NAIZ

Estatu mailako araudiaren zain dago Lakua ikastetxeetan maskara erabili edo ez erabakitzeko

EAEko Gobernua espainiarraren araudiaren zain dago ikastetxeetan maskara erabiltzearen inguruan erabakitzeko. Ministro Kontseiluak maskara barrualde gehienetan kentzen duen araua onartuko du datozen egunetan.

Baionako ikasleak maskararik gabe, urrian.
Baionako ikasleak maskararik gabe, urrian. (Guillaume FAUVEAU)

Maskarak ikastetxeetan kendu edo ez erabakitzeko, espainiar Gobernuaren araudiaren zain dago Lakua. Izan ere, apirilaren 20an sartuko da indarrean espainiar Estatuan maskara barrualdeetan kentzen duen araua. Hala ere, Carolina Darias Osasun ministroak argi utzi zuen ez dela eskola-eremuan maskararik eraman beharko.

Lakuako Hezkuntza sailak Efe agentziari azaldu dionaren arabera, Osasun sailarekin batera egoera aztertzen ari da. Horrela, behin Estatuko arauaren nondik norakoak jakinda, Aste Santuko oporren bueltan ikastetxeei erabakiaren berri emango diela adierazi du.

EAEn ikasle gehienak apirilaren 25ean itzuliko dira ikasgeletara. Araban, hala ere, hilaren 28an San Prudentzio ospatzen denez, ikastetxe askok maiatzaren 1era arte luzatuko dute oporraldia, hurrengo egunean berriz ere klaseekin hasteko.

Arau horren berri izan arte, Osakidetzak familiei zuzendutako zirkular bat bidali du ikastetxeetara. Honetan, Efek jaso ahal izan duenez, pandemia «trantsizio» fase batean sartu dela ohartarazten da, «eskuratutako inmunitate maila handia» dela eta. Orain, zainketak pertsona zaurgarrientzat bideratuta daudela dio, haurdunak, 60 urtetik gorakoak eta inmunodeprimituak.

Zehaztu duenez, ikastetxeak «ez dira eremu kalteberatzat hartzen», eta, beraz, azpimarratu du ez direla baheketak bezalako «salbuespenezko neurririk» hartuko eremu hauetan. Gainera, zaurgarritzat jotzen ez diren gainerako herritarrek bezala, ikasle batek covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituenean, edo proba diagnostiko batean positibo ematen duenean, «isolamendu zorrotzik ez» duela egin beharko zehaztu dute. Hala ere, «beste arnas prozesu eta gaixotasun batzuekin bezala» ezin izango dela eskolara joan, «sintoma akutuak» dituen bitartean.

Osakidetzak azaldu duenez, sintomarik izanez gero, prebentzio-neurriak zorroztu behar dira agertu eta hurrengo hamar egunetan, maskara etengabe eta «zorrotz» erabiliz, eskuen garbiketarekin, zaurgarriekin kontakturik ez izatearekin eta ekitaldi jendetsuetan parte ez hartzearekin.

Generalitat-en neurriak

Katalunian, bertako erakundeek nola jardungo duten jakinarazi dute dagoeneko. Ildo horretan, Generalitateak bihar argitaratuko duen ebazpenean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan maskarak kentzea bermatuko da, araudi berria indarrean sartu baino egun bat lehenago, apirilaren 19an.