NAIZ

Bilbon hasiko da arraun sasoia uztailaren 2an eta Euskotren Ligan 14 bandera jokatuko dira

Uztaileko lehen asteburuan emango zaio hasiera aurtengo arraun denboraldiariari, erlojuaren aurkako estropada batekin. Ohi bezala, El Corte Ingles banderarekin bukatuko da gizonezkoen txapelketa nagusia. Euskotren ligak aurten 16 bandera izango ditu eta sei asteburutatik, zazpira luzatu da. 

Euskotren ligako traineruak estropada hasieran.
Euskotren ligako traineruak estropada hasieran. (Jon URBE | FOKU)

Larunbat honetan onartu dute TKE-ko bazkideek aurtengo arraun denboraldiko egutegia. Uztailaren 2an –hiru hilabete barru, hain zuzen ere– Bilbon hasiko da erlojuaren kontrako estropadarekin eta hurrengo egunean Adegi bandera jokatuko da Donostian. Iaz denboraldia ireki zuen A Coruñako bandera bigarren asteburuan jokatuko da. 

Gizonezkoen gorengo mailan 20 bandera lehiatuko dira eta TKE-k adierazi duenez, Eusko Label ligak aurten 20. urteurrena beteko duen honetan, «ahalegin berezia egin da bigarrenez 20 jardunaldiko txapelketa osatzeko». 

Euskotren Ligaren kasuan, 14 jardunaldi izango ditu, iaz baino bi gehiago, sei asteburuko txapelketa izatetik zazpi izatera pasa baita. Bilbon hasi eta Zarauzko estropadarekin bukatuko da denboraldia. 

Gizonezkoen 20 jardunaldi eta emakumezkoen 14 antolatzea, «gaur goizean onartu den aurrekontuari esker» posible dela zehaztu du TKE-k eta gehitu du aurten Fan Zone gunearen itzulera aurreikusten dela.

Egutegiari dagokionez, Eusko Label Liga eta Euskotren Liga Galizia, Kantabria eta Euskal Herriko uretan jokatuko dira: lau jardunaldi Galizian, bat Kantabrian eta gainerakoak, euskal uretan. Aurtengo egutegiak dituen beste berritasunen artean dago emakumeen estropada ere Getarian lehiatuko dela lehen aldiz. Bestalde, Getxoko estropada-eremua aldatu egingo da, portu berrian jokatuko da aurten.