza Sailean integratzea.

Itundutako eremuari dagokionez, lan baldintzen homologazioa; eta sarbidearen arautzea berdintasun, meritu eta gaitasun irizpideen arabera.

Eremu publikoan nahiz itunduan, azpikontratatutako zerbitzuei begira, lan baldintzak hobetu eta dagokion kasuetan homologatzea beharrezko ikusten du LABek, baita kontratazio baldintzetan klausula sozialak txertatzea ere (subrogazioa, euskara, sarbidea...).

Lakuako Gobernuari gai hauek jorratzeko egutegi eta metodologia zehatza aurkez dezan exijitu dio sindikatuak, baita lan baldintzei dagozkien gaiak langileekin adosteko ere. ELA, Steilas eta CCOOri, berriz, aipatutako helburuen alde elkarrekin lan egin eta mobilizatzea proposatu die, grebak baztertu gabe.