NAIZ

Ehun pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneo itsasoan azken astean

Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute azken egunetan hainbat ezbehar gertatu direla Mediterraneo itsasoan. Erakundeak Europako Batasunak errefuxiatuei eta migratzaileei ezarritako «politika hilgarriei» egotzi die errua, eta neurriak hartzeko eskatu die halakorik gertatzen ez jarraitzeko.

Mediterraneoan eginiko aurreko erreskate baten irudia. (@MSF_Prensa)
Mediterraneoan eginiko aurreko erreskate baten irudia. (@MSF_Prensa)

Ehun pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneo zentralean azken astean, Mugarik Gabeko Medikuek (MSF) salatu dutenez; izan ere, Europako Batasunak (EB) eta estatu kideek errefuxiatuekiko eta migratzaileekiko dituzten «politika hilgarrien ondorio zuzena» diren «bi gertaera tragikori» egotzi dizkie heriotzak.

Gainera, aste berean gutxienez 130 pertsona atzeman eta Libiara itzuli dituzte. Bertan, Libiako atxiloketa zentroetan gertatzen diren abusu eta tortura «oso dokumentatuei» aurre egingo diete «probabilitate osoz», ohartarazi du MSFk.

Arriskuan dauden ontziei laguntzeko Italia eta Maltaren «arduragabekeria» gaitzetsi du erakundeak, baita EBren axolagabekeria ere, hildakoen kopurua gero eta handiagoa delako eta Mediterraneo itsasoan giza eskubideak etengabe urratzen ari direlako.

Erreskateak

MSFren bilaketa eta erreskate ontziko taldeak, Geo Barents ontziak, operazio kritikoa egin zuen nazioarteko uretan martxoaren 29ko arratsaldean, eta 113 pertsona erreskatatu zituen gainkargatutako txalupa neumatiko batean, noraezean.


MSFren arabera, ontzian zihoazen pertsona asko uretara erori ziren erreskate operazioan, eta beste batzuk konorterik gabe geratu ziren erregaia arnastuta. Erreskateak ia bi ordu iraun zuen, baina ez zen hildakorik izan. Txalupan zihoazen pertsona guztiak modu seguruan lekualdatu ahal izan zituzten itsasontzira, eta han zaintza eta arreta medikua jaso zuten.

«Txalupa pneumatikoan geudela, apurtu eta ura sartzen hasi zen», azaldu du Jeanek, Gineako 17 urteko gazteak. «Itsasora salto egin nuen izututa negoelako. Ahal izan nuen guztia egin nuen bizirik irauteko, baina itotzen hasia nintzela ohartu nintzen. Bat-batean, erreskate taldeko norbaitek uretatik atera ninduen, baina horren ostean ez dut ezer gehiago gogoratzen, konorterik gabe nengoelako», azaldu du.

«Gure mediku taldeak hipotermia sintomak zituzten pertsona asko artatu zituen, eta baita berehalako aireztapena eta oxigenoterapia behar izan zituzten kasu larri batzuk ere, erregai bidezko intoxikazioaren ondorioz», adierazi du Caroline Willemen MSFren itsasontziko koordinatzaileak.

«Bizirik atera diren pertsona gehienak psikologikoki kaltetuta daude itsasoan egindako zeharkaldi gogorragatik, txalupa zein egoeratan zegoen ikustean izan zuten beldurragatik eta erreskatean bizi izan zen egoera kritikoagatik», gaineratu du, erreskatatutako pertsonen herena bakarrik dauden adingabeak direla zehaztu aurretik, horietako batzuk 15 urtetik beherakoak. Geo Barents ontzia portu baten zain dago, bizirik dauden guztiak leku seguru batean lehorreratzeko.

Martxoaren 31n, erreskatea egin eta bi egunera, lau haur eta zazpi emakume hilda aurkitu zituzten beste txalupa pneumatiko batean, Libiako kostaldearen aurrean hainbat ordu jitoan eman ondoren, orain arte dakigunaren arabera.

Gainerako 126 bidaiariak Libiako kostazainek geldiarazi zituzten, sorospen deia egin eta sei ordura. Bizirik atera ziren pertsona guztiak Libiara itzuli zituzten, eta handik ihes egiten saiatu ziren. MSFk informazio gehiago ez duen arren, litekeena da orain atxilotuta egotea.

Bi egun geroago, apirilaren 2an, 90 pertsona baino gehiago hil ziren itsasoan gutxienez lau egun eman ondoren Europara iritsi nahian. Heriotzaren arrazoi zehatzak ez dira ezagutzen. Lau pertsona bizirik atera ziren eta Alegria 1 petrolio-ontzi komertzialak erreskatatu zituen.

Geo Barents ontziko MSFko taldeak irrati elkarrizketa bat entzun zuen. Elkarrizketa horretan, bilaketa eta erreskate lanetako hegazkin batek erreskatea egiteko agindua eman zion petrolio-ontziari.

Taldea berehala jarri zen harremanetan Alegria 1 ontziarekin, bizirik atera zirenei laguntza medikua eskaintzeko, legezko eta itsasoko betebeharrak betetzeko eta bizirik atera zirenak gertuen zegoen toki segurura eramateko eskatzeko. Alegria 1 ontziak ez zien jaramonik egin MSFren eskaerei, eta Libiarantz jarraitu zuen.

«Bizirik atera ziren lau pertsonei laguntza emateko egin genituen eskaintzak eta jendea Libiara ez itzultzeko egin genuen eskaera ez zituzten aintzat hartu», adierazi du Willemenek.

«Pertsona horiek Libiako infernutik ihes egin zuten, eta gero dozenaka pertsona ikusi zituzten itsasoan noraezean nabigatzen, inolako laguntzarik jaso gabe. Kalbario imajinaezin horren ondoren, Libiara itzultzera zigortu dituzte, ihes egin nahi zuten indarkeria, estortsio eta abusuzko gurpil zoroan berriro sartuz», jarraitu du.

Tragediaren amaieraren bila

Horregatik, Willemenek gertaera «tragiko» horien xehetasunak azaltzeko eskatu die Frontexi eta zonaldean dauden Europako beste hegazkin eta ontziei.

«Mediterraneo itsasoan bilaketa eta erreskate operazioetatik EB eta haren estatu kideak erretiratzea eta Libanoko kostazainei laguntzea dira Mediterraneo zentralean gertatzen diren giza eskubideen urraketa eta heriotza guztien sustrai nagusiak», salatu du Willemenek. Era berean, bere buruari galdetu dio: «Noiz amaituko du Europak tragedia hori eta pertsona horien bizitzak babesteko erantzukizuna bere gain hartuko, haien mugak babesteaz soilik arduratu beharrean?».