Mikel Zubimendi

Gazteen pausoan herri bat martxan

Atzo abiatu zen Zugarramurditik Ernaik antolaturiko gazte martxa. Elizondoraino iritsiko da, Amaiur eta Erratzutik barna, mila gazte baino gehiagok osatzen duten «sugea». Konplizitate berriak, hausnarketa eta parranda, denetatik egongo da Iruñeko Aberri Egunera heldu aurretik.

 

Zugarramurditik abiatu da Ernaik antolatutako gazte martxa.
Zugarramurditik abiatu da Ernaik antolatutako gazte martxa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Ehunka gazte parte hartzen ari dira Ernaik antolatutako gazte martxan.
Ehunka gazte parte hartzen ari dira Ernaik antolatutako gazte martxan. (ERNAI)
Zugarramurdin bildu dira gazteek martxa hasi baino lehen.
Zugarramurdin bildu dira gazteek martxa hasi baino lehen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Euskal Herriko hainbat tokitako gazteek parte hartzen ari dira Gazte Martxan
Euskal Herriko hainbat tokitako gazteek parte hartzen ari dira Gazte Martxan (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Zugarramurdiko frontoian izan da Gazte Martxaren hasierako ekitaldia.
Zugarramurdiko frontoian izan da Gazte Martxaren hasierako ekitaldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Zugarramurditik Erratzura joango da gaur Gazte Martxa.
Zugarramurditik Erratzura joango da gaur Gazte Martxa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Ernaik ‘BostEHun eta zutik!’ da aurtengo gazte martxaren leloa.
‘BostEHun eta zutik!’ da aurtengo gazte martxaren leloa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Gazteek jasandako zapalkuntzaren ondorioz, martxa honen beharra azpimarratu dute gazte abertzaleek.
Gazteek jasandako zapalkuntzaren ondorioz, martxa honen beharra azpimarratu dute gazte abertzaleek. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Baztanetik ibili dira gazte independentistak gaur.
Baztanetik ibili dira gazte independentistak gaur. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Umorea ez zaie falta gazteei.
Umorea ez zaie falta gazteei. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Amaiurreko monolitoan egin dute gaurko ekitaldi nagusia
Amaiurreko monolitoan egin dute gaurko ekitaldi nagusia (ERNAI)
Musika doinu, hitzaldi eta tailerrez beteko dute Baztan gazteek.
Musika doinu, hitzaldi eta tailerrez beteko dute Baztan gazteek. (Jon URBE | FOKU)
Amaiurrera heldu da gazte martxa arratsaldean.
Amaiurrera heldu da gazte martxa arratsaldean. (Jon URBE | FOKU)
Zugarramurditik abiatu zen gazteek osaturiko «sugea». (Jagoba Manterola | Foku)
Zugarramurditik abiatu zen gazteek osaturiko «sugea». (Jagoba Manterola | Foku)

Zirimiriarekin hasi zen Gazte Martxa, behe lainoarekin, baina atertzera jo zuen eta lehorrean bazkaldu eta ibiltzeko moduko eguraldia izan zuten ostean. Zugarramurditik Elizondora eramango ditu hiru egunetan zehar mila gazte baino gehiago, eta beste milaka batuko dira antolatu diren ekitaldi, eztabaida, ikastaro eta jaialdietara. Kanpin dendak, bizkar-zorroak eta anorakak, denak pronto bertaratu ziren Euskal Herri osoko gazteak. Aldapan gora eta behera, Nafarroako bazterrak ibiltzera. Itsasaldekoak eta barnealdekoak, hirietakoak eta herrietakoak, lapurteraz edo bizkaieraz mintzo direnak, esker mille edo mila esker, nafarrak denak, euskal militante abertzaleak.

Covidaren erruz, 2019an egitekoa zen Gazte Martxa, Uxuetik Iruñeraino joatekoa zena Erriberri eta Tafallan geldialdiak eginez, bertan behera geratu zen. Baina aurtengoak Nafarroan segitu du. Nafarroan eten eta Nafarroatik berrabiatuko baita azken hamarkadotan euskal gazteriaren hitzordu erreferentziala bilakatu dena. Akelarreen, sorginen, pottoken, kontrabandisten eta mugalarien, burujabetza defendatu zuten nafar gudarien lurraldean ibili ziren atzokoan. Sinbologia eta memoria kondentsatu izugarria duten lurretan, izan ginena, garena eta izan nahi duguna erakusten duten lekuetan.

