NAIZ

Ligako play offetan sartzeko erronkari eutsi nahi dio Baskoniak Burgosen kantxan

Burgosen etxean jokatuko du igande honetan talde gasteiztarrak (20.00). Momentu honetan play offetara sailkatzeko azken postuan daude Spahijaren jokalariak eta, irabaziz gero, gorago begira jar litezke.

Baskonia Euroligatik kanpo dagoela ikusita, Ligan zentratu behar ditu indar guztiak.
Baskonia Euroligatik kanpo dagoela ikusita, Ligan zentratu behar ditu indar guztiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bitci Baskoniak eta San Pablo Burgosek eskalada nahi dute sailkapenean. Gasteiztarrak Euroligatik kanpo daude dagoeneko eta Liga besterik ez dute begien aurrean. Horretarako, lehenik eta behin play offetara sailkatzea izango dute helburu. Momentu honetan zortzigarren dira, Ligako titulurako lehian sailkatzeko azken postua. Baina UCAM Murtzia eta Kanaria Handiak ere helburu horregatik borrokatuko dute liga erregularra amaitzeko zortzi jardunaldi geratzen diren honetan.

Beraz, Neven Spahijak gidatzen duen taldeak garaipena erdietsi behar du igande honetan Burgosen etxean (20.00) play offetako helburu horrekin aurrera jarraitzeko eta, zergatik ez, gorago begira jartzeko.

Baskoniak Matt Costelloren duda izango du Burgosen aritzeko, azken partidan zaintiratu bat sufritu ostean. Beste taldean, Burgosek beheko postuetatik atera nahi du lehen bailehen. Azken-hirugarrenak dira eta biharko partidarako Aleksek Nikolicen baja izango dute.

Burgosek asko hobetu du bere jokoa Paco Olmos iritsi zenetik. Gainera, Baskoniari asko kostatzen zaio bertan irabaztea, nahiz eta biharkoan 200 jarraitzaile izango dituen bere alde animatzen. Hiru partidetatik, bakarrean irabazi dute gasteiztarrek Burgoseko kantxan. 2017-2018 denboraldian izan zen (76-100).

Hori bai, denboraldi honetan, Buesa Arenan jokatutako neurketan, Baskoniak 80-69 irabazi zuen. Baina biharkoa beste gauza ezberdin bat izango da eta kontu handia izan beharko dute Landry Nnoko Baskoniako jokalari ohiarekin, Alex Renfroerekin, Dani Diezekin edota Jarrel Eddierekin.