Oihane Larretxea
DONOSTIA

Gazteek gure hizkuntzarekiko engaiamendua berretsi dute ‘Euskara Aurrera’ egitasmoarekin

Euskararekiko konpromisoa eta hizkuntza eskubideen aldeko defentsa berretsi du gazte talde batek ‘Euskara Aurrera’ deituriko egitasmoaren bidez, eta kultur, kirol eta euskalgintzako aurpegi ezagunen atxikimendua jaso dute. Maiatzaren 21erako manifestazioa deitu dute Donostian.

‘Euskara Aurrera’ egitasmoa Donostian aurkeztu dute, eta atxikimendu ugari bildu ditu.
‘Euskara Aurrera’ egitasmoa Donostian aurkeztu dute, eta atxikimendu ugari bildu ditu. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek indarrak batu dituzte euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, eta horren emaitza da astearte honetan Donostian aurkeztu duten egitasmoa: ‘Euskara Aurrera’. Asmo eta helburuei, gainera, kultur, kirol zein euskalgintzako aurpegi ezagunek agertu duten atxikimendua gehitu zaie, batuta helburuak betetzea errazagoa dela sinetsita.

Euskarak «arduratu» egiten dituela onartuta abiatu da agerraldia; horrek irudikatzen du indar metaketa zein norabidetan gauzatuko den. Gure hizkuntzak pairatzen dituen erabaki judizialek ez ezik, euskararen erabileraren zenbakiek erakusten duten «geldialdiak» kezkatzen ditu. Pantailetan euskarak duen presentzia maila, edota euskaraz ikasteko eskubideetan ematen diren urraketak ere aipatu dituzte.

Azken hamarkadetako konpromisoak ez beste ezerk lortu ei du, adierazi dutenez, galbiderako joerari buelta ematea, dela euskaldunek hitz egin eta idazten dutelako, dela euskara ez dakitenen bultzada izan duelako. «Munduan hizkuntza komunitate gutxiagotu gutxik lortu dute hau», oroitu dute, baina garai berriak ez dira errazak.

«Gaur, Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bidean, mehatxu berriak eta, beraz, erronka berriak ditugu esku artean. Batetik –esan dute–, euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki politiko eta juridikoek ez dute etenik. Bestetik, kultur globalizazioaren ozeano zabalean euskararen presentzia lausotzen ari da».

Manifestazioa Donostian

Jomuga horretan atera dira plazara egitasmoaren sustatzaile gazteak. «Belaunaldi berriok ere euskararen aldeko olatura igotzeko ordua da», adierazi dute Begoña Garaikoetxea eta Javier Arriagak irakurri duten manifestuan.

Euskararen aldeko «fase berri bati bidea emateko» konpromisoa berretsi dute astearte honetan, eta hori erakustera agertu direla hedabideen aurrean esan dute.

Gaur egungo egoerak eta testuinguruak aliantzak eskatzen ditu gizarte zibilaren eta erakundeen artean, ezinbestean, eta lankidetza horretatik «akordio berriak» ixtera deitu dute. «Herri bultzada berri bat behar dugu eta aurrera egin», hainbat zentzutan.

Besteak beste, euskara normalizatzeko, hizkuntza eskubideak errespetatzeko, hau badelako «justizia eta demokrazia auzi bat»; euskara herri kohesiorako zuntza izateko eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari «gure ekarpena egiteko», adierazi dute.

Horregatik guztiagatik, eta pixkanaka bide orria elkarrekin osatzen joateko, manifestazioa deitu dute datorren maiatzaren 21erako Donostian. Antiguako tuneletik abiatuko da 17.30ean. «Urrats erraldoia egitera gonbidatzen zaituztegu euskaldunak zein Euskal herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duzuen herritar guztiak», eskatu dute gazteek.

Behin egitasmoa aurkeztuta, honen baitan egingo diren ekimenak eta proposamenak iragarriko dituzte antolatu ahala, NAIZi azaldu diotenez. Eta aipatu dutenez, xehetasunak eta azken berriak jarraitu ahal izango dira Euskara Aurrera egitasmoak Telegram sare sozialean ireki duen kontuaren bidez.