NAIZ

Ingalaterra eta Galesen baimenduta dauden adin txikikoen ezkontzak, debekatzeko bidean

Datozen asteetan, lege-proiektu bat onar dezake Erresuma Batuko Legebiltzarrak,  ezkontzeko legezko gutxieneko adina 16 urtetik 18ra aldatzeko. Ingalaterran eta Galesen haurrak ezkontzea ahalbidetzen duen neurriarekin amaitu nahi du Estatuak.

Payzee Mahmod gizon batekin ezkontzera behartu zuen familiak adin txikikoa zela.
Payzee Mahmod gizon batekin ezkontzera behartu zuen familiak adin txikikoa zela. (Tolga Akmen | AFP)

«Bazen garaia!», dio Payzee Mahmodek; 16 urterekin gizon askoz zaharrago batekin ezkontzera behartu zuten. Ia bi hamarkada geroago, Ingalaterran adin txikikoen arteko ezkontza debekatzeko ekimena ospatzen du.

2000ko hamarkadaren hasieran, bere familiak gizon batekin ezkontzera behartu zuen, bera baino askoz helduagoa. Garai hartan 17 urte zituen Banaz ahizpa ere ezkontzera derrigortu zuten.

Banazek senarra utzi zuen eta 2006an, aitak, osabak eta beste gizon batek hil zuten «ohorearen krimen» batean. 23 urte arteko kartzela-zigorra ezarri zieten horregatik.

Pailzeek orain 34 urte ditu. Ahizpak baino zorte handiagoa izan zuen eta legea aldatzeko kanpaina bat hastea lortu zuen. Gaur egun, lege horrek Ingalaterran eta Galesen ezkontzeko aukera ematen du 16 urtetik aurrera, gurasoen baimena izanez gero.

«Haurren ezkontzek gaiztakeria handia dakarte» esan dio AFPri, Westminsterreko Legebiltzarraren itzalpean. Hurrengo asteetan, lege-proiektu bat onar liteke bertan, ezkontzeko legezko gutxieneko adina 16 urtetik 18ra aldatu dezakeena.

Berak ere borrokan jarraitzen du bortxazko elkartzearen ondorioekin. Ezkontzatik bi urte baino gutxiagoren buruan, 18 urte bete zituenean, dibortzioa eskatu zuen.

«Indarberritzen ari naiz oraindik», dio. «Abusu finantzarioa, indarkeria mental eta fisikoa jasan nituen, eta hori da haurren ezkontzaren errealitatea», salatu du.

Legeria berriak gurasoen edo senideen jazarpena ere debekatuko du, sarritan ezkontza itunduen antolaketaren konplizeak baitira, eta seme-alabak atzerrira bidaltzen dituzte ezkontzeko.

Diputatuek otsailaren amaieran onartu ondoren, lege-proiektuak Britainiako Parlamentuko goi-ganberan legebiltzarkideen oniritzia jasotzea espero da, ziur aski apirilaren amaieran.

«Poz-pozik nago hau gertatuko delako, bazen garaia», dio Mahmol-ek. «Horrek babestuko lituzke, benetan, nire ahizpa eta praktika kaltegarri hori jasan duten haur guztiak».

«Domino-efektua»

Aktibistek espero dute Ingalaterraren hauspoak aldaketa bultzatzea Eskozian eta Ipar Irlandan ere, baita adin txikikoak ezkontzeko aukera ematen duten gainontzeko herrialdeetan ere, hala nola Estatu Batuetan.

«Espero dut honek domino-efektua izatea», dio Pauline Latham diputatu kontserbadoreak. Berak aurkeztu zuen lege-proiektua; izan ere, NBEren garapen jasangarriko helburuek haurren ezkontza deuseztatu nahi dute 2030erako.

Paradoxikoki, haurren ezkontza baimentzen duten herrialdeei lege hori atzera botatzeta eskatzen zien Erresuma Batuak, konturatu gabe berak berdin-berdin egiten zuela.

Latham-ek ez zekien haurren ezkontza legezkoa zela bere Estatuan: «Inoiz ez zitzaidan bururatu haurren ezkontzak genituenik hemen», dio.

Erresuma Batuak 2014an debekatu zuen ezkontza behartua, baina orduko legea ez da nahikoa nerabeak babesteko, batez ere biktimen testigantza eskatzen duelako, askotan haien gurasoen kontra.

Zaila da ezkontzeko betebeharra duten 16 eta 17 urteko gazteen kopurua ebaluatzea, hein batean, elkartze guztiak ez daudelako legez erregistratuta.

2017an 18 urtetik beherakoen 183 ezkontza erregistratu ziren; horietatik 140 neskak ziren eta 43 mutilak.

Lathamentzat, lege berriak «gazte askoren bizi-aukerak aldatuko ditu, beren hezkuntza amaitu ahal izango baitute».

Sara Brownek, IKWRO emakumearen eskubideen defentsarako erakundeako kideak, gai honi buruzko kanpaina egiten du, eta irakasleak, zaintzaileak eta poliziak bezalako profesionalak kontzientziatzearen garrantzia azpimarratu du, «haurren ezkontzarako prestakuntzak jaiotzatik has baitaitezke».

Mahmod ados dago. «Inguruko jendeak ez ezik, harremanetan jarri nintzen profesional guztiek ere huts egin zidaten», bereziki eskolan. «Inork ez zidan inoiz laguntzarik eman, eta ez nuen ikusi gaizki zegoela eta babesa behar nuela».