Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Kirol diplomaziaren bitartez, euskal estrategi baterako urratsak eman nahi dituen webinarra

Ostegun honetan Zoom plataformaren bitartez jarraitu ahal izango da kirol diplomaziaren inguruko punta-puntako adituak batuko dituen jardunaldi digitala. Nazioarteko eragileez gain, euskal kirolarien testigantzak ere bilduko ditu. Kirol diplomaziak nazioartean daukan indarra azaldu nahi da. 

Txirrindularitza eta euskal zaletuak marka propioa izan daitezke kirol diplomaziarako.
Txirrindularitza eta euskal zaletuak marka propioa izan daitezke kirol diplomaziarako. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Donostia Kultura –Gipuzkoako Aldundiko Kirol eta Kultura sailaren laguntzaz eta Wavegarden, Salengoa eta Boiseko Unibertsitatearen kolaborazioarekin– eta Sports Alliance erakundearen arteko elkarlanaren emaitza da ostegun honetan, modu digitalean, antolatu den jardunaldia –esteka honetan eman daiteke izena, jada 150 pertsonatik gora apuntatu dira–. Kirol diplomazia izango du ardatz, lehendabizi nazioarte mailako testigantzak batuko dira eta ondoren, Euskal Herriaren nazioarteko posizionamendua ere aztertuko da zenbait euskal eragile eta kirolariekin. Horien artean egongo dira Edurne Pasaban alpinista, Clara Azurmendi badminton jokalaria, Juan Inazio Zulaika puntista ohia eta Roberto Olabe Realeko kirol zuzendaria. 

Imanol Galdos Donostia Kulturako zuzendaritzako teknikaria izan da jardunaldi honen antolakuntzan buru-belarri aritu denetariko bat. NAIZi emandako elkarrizketan nabarmendu du «kirola lanabes oso indartsua dela nazio, estatu edo estatu gabeko nazioen nazioarterako estrategian; estrategi ezberdinekin kanpoan posizionamendua irabazteko baliagarri» dela adierazi du, zalantzarik gabe. 

Era horretan, iaz EHUk antolaturiko Udako ikastaroetan jarri zen lehendabiziko hazia jardunaldi hauek antolatzeko. Diplomazia publikoa izan zuten ardatz eta hor «sare garrantzitsu» bat sortu zela azaldu du Galdosek. Kultura diplomazia aztertu zuten uztail hartan eta hurrengo urratsa kirolean arreta jartzea egokia izan zitekeela pentsatu zuten: «Gastronomia ere indartsua izan daiteke baina kirolak daukan indarra esparru gutxik daukate». 

Nolanahi ere, kirol diplomazia «nahiko berria» dela zehaztu nahi izan du Galdosek. Galesen, esaterako, duela pare bat urte hasi ziren egituratzen. AEBtan lehenxeago ekin zuten. 

Apirilaren 7an atsaldeko 17.00etan hasiko den webinarraren xedea Euskal Herriak kirol esparruan daukan potentziala ezagutaratzea da eta daukan «aberasgarritasunaz jabetzeko, perspektiba orokorra eskaini» behar delakoan da Galdos. Bukaerako helburua edo xede gorena, «euskal diplomazian estrategi bat edukitzea» izan behar litzatekeela dio oñatiarrak, egun Euskal Herriak osatu gabe daukana. Gainera, argi dio horretarako ez dela behar nazio independente bat izan beharrik, edozein erakunde, kirol edo herritar izan daitezkeelako «euskal enbaxadore». 

«Juan Inazio Zulaikak esaten zidan –puntista ohia– azken 60 urteetan, Euskal Herriak 4.000 enbaxadore inguru izan dituela munduan zehar, guztiak kirolarekin lotutakoak», jarri du adibidetzat Imanol Galdosek. Kontuan hartzeko auzia iruditzen zaio eta hori guztia egituratzeko beharra ikusten du. 

«Txirrindularitza gure marka garrantzitsu bat da, munduari buelta ematen dio Pirinioetan agertu ohi diren euskal zaletuak», dio. Euskal selekzioaren ofizialtasunean ere nahiz eta Espainiak oztopokoa jarri, uste du ez direla behar beste bide urratu. 

Bi zatitan banatuta

Adibideak adibide, «eztabaidagune eta gogoetagune» izan nahi du jardunaldi digital honek, ondoren aliantzak sortzeko. 

Sports Alliance erakunde australiarrarekin lankidetza «samurra» izan dela onartu du Galdosek, Euskal Herriarekin interes handia daukatelako. Nazioarteko sare handia daukatenez, jendearen parte-hartzea bermatzea erraztu duela onartu du. 

Bi ordu iraungo du jardunaldiak eta zenbait gai izango ditu: kirol diplomaziaren azalpena, AEBtako esperientzia, nazio txikien kirol diplomazia, emakumearen presentzia kirol diplomazian, Europar Batasunaren estrategia alor honetan eta desgaitasuna kirol diplomazian. 

Bigarren zatian, kirolean dabiltzan euskal enpresek (Orbea eta Wave Garden), euskal kirola eta kirolarekiko zaletasuna, kirolak gazteen gizarteratzean izan ditzakeen onurak eta abar kontu aztertuko dira. Eta hauez gain, Edurne Pasaban alpinista, Clara Azurmendi badminton jokalaria, Juan Inazio Zulaika puntista ohia eta Roberto Olabe Realeko kirol zuzendariak hartuko dute hitza.