NAIZ

Bi estatuetan 20 urte preso eman ondoren kalean da Josu Ginea

Josu Ginea Sagasti presoa etxean da, bi hamarkadetako espetxealdia agortu ondoren. Frantziar Estatuan ia zortzi urtez izan zuten kartzelan eta hamabi gehiago bete behar izan ditu Estatu espainolean, gehienak Penintsularen kontrako muturrean, Almerian.

Josu Ginea, aske.
Josu Ginea, aske. (Etxerat)

Josu Ginea Sagasti larrabetzuarra etxera itzuli da gaur igandean, 20 urteko espetxealdia amaituta. Basaurin bete ditu zigorraren azken hilabeteak eta bertatik atera da aske, Etxeratetik NAIZi baieztatu diotenez.

2002. urtean atxilotu zuten Josu Ginea Estatu frantsesean, beste sei lagunekin batera, eta bertan kartzelaratu egin zuten. Pariseko auzitegi bereziek ezarritako zigorra bete ostean, 2010. urteko apirilean Espainiaratu egin zuten, Xabier Atristainekin batera (aski ezaguna da azken honen kasua: orduan askatua izan zen eta hortik gutxira atxilotu zuen berriz Guardia Zibilak, Europako Entzutegiak zigortu berri duen auzian).

Josu Gineak etxetik oso urrun bete behar izan du Auzitegi Nazionalak ezarritako kartzelaldiaren zati nagusiena: Almerian hain zuzen ere. Egoera hori salatu egin zuen Larrabetzuko Udalak 2016. urtean, Sarek aurkezturiko mozioa onartuz. Atxilotua izan aurretik bere herriko zinegotzia izana zen Ginea, Euskal Herritarrok ordezkatuz.

2019. urtean Almeriatik Leongo Mansillara lekualdatu zuten, Gobernu espainolak abiatutako euskal presoen hurbiltze prozesuaren barruan. Espetxealdiaren azken hilabete hauek Basaurin bete izan ditu.

44 urte dituela atera da espetxetik Josu Ginea Sagasti.