Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Hamaikagarren euskal derbia Lasesarren; Alvarez eta Haitoren arteko zortzigarren dema

Zuazo eta Bera Berak euskal derbia jokatuko dute igande honetan (12.00etan). Jada hogei aldiz neurtu dituzte indarrak bizkaitar eta gipuzkoarrek ligan eta egungo entrenatzaileei dagokionez, zortzigarren dema izango da. Ondo ezagutzen dira eta hori Lasesarren islatuko da. 

Bera Berak eta Zuazok denboraldi-aurrean Orion jokaturiko lagunartekoko irudia.
Bera Berak eta Zuazok denboraldi-aurrean Orion jokaturiko lagunartekoko irudia. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

2018an hartu zuen Zuazo zuzentzeko ardura Joseba Rodriguez "Haito" eta 2018-2019. denboraldian itzuli zen Bera Berara Imanol Alvarez, bigarren etapa abiatzeko prest. Ezagunak dira Alvarez eta Haito, Arraten kointziditu baitzuten. Ermuarraren entrenatzaile hastapenetan basauriarra eduki zuen jokalari moduan. 

Elkar ezagutza horrek bata zein besteari lagundu ahal dio, hori hala da, baina orain arte Bera Bera askoz ere nagusiago izan da. Alvarez eta Haito aulki bakoitzean daudenetik, soilik berdinketa bat erdietsi du talde bizkaitarrak; iaz izan zen, jada lehen fasea bukatzear zegoela eta inolako eraginik izan ez zuen berdinketa izan zen. 

Nolanahi ere, indartzeko balio izan zion Zuazori, arerio gogorrenen aurka lehiatzeko gai dela erakusteko eta sinesteko. Horixe bilatuko du igande honetan Lasesarren, bertan jokatuko den hamaikagarren euskal derbian. Oraingoz hamar hartu ditu Barakaldoko pabiloiak eta guztietan garaile izan da talde donostiarra. 

Hain zuzen ere, horixe bera nabarmendu Joseba Rodriguez "Haitok": «Lehen itzuliko partidan erakutsi genuen beraien mailan egon gaitezkeela; hala ere, egia da Lasesarreko derbietan gehiago kostatu izan zaigula». 

Gascan jokatu zen partidan, 2021eko azaroan, etxeko taldea hiru golegatik nagusitu zen eta egiari zor, bizkaitarrek merituak egin zituzten zerbait gehiago poltsikoratzeko. Agian garaipena ez baina bai punturen bat. 

«Ezagun zaharra da Bera Bera, bere ezaugarri onenak ondo ezagutzen ditugu eta ez nuke jokalari bakarra nabarmenduko. Agian orain bertan Maitane Etxeberria da gehien nabarmentzen ari dena, Esther Arrojeriak ere beti buruko min latzak eman izan dizkigu...», azaldu du basauriarrak. 

Bera Berak kasik eskuetan dauka liga garaikurra, oraindik ere matematikoki helburua lortzea falta zaio. Xixongo La Calzadak, donostiarrek baino sei puntu gutxiagorekin, Morvedre bisitatuko du eta Malagak, zazpi puntu gutxiagorekin, Porriñori egingo dio bisita. Aldea nabaria da baina oraindik ere 12 puntu jokoan egonda, gipuzkoarrak ezin dira fio eta ideia horrekin kantxaratuko dira Lasesarrera. 

Aurreko asteburuan gogotik sufritu zuen Granollersen aurka. Garaipen garrantzitsua eskuratu zuen partida nola joan zen ikusita. Lau golengatik galtzen ere joan zen Imanol Alvarezen taldea eta hori iraultzea lortu zuen, edozein ezusteko saihestuz. Moralez betetzen dio partida hark ere, une zailenetan erantzuten jakin izan zuelako taldeak. 6-0ko partzialarekin markagailua berdindu ez ezik, garaipenerako lehendabiziko urratsa eman zuen, Eli Cesareo buru zela. 

Zuazo ere une onean dagoela esan daiteke. Denboraldi erdian zehar salbazioaren helburua izan dute buruan, han eta hemen jaitsiera postuak hartzen ziren erreferentziatzat baina duela pare bat astetik hori ahaztu eta gorago begira dabiltza. Zortzigarren postua daukate begien artean, Aula Valladolidek okupatzen duena, Zuazok baino puntu bat gehiago baina partida bat gutxiagorekin. 

«Asko dago jokoan, derbia irabaztearen ohoreaz gain, jakina», laburbildu du Joseba Rodriguezek.