Paula Trecet
Ibarra

Kilometroak 2022, hutsetik hasteko beharra (eta gogoa)

Pandemiak gogor jo du Gipuzkoako ikastolen jai nagusia baina ez da hau izan ekimena eraldatzeko arrazoi bakarra. Birusa gurera iritsi baino lehen, festa erraldoia eta bakarra ardatz zuen ohiko eredua atzean uzteko asmoa zegoen. Aurtengoa dugu, hain zuzen, aro berriko lehen Kilometroak.

‘Infinitu irribarra’ ekimenaren aurkezpena, Donostiako Tabakaleran.
‘Infinitu irribarra’ ekimenaren aurkezpena, Donostiako Tabakaleran. (NAIZ)

Zer eta nola? Ez da erraza izan aurtengo Gipuzkoako jaialdi nagusiari erantzunak aurkitzea baina, antza, egon badira. «Emantzat ematen genituen gauza asko bertan behera bota dizkigu pandemiak», aitortu du Josu Ozaitak. 41 urteko ibartar hau Ibarrako Uzturpe ikastolako ikasle ohia da, bai eta aurtengo Kilometroak jaiaren koordinatzailea ere. Antropologoa ere badela agerian geratu zaigu: «Hein handi batean, Kilometroak antolatzean festa, ospakizun bat sortzen da, eta zerotik», dio ibartarrak, «erronka» eta «apustua» hitzak mahai ganean jarriz aldi berean. Horrek beldurra ematen duela dio.

2021ko udan, birusaren hedapena kontrolpean zegoelakoan, egutegi estu bat osatu omen zuen bere taldeak. Baina «seigarren olatua» deiturikoak jo eta hutsetik hasi behar izan ziren denak, beste behin. Larria ez dela pentsa liteke, oraindik denbora egon badagoela urriaren 2a, «eguna», iritsi arte. Aurtengo planteamendua, alabaina, zeharo desberdina da.

«Urriaren 2a egutegian dago, bai eta ordura arteko beste egun asko. Hauxe da, hain justu, aurtengo aldaketa nagusietako bat», azpimarratu du Ozaitak. Kilometroak «kilolitroak» bilakatu zela dio, «horrek denoi sortzen zizkigun kontraesan guztiekin». Honela, «eguna» heldu bitarteko mugarrien artean hamaika ekitaldi antolatu dira: herri kirolak eta bertso saioak; eskultura erakusketa bat (Euskal Herriko 41 eskultorek hartuko dute parte); nazioarteko gastronomia aire zabaleko azoka, munduan zehar digitalki zabaldutako ekimena (beranduago hitz egingo dugu horretaz)… Horretan ari da, eta buru-belarri, 200 boluntariok sortutako talde bat. Haiei esker baino ezin dira ekintzak burutu. Ibarrako antropologoa harro dago auzolanaz. Ez da makala 500 ikasle dituen eskola txiki batentzat.

«Txikia izatea batetik, eta herriko eskola bakarra dela bestetik: hauexek Uzturpeko ezaugarri nagusiak jaialdia antolatzeko garaian». Mikel Egibarren hitzak dira. 58 urteko gorputz hezkuntza irakasle eta soziologo hau Kilometroak-eko koordinatzaile iraunkorra da: urtetik urtera, eta ikastolaz ikastola, jaiaren antolakuntzaz arduratzen da. 2015an kargua hartu zuenetik, Egibarrek argi zuen ikastolen xedea eta Ozaitak aipatu «kilolitroak» ez zetozela bat. «Kilometroak indargabetuta somatu genuen eta honek gogoeta sendo bat eskatzen zigun. Jaiak nortasun aldarri bat egiteko balio behar zuelakoan geunden. Aldi berean, kulturaren papera ere aldatu behar zen: kontsumitu baino, esperimentatu behar da», dio Egibarrek. Ospakizunak ikasturtean zehar egiten ari direla berretsi du, «gastronomia eta euskal kultura erroak direlarik». 

Edozein aukera da ona bi urteotako joera hautsi eta elkartzeko. ‘Milimetroak’ ekimenak, esaterako, Tolosaldeko beste ikastetxeetako ikasleekin harremana sustatu nahi du hainbat topaketaren bidez eta, bide batez, Ibarra eta ibartarrak ezagutarazi. Egitasmo bera gauzatzen ari dira Oarsoaldean, Orereta ikastola baita hurrengo urteko Kilometroen antolatzailea. Ibartarrei gonbita luzatu diete eta Uzturpeko hogei lagun dira haiekin elkarlanean: Picassoren ‘Guernica’ obraren bertsio eguneratua zirriborratu ostean, apirilaren 26an bat egingo dute Oarsoaldeko lagunekin maisulanaren neurri bereko beste bat margotzeko.

