NAIZ

«Subiranotasuna, bakea eta eredu aldaketa» defendatu ditu LABek Aberri Egunaren harira

LABek, igandeko Aberri Egunaren harira, «subiranotasuna» eskatu du Euskal Herriak bere etorkizuna esparru guztietan «askatasunez» erabaki dezan, hezkuntzatik eredu ekonomikora edo «errefuxiatuak jasotzeko eskubideraino, afrikarrak, amerikarrak edo ukrainarrak» izan.

Iazko Aberri Eguneko irudia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Iazko Aberri Eguneko irudia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

LAB sindikatuak «subiranotasuna, bakea eta indarrean dagoen eredu ekonomikoa aldatzea» eskatu du igandean egingo den Aberri Egunaren harira. Bertan, Euskal Herria Batera, EH Bildu eta EH Baik deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia egin du.

Aberri Egunaren harira asteazken honetan zabaldutako adierazpen batean, sindikatu abertzaleak «subiranotasuna» eskatu du Euskal Herriak bere etorkizuna esparru guztietan «askatasunez» erabaki dezan, hezkuntzatik eredu ekonomikora edo «errefuxiatuak jasotzeko eskubidea, afrikarrak, amerikarrak edo ukrainarrak» izan.

Era berean, bakearen alde egiten du, «elkarrizketaren, diplomaziaren eta akordioaren bidez, gerra inperialistaren aurrean, modu subiranoan eta esku-sartzerik gabe bakean erabaki ahal izateko. Saharan, Palestinan, Ukrainan, Yemenen, Malin... munduko herri guztietan».

Euskal Herrian, bakearen aldeko bide hori, «alde bakarretik eta herriaren protagonismoarekin» egin duela aurrera azpimarratu du. «Ez da erraza izan, ez da erraza izaten ari». Gogora ekarri duenez, «gatazkaren zati batek konponbiderik gabe jarraitzen du, estatuek preso eta erbesteratuen etxeratzea oztopatzen edo blokeatzen jarraitzen baitute».

Aberri Egun honetan, halaber, «sistemaren ustiapena eta krisi iraunkorra gainditzeko eraldaketaren bidea» aldarrikatu ditu sindikatuak, «bizitza erdigunean» jarriko duen eta «trantsizio ekosozialista eta feminista» bilatuko duen eredu berri baten bidez. Bere esanetan, «euskal eragileoi bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Errepublika sortzeko pausoak ematen jarraitzea dagokigu».

«Pedagogia independentista»

«Independentismoak praktikoa izan behar du», defendatu du LABek, eta adierazi du lan eta bizi baldintzen aldeko borroka «aktibo suberanista» bihurtuko duela, «pedagogia independentista eginez».

Bere adierazpenean, sindikatuak iraganeko egoerak errepasatu ditu, egungo eredu «ekonomiko kapitalistak eta heteropatriarkalak» krisia besterik ez digula eskaini ondorioztatzeko.

2008ko finantza-krisia aipatu du, «eskubideak murrizteko» erabilia, eta 2020an covid-19aren pandemiak eragindako krisia, «prekarizazioaren hedapena, energiaren prezioen igoera eta horniduren eskasia» bezalako ondorioekin «Hor geunden, 2022an kapitalismoak gerra inperialistarekin krisia berriro eragin duenean».

Sindikatuak ohartarazi duenez, «Euskal Herria ez dago arrisku horietatik salbuetsita, gerraren arriskuak globalak baitira, globalak banaketa kateen kolapsoaren arriskuak, ultraeskuinaren ideiak zabaltzea dakartenak, energiaren eta lehengaien prezioak igotzearen arriskuak eta krisi soziala».

Aipatu duenez, «Estatuan gero eta argiago dago ezinezkoa dela herrien erabakitzeko ahalmena eta herritarren eta langileen eskubideen aldeko legeak eta politikak betearaztea». Horren «azken adibide» gisa definitu du espainiar Gobernuak saharar herriaren autodeterminazio eskubidea ukatu izana «interes geopolitikoengatik saldu dituenean».