Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Interview
Irati Mitxelena
Atleta

«Luzera jauzian 6,55 metroko markak sekulako motibazioa eman dit beste zerbaiten bila joateko»

Irati Mitxelenak zilarrezko domina eskuratu zuen pista estaliko Espainiako Txapelketan, luzera jauzian. Pozik dago urtearen hasierarekin, marka pertsonala hobetzeaz gain, erregulartasuna lortu duelako.

Argazkiak:
Argazkiak: (Iñigo URIZ | FOKU)

Luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean 23 urtez azpiko Espainiako txapeldun izan zen Irati Mitxelena (Donostia, 1998) duela bi urte. Kategoria absolutuan, urte berean, zilarrezko eta brontzezko dominak ere zintzilikatu zituen kolkoan eta aurten, berriro, senior modura Espainiako Txapelketa absolutuan, zilarrezko domina lortu du luzeran. Are gehiago, bi aste lehenago, Espainiako Kluben Txapelketan luzera proban garaipena eskuratu zuen, Yulimar Rojasen aurretik [hirukoitzean munduko txapeldun eta Olinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratutakoa]. Hori anekdota moduan geratzen da, baina benetako errealitatea da Mitxelenak 6,55eko markatik hurbil jarraitu nahi duela, erregulartasuna bilatu, alegia.

2016an AEBetara joan zen Neurozientzia ikastera eta bide batez, atletismoarekin jarraitzera. Asko hobetu duelakoan dago, pertsona gisa zein kirolari moduan –handik bueltan eskuratu ditu emaitzarik onenak–. Aire zabaleko denboraldia dauka orain begiz jota, astebeteko atsedena hartu eta berriro entrenamenduetara itzuli berritan. Behar zuen «atseden mental eta fisikoa, astebetean Anoetako miniestadiora ez hurbiltzea», berriro indarberrituta ekiteko.

Intentsoa izan da pista estaliko denboraldia?

Bai. Gainera, pista estaliko denboraldia oso motza da. Asteburu guztiak beteta izaten ditugu eta aire librean diferentea da. Denboraldia luzeagoa denez, ez dit sentsazio hori ematen. Pista estalian, iruditzen zait hasten zarenerako jada bukatzen doala. Hasiera erritmoa hartzeko izaten da, baina, noski, segituan txapelketa garrantzitsuak datoz. Oso azkar pasatzen zait, baina egia da gustatzen zaidala sentsazio hori ere.

Zilarrezko domina eskuratu zenuen Espainiako Txapelketan, luzera jauzian. Gustura?

Oso gustura geratu nintzen. Pasa den urtean min hartu nuen eta ezin izan nuen jauzi egin. Espainiako Txapelketan berriro parte hartzea luzera jauzian eta, gainera, bigarren geratzea, niretzako oso emaitza ona da. Gainera, marka ona izan zen. Egun horretan, gehiago jauzi egin nezakeelako sentsazioa izan nuen, baina tira, zilarrezko domina lortu nuen, eta oso pozik.

Pare bat aste lehenago Yulimar Rojasi irabazi zenion; hori hor geratuko da.

Bai, denek esaten didate anekdota bezala (barre). Nik beti esaten dut niretzako garrantzitsuena lortu nuen marka izan zela. 6,55 metroko jauzia egin nuen. Nire marka onena, bai aire librean bai barruan, 6,35 zen. Orduan, 20 zentimetro hobetzea sekulakoa izan zen. Marka, gainera, garrantzitsua da. Gero, jada, Yulimarri irabazi niola anekdota bezala geratu zen.

2015etik zegoen luzera jauzian galdu gabe.

Munduko errekorra duen pertsona bat da, fisikoki kirolari miresgarria da. Gainera, nik uste dut hobetzen jarraituko duela. Egia da bere proba, berez, jauzi hirukoitza dela [berriro hobetu du berak zeukan munduko errekorra pasa den asteburuko Munduko Txapelketan]. Aurten esan du biak egin nahi dituela eta, noski, egin ditzake. Ez da askotan irabazi gabe geratu eta, tira, aldi hartan nire aurka izan zen.

Marka hobetu zenuen; orain helburua marka berri horren bueltan jarraitzea da?

Nire ustez, ustez, garrantzitsuena da, marka oso ona egiteaz gain, erregularra izatea. Behin egiteak balio du, poza ematen du, baina gehiago balio du marka horren bueltan erregulartasuna izateak. Horregatik geratu nintzen gustura, ze, 6,55eko marka egin nuenetik, hor ibili naiz, nire aurreko markak hobetzen. 6,55 metro egin eta gero, 6,37 eta 6,43 metro egin ditut; 6,55 jauzi egin nuenean, 6,51 metroko jauzia ere egin nuen… Erregulartasun horrek erakusten du ondo nagoela eta edozein momentutan egin dezakedala jauzi bat apur bat luzeagoa.

