NAIZ

Gerraren kontrako aldarria egin du jasandako gudaren memoria gordetzen duen Gernikak

Ukrainiako gerra soilik ez, Siria, Yemen, Palestina, Sahara eta gainontzeko herrialdeetako gatazkak arbuiatu dituzte larunbat honetan hainbat lagunek Gernikan. Lau aldarri nabarmendu dituzte: elkarrizketa, bakea, bizitza eta burujabetza.

Gerraren kontrako jarrera erakutsi dute hainbat lagunek Gernikan egindako elkarretaratzean.
Gerraren kontrako jarrera erakutsi dute hainbat lagunek Gernikan egindako elkarretaratzean. (Aritz Loiola | Foku)

Euskal Herria «gerraren mina eta txikizioa» jasandakoa dela aitortu eta, memoriak dakarren eskarmentuarekin, Ukrainako gudaren kontrako jarrera erakutsi dute larunbat honetan hainbat herritarrek Gernikan, orain 85 urte aire-eraso faxistak setiatu zuen herri bizkaitarrean.

Elkarrizketa, bakea, bizitza eta burujabetza aldarrikatzera batu dira 12.30ean dozenaka herrikide Merkatu Plazara eta, bertan, 300 norbanako eta eragileren babesa jaso duen manifestua irakurri dute. Funtsean, orain 36 urte Euskal Herriak NATOri ezezkoa eman zioneko jarrera berrestera dator idazkia: Euskal Herriak gerrarik ez duela nahi eta, are, ez duela gerra egituretan parte hartu nahi.

Ukrainiako gerra soilik ez, Siria, Yemen, Palestina, Sahara, Afganistan eta gainontzeko herrialdeetako gatazkak arbuiatu dituzte Gernikan elkarretaratzera batu diren lagunek.

Eta lau aldarri zabaldu dituzte bertatik: armak eta militarismoa beharrean, elkarrizketa eta akordioaren alde egin dute, «gerra gelditzeko eta azpian egon daitezkeen gatazkak bideratzeko».

Bakea finkatu dute helburu gisa, nahitaezkoa delako, manifestuan nabarmendu dutenez, «eskubide guztiak guztiontzako posible izateko» eta, bakerako bidean, galdegin dute «Euskal Herria izan dadila pasabide segurua edo geraleku hautatua beharra dutenentzat».

Bestalde, gudaren infrentzuari, bizitza orori, egin diote gorazarre. «Interes inperialistei erantzuten dieten suntsiketak herritarrek ordaintzen ditugu», ohartarazi dute. Hori dela eta, «gerraren aurrean eta gerraren aurretik ere», askatasunean eta berdintasunean ardaztutako bizitzak aldarrikatu dituzte.

Gatazken konponbiderako baldintza, halaber, burujabetza dela iritzi dute manifestua babestu dutenek. Eta, horretan, Euskal Herriak badu zeresana: «Euskal Herriak ez du gerra egituretan parte hartu nahi, demokratikoki adierazi genuen bezala. Euskal Herriak elkarrizketa eta akordioa nahi ditu, azken hamarkadan masiboki eta praktikoki erakutsi duen gisan. Eta horretan guztian subjektu bat dago, herri bat, aske eta burujabe izan nahi duena. Bere iragana oroitu nahi duena, bere oraina erabaki nahi duena eta etorkizunaz jabetu eta eraiki nahi duena».