Kilometroak txikia, une bat.

Mundu bat Ibarran

Zarautzen 2019an ospaturikoa izan zen eredu zaharreko azkena; gero pandemiak jo eta bete-betean harrapatu zituen 2020 eta 2021koak (Amasa-Villabona-Zizurkil eta Goierri). Hauek biak burutu ziren, baina askoz modu xumeagoan. Gauzak honela, Ibarrakoa izango da Egibarren taldeak marrazturiko lehengo jaialdi berria.

Berrikuntzen artean badago Euskal Herritik mundura zabaltzen ari den bat. ‘Infinitu irribarra’ izenekoa egitasmo digitala da: irribarretsu ageri diren pertsonen argazkiak bildu eta mapa digital batean kokatzen ari dira, planeta osoko irribarreen atlas moduko bat osatuz. Kilometroak jaiari atxikimendua emateko aukera erraza dela diote arduradunek, «egun bakar hartan biltzen zen jendetza horren bolumena eta indar erakustaldia birtualki erakusten duena». Helburu ekonomiko bat ere badu: argazki horien inguruan, publizitatea txertatuz eta bidalketa egiten den unean, borondatezko diru ekarpen bat eskatzen da.

 

Interneten nabigatu gabe ere, herrian bertan aukera badago ia mundu osoko jendea ezagutzeko. Nigeriatik etorritakoak bizi dira Ibarran egun, baita Pakistan, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Honduras edota Ukrainatik iritsitakoak, besteak beste. Ibartarrak dira denak gaur eta askok ikastolan dituzte euren seme-alabak. Haien ekarpena probesteko asmoz, Kultur aniztasuna Batzordea eratu da. «Egungo edozein eskola bezala, gurea ere geroz eta anitzagoa da», dio batzordekide Ixiar Urkolak, ikaslegoaren %17a beste herrialde batetik datorrela gogoratuz.

Taldea te eta pasta dastaketa batean elkartu zen lehendabiziko aldiz eta, ordutik, makina bat ideia paratu dira mahai gainean: agendan da Munduko sukaldeak azoka, atzerritik etorri eta egun ikastolako kide direnek nortasun aldarri eta gozo bat egin dezaten Ibarrako plazatik. Bestalde, Uzturpeko DBHko ikasle talde bat buru-belarri ari da podcast sorta bat osatzen; bertan bildu nahi dira euskararen mundura iritsi berri direnen bizipenak eta sentimenduak. Urkolaren hitzetan, Uzturpe ez da inoiz hain aberatsa izan.

Eta patio bat amets

Ibarrako eskola bakarrak iaz ospatu zuen bere 50. urteurrena. 70. hamarkadan sortutako gehienek bezalaxe, Uzturpek ere makina bat oztopori egin behar izan zien aurre orduan: administrazioaren trabak, baliabide ororen eza… Elizak utzitako lokal batean bildu ziren lehendabiziko 19 ikasleak eta etxe bateko beheko solairuan gero, 1980an San Bartolome eskola publikoaren eraikin zaharrean instalatu ziren arte. Honela, lau hamarkada igaro dituzte Egi baserri alboan, Ibarra gaineko bista onenak dituen muin horretan. Uzturpeko zuzendari Usue Sukiak, baina, «borroka amaigabe» batez hitz egiten du.

«Lau urte beteko dira aurki ikastola eraldatzeko proiektuari ekin genionetik. Obra egiten ari zela, zimentuak ukitu ziren, istripuz. Egoera hain izan zen larria soldatak ordaintzeko arazoak ere izan genituela», gogoratu du zuzendariak. Nolanahi ere, ez omen zen hori okerrena izan: ikastolako ikaslegoaren erdiak barrakoi batzuetan jaso zituen eskolak, ia urtebetez. Bitartean, epaiek erabaki behar zuten horren kostua nork ordainduko.

«Epaiketa irabazi arren, eraldaketa ez zen guztiz burutu eta laborategia nahiz patioa egin gabe gelditu ziren», damu du Sukiak, zuloz jositako esparru batetik paseatzeko gonbita luzatu ostean. Ez da jolas egin, esperimentatu edota kirola egiteko toki aproposa, eta arriskutsua ere bada. Kilometroak jaiak emango duen dirua hura egokitzeko erabili nahi da. Zulo horiek estali orduko, hamaika ekimen eta emanaldi kateatuko dira. Hauek guztiek hazi bat landatuko dutelakoan dira ibartarrak.