Zure txapelketarik onena izan zen Espainiako Kluben Txapelketan eginikoa?

Bai. Berezia izan zen. Askotan sentitu izan dut gehiago jauzi egiteko moduan nengoela, baina ez da atera izan. Egun horretan atera egin zen. Madrilen izan zen, jende pila bat zegoen, giro ona zegoen. Gainera, proba irabazi nuen. Bi aldiz 6,50etik gorako jauzia egin nuen eta bai, hunkitu eta guzti egin nintzen. Aurreko urtekoak pasatu eta gero, berriro jauzi egitea eta inoiz baino hobeto egitea… Oso egun polita izan zen.

Pista estaliko denboraldia hain ondo burututa, zein da zure aurreikuspena aire zabalerako?

Marka honek eman dit sekulako motibazioa eta konfiantza esateko gehiago ere eman dezakedala. Badakigu gauza dezente ditugula hobetzeko eta, beraz, konfiantza eman dit zerbait gehiagoren bila joateko; egin dudanarekin ez konformatzeko.

Eta hirukoitzean, zein helburu dituzu?

Sekulako gogoa dut egiteko, baina iaz gaizki aritu nintzen orkatilarekin. Pista estalian egon nintzen lehiatzekotan, baina erabaki genuen agian gehiegi zela, eta luzeran ondo nenbilela ikusita, lasai hartzea erabaki genuen. Aire librean egin nahiko nuke, asko gustatzen zaidan proba da eta benetan uste dut daukadan marka hobetu dezakedala (13,39 metro). Baina horretarako entrenatu egin behar dut. Ikusten badut ondo nagoela eta minik egin gabe entrenatu dezakedala, entrenatuko dut pixka bat eta lehiatuko naiz. Egia da luzeran asko hobetu dudala, eta min hartzeko arriskua ikusten badugu, oraingoz luzeran aurrera egingo dugu.

Orain dela urte batzuk zenioen hirukoitza zenuela gogokoen, oraindik ere bai? Edo ikusi duzunean luzeran hobetzen zoazela…

Nik beti pentsatu izan dut gehiago nintzela hirukoitzeko jauzilaria; uste nuen hori zela nire proba. Bat-batean, luzeran gero eta gehiago hobetzen hasi nintzen. Justu pandemiaren ostean, bietan parte hartu nuen eta hirukoitzean hobetu nuen, baina luzeran ez. Hortik aurrera, baina, ezin izan dut entrenatu hirukoitzean. Azkenengo aldiz 2020ko udaran lehiatu nintzen, nire azken 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan; hortik aurrera ezin izan naiz lehiatu.

Hor bi probak irabazi zenituen eta urte berean, absolutuan, hirukoitzean brontzea eta luzeran, zilarra.

Bai, eta 23 urtez azpiko txapelketan egin nuen hirukoitzeko azken marka, 13,39koa. Nire azken jauzian egin nuen marka eta horregatik diot badudala zer hobetu. Luzera ere asko gustatzen zait, noski (barre). Askotan ez dut nik neuk erabakitzen; edo gorputzak edo ateratzen denak erabakitzen du..

2016an joan zinen AEBetara. Lehentasuna Neurozientzia ikasketak ziren?

Bai, bai, noski. Batxilergoan nengoenean ea zer karrera egin nezakeen erabakitzen, ez neukan batere argi. Batzuek argi dute txikiagoak direnetik. Nik banekien zer egin nahi nuen, baina ez nion izenik jartzen. Entzun nuen «neurozientzia» eta esan nuen: «Hau da nik nahi dudana». Ikusi nuen ez zegoela ez hemen, ez Espainian. Hasi nintzen begiratzen Eskozian, Londresen… Eta ondoren, Espainiako txapeldun geratu nintzen lehen aldiz jubeniletan, eta AEBetako unibertsitatekoak hasi ziren nirekin harremanetan jartzen. Orduan ikusi nuen aukera moduan kirolagatik hara joan eta nik nahi nuena ikasteko. Jende askok uste du kirolagatik joan nintzela –egia da biak uztartzeko erraztasun asko ematen dizkizutela– baina Neurozientzia ikasi nahi nuelako joan nintzen hara.

Beharrezkoa izan zen jubeniletan Espainiako txapeldun izatea AEBetan beka bat lortzeko?

Ez, nik uste dut ezetz. Gero eta jende gehiago joaten da. Niretzako izan zen bat-batean ate berri bat ireki zela, ze ni hasi nintzen Neurozientzian pentsatzen baina ez nuen begiratu AEBetako aukera, unibertsitateak garestiak direlako. Txapelketa irabazi nuen, eta harremanetan jarri zirenean, aukera bazegoela ikusi nuen. Prestatu nituen bi azterketa, ingelesekoa eta beraien selektibitate moduko bat. Unibertsitateak begiratzen ere hasi ginen, ze argi neukan ez nuela joan nahi besterik gabe, joan nahi nuen aurkitzen banuen unibertsitate bat ikasteko ondo zegoena eta, aldi berean, konfiantza eskainiko zidaten entrenatzailea eta taldea zeuzkana. Eta Cincinnatira joan nintzen.

