NAIZ

Valentzia Basket gogorra Miribillan, lan zailak Bilbao Basketen bolada txarra apurtzeko

Nahiz eta zenbait bajarekin datorren Joan Peñarroyak zuzentzen duen taldea, aurkari oso gogorra izango da bizkaitarrentzat Miribillan 20.45etatik aurrera. «Valentziaren maila fisikoa berdintzea» izango da etxekoen aurreneko lana, Alex Mumbruren iritziz, nahiz eta Angel Delgado kili-kolo dagoen.

Azken ordura arte zalantza izango da Angel Delgado pibota.
Azken ordura arte zalantza izango da Angel Delgado pibota. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Aspaldion bolada txarrean murgildu da Surne Bilbao Basket. Hamabigarren garaipen «salbagarria» lortzeko bakarra falta zaio, baina ezin pilatuta dabil azken aldian eta larunbat gau honetan, 20.45etan hasita, ez dauka lan onik, Valentzia Basket datorkiolako Bilbao Arenara.

Hori gutxi ez dela, Angel Delgado azken ordura arte zalantza izango dela aipatu du Alex Mumbruk partida bezperako prentsa agerraldian.

«Angelek ez du aste osoan entrenatu fuenlabradan kolpe handi bat jaso zuelako. Oso garrantzitsua litzateke guretzat bera jokatzeko moduan balego eta azken momentura arte ahaleginduko gara», adierazi du Badalonako entrenatzaileak.

Osterantzean «emaitzez harago» begiratzea nahiago du Mumbruk. «Egia da, emaitzei begiratuz gero, azken aldian katiatuta gaudela, baina adibidez Fuenlabradaren aurka partida ona egin genuen. Minitu baten faltan aurretik gindoazen markagailuan eta irabazteko egiazxko aukerak genituen. Tamalez, erasoan eta defentsan hainbat hutsegite egin genituen eta hala gertatuz gero, partida bestaldera erortzea posible da. Taldeak ez zuen saririk ekarri, baina lehiakorra izan zen eta sentsazio onak laga zizkigun», azpimarratu du.

«Emaitza bolada txarrean gaudela egia da, baina ez da ahaztu behar bolada honetan partida gehienak etxetik kanpo ari garela jokatzen. Hemendik aurrera, bestalde, etxeko partidak aurkari oso zailen kontra izango ditugu, baian behintzat etxean jokatuko dugu», azaldu du, bere aldetik, «beltzezko gizonen» entrenatzaileak.

Alabaina, aurrean Valentzia Basket izango du eta horek aurkari zail bati aurre egin behar izatea esan nahi du beti. Egia da, hala ere, lesioen erruz zenbait baja dituela –Dimitrijevic, Van Rossom eta duela bi aste besoa hautsi zuen Klemen Prepelic. Horrez gain, Labeyrie hegal-pibot frantsesa ere ez omen da Miribillan izango eta Prepelicen ordez Valentziak fitxatu duen Olivier Hanlan eskoltak ere nekez jokatu ahal izango du larunbateko dema, jokatzeko ezinbestekoa den «transferra» ez omen delako iritsi oraindik.

Hainbat jokalari faltako zaizkion arren Joan Peñarroyak zuzentzen duen taldeari, Alex Mumbruk valentziarren maila fisikoa goraipatu du. «Aukerarik izango badugu, beren maila fisikoa berdindu beharko dugu gutxienez. Eurocupean duela hiruzpalau egun 30 puntuko aldeaz irabaztetik dator. Horrekin dena esanda dago», gaineratu du Bilbao Basketeko teknikariak.

Gogoan izan behar da aurreneko itzulian Bilbao Basketek oso lan duina egin zuela Valentzian. Partidako azken emaitza 100-84 bilbotarren interesen aurkakoa izan bazen ere, gogoan izan behar da atsedenaldian bizkaitarrak 41-57 ari zirela irabazten.

Bide batez, aspadion Angel Delgadok jasotzen dituen kolpeei buruz ere kexa azaldu du Mumbruk. «Ez gara onak jaurtiketa libreak botatzen, Angel Delgado batez ere. Hargatik, taldeek nahita berari falta egiten diote, baina epaileek ikusi behar luteke jarrera hori saskibaloiaren aurkakoa dela, falta bat adierazteko hiruzpalau kolpe, zein baino zein gogorragoak, jasotzen ari baita azken aldian. Bakoitzak bere lana egin behar du eta guk kontrolatu dezakegun horri bakarrik begiratu diezaiokegu, baina bistakoa da Angel Delgako jasotzen ari den kolpeek saskibaloiari ez diola mesederik egiten», amaitu du entrenatzaile katalanak.