Horrelako ekitaldi bat antolatzeak beti dauzkan logistika arazoak eta bestelako ezustekoak tarteko, atzerapen pixka batekin abiatu ziren Zugarramurditik Urdazubiranzko bidean. Otxondo mendatea igo eta paraje magiko horretan bazkaldu zuten. Bazkalostean, digestiorako denbora barik, Otxondotik behera Amaiurko bidean jarri ziren. Arratsaldeko bostak inguru iritsi ziren, eta, bertan, Nafarroaren independentziaren alde Amaiurren hildakoen omenezko monolitoaren azpiko belazean ekitaldi xumea egin zuten. “Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai. Betiko argia. 1522” idatzia dago monolitoan, eta erreferentzia presente izan zuten ekitaldian. Gero, eguneko azken kolpean, ibili-ibilian Erratzuraino joatekoak ziren.

«Amayur gaztelu baltza»

Ekitaldian, Asier Alcedoren bertsoak entzun ziren, Amaiur herriaren izenean martxistak agurtu zituen Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko arkeologoaren hitzak eta Ernai gazte antolakundearen eledun Ane Alavaren hitzartzea. Bertsolariak txupinazo ederrak utzi zituen, hausnarketarako txokoan dejadatxoa eginez: «Ur zikinetan bi bide daude, antolatu ala ito»; «ez gara gazte betiko, ez gara bitan biziko»; «menpekorik ez den mundu bat, ez da zerutik eroriko». Txalo zaparrada batekin eta iparretik jotzen zuen haizeak zabaldutako oihuekin martxalariek zinez eskertu zituzten hausnarketok.

Agirrek, aldiz, gazteei ongi etorria eman eta duela 500 urte konkista bortitz baten aurrean borrokatu ziren berrehun gudarien historia gogoratu zuen. Memoriaren katea ez eteteko duela ehun urte altxatu zuten monolitoaren historia ere gogoratu zuen, nola eraitsi zuten frankistek memoria hori sasi artean ezkutatzeko, eta nola, 1982an, Amaiurko herriak berriz ere altxatu zuen.

Estepan Urkiaga Lauaxeta idazleak, “Amayur gaztelu baltza” 1935eko olerki ederrean, «Amayur gaztelu baltz ori, –berreun gudari oro sumin– zaintzen zattuben zaldun onak, Naparra-aldez egin dabe zin» utzi zigun idatzita. Eta Lauaxetak esan zuena gogoratu zuen Agirrek, «orain batu behar dugu garai hartako kemena». Amaiur Euskal Herriaren memoria lekua dela azpimarratu zuen, baina memoriak laboratua eta transmititua izateko gazteak behar dituela ere aipatu zuen. «Zuek zarete belaunaldi berria» esan zien bertaratutakoei, eta animozko mezu batekin bukatu zuen: «segi bizkor askatasunaren bidean».

Ernaiko eledun Ane Alavaren hitzetan ere Lauaxetaren «gaztelu baltzaren» erreferentzia sumatu zen. «Atzera begiratzen dugu gudari oso suminen borroka aitortu eta ondare hori geure egiteko. Gu aurrerantz goaz, baina atzera begiratuta... Eta betiko argia sartzen da zutik dirauen gaztelu beltzean. Aurrerantz goaz eta aurrerantz jarraituko dugu Euskal Herria askatu arte. Badugu indarra eta badugu argia, nora begiratu eta nondik egin bidea». Independentziaren aldeko oihuekin hartu zituzten hitzok gazteek eta xumea baina hunkigarria izan zen ekitaldiari akabera emateko “Eusko gudariak” abestu zuten guztiek elkarrekin, Erratzurako bideari ekin baino lehen.

Konplizitate berriak

Amaiurren indarrak bildu eta birikak majo zabalduta, giro ederrean jarri zen mila gazteek osatzen zuten suge handia sigi-sagaka martxan. Erratzun ziren gau egitekoak, musika pixka bat, lagun eta konplizitate berriak eta mila kontu partekatu ondoren. Gaur goizean goiz esnatu eta martxan jarraitzeko asmoz ekingo diote egunari. Ondo bidean, Elizondora eguerdiko ordu batak inguru iristekoak dira. Eta hortik aurrerakoak gorputzak eta gogoak aginduko dituzte. Igandean Aberri Eguna ospatzera Iruñera jaitsi aurretik, hausnarketarako aukera izango dute, hitzaldiak, mintegiak, ekitaldi politikoa, musika talde pila bat, alegia, nork bere gustuak gogoko konpainian asetzeko nahiko eskaintza egongo da.

«Edozein naziok bezala, komunitatea, pertenentzia, garena aldarrikatzeko hitzordua da Aberri Eguna, eta gogotsu hartzen dugu, bagarela aldarrikatzeko aukera izango dugulako, baina baita aurreko egunetan sortu dugun giro polit eta onarekin