 

Hor sentitu zenuen benetako babesa kirolari eta ikasle moduan.

Bai. Dena egin behar duzu, baina. Jendeak uste du errazagoa dela, eta ez da horrela. Azterketaren batek asteburuko txapelketarekin kointziditzen bazuen, den-denek ez baina gehienek aldatu egiten zidaten. Gainera, gainerakoek baino lehenago egin behar duzu; horretaz jendea ez da jabetzen. Baina bai, biak egin ahal izateko aukera ematen dizute. Eta hori hemen ikusten dut zailagoa dela. Ondoren, klaseen ordutegiari dagokionez, han kirolariok aukeratzen dugu lehendabizi noiz jaso nahi ditugun klaseak; lehentasuna daukagu. Horrela, entrenamenduekin ondo uztartu dezakezun ordu bat aukeratu dezakezu. Hemen ere gero eta gehiago baloratzen dutela uste dut, baina han gehiago.

Profesionalagoa da? Profesionala izatera iristeko bide hori erraztu egiten dute? Nola da?

Ez dakit hala den ala ez. Nire ustez, han ondo egiten duten gauza bat da kirolari guztiek unibertsitateko ikasketak dituztela. Oso-oso zorrotzak dira. Ez baduzu gainditzen, ezin zara lehiatu. Lortu behar dituzu nota jakin batzuk eta ikasgai kopuru bat gainditu behar duzu soilik lehiatu ahal izateko.

Eta zergatik Neurozientzia?

Ez zait hurbilean egokitu, zorionez, baina hainbeste entzuten nuen alzheimerra dela edo jende asko sufritzen zegoela gaixotasun neurodegeneratiboekin...

Baina Medikuntza baztertu egin zenuen?

Pentsatu nuen, baina niri ikerketa alorra gustatzen zitzaidan. Medikuntzan, guztia ikasi eta gero espezializatzen zara eta niri, neurologia gustatzen zitzaidan, baina batez ere, neurozientzian asko dagoela ikertzeko. Gaixotasun asko daude ikertzen jarraitu behar direnak gero sendatu ahal izateko. Niri hori gustatzen zitzaidan.

Eta posible ikusten duzu neurozientziaren alor hori kirolean aplikatzea?

Uste dut lotuta daudela. Kirola osasunarentzat oso ona da, burmuinak behar du kirola. Ez dakit biak nahastu nahi ditudan edo aparte mantendu nahi ditudan.

AEBek zer eman dizute eta zer kendu, atletismoari dagokionez?

Kendu, ez dakit. Niretzako sekulako esperientzia izan da eta asko ikasi dut. 18 urte bete eta joan egin nintzen eta pertsonalki hazi egin naiz. Baita kirolari moduan ere: han jende pila bat dago, oso onak dira, lehiakortasuna ikasten da, asko lehiatzen… Esaterako, hemen Espainiako txapeldun izan, iristen zara hara eta zu baino hobea den jende asko dago.

Eta zein txapelketa gogoratzen duzu bereziki?

Han edukitzen genuen Konferentzia. Nazionala kenduta, txapelketa garrantzitsuena da. Niretzako oso berezia zen, ze indibidualki egiten da, baina indibidualki lortzen ditugun puntuekin, taldeka batzen doa. Hemen egiten den Espainiako Kluben Txapelketa eta indibiduala moduan, baina han dena batera da. Atletismoa kirol indibiduala da, baina taldekako lehiaketa da, eta han nola denok elkar ezagutzen dugunez –hemen bakoitzak toki batean entrenatzen du, eta han guztiek leku berean–, talde sentsazio hori handiagoa da. Beti hitz egiten da hango lehiakortasunaz, baina ez da hitz egiten horretaz. Niretzako oso polita zen. Talde guztia zuri animatzen egoten zen, topera, eta gero, alderantziz. Denok bukatzen genuen ahotsik gabe (barre).

Argi zeneukan Atletico San Sebastianera itzuliko zinela?

Bai, Lau urte horietan, han denboraldia bukatzen nuenean, hona etortzen nintzen eta entrenatzailearekin [Asier San Sebastian] beti izan dut harremana. Itzultzen nintzenean bai Gabonetan bai udaran, berarekin jarraitzen nuen entrenatzen eta Espainiako Txapelketan hemen parte hartzen nuen. Beti egon izan naiz Atleticon, nahiz eta hemen entrenatu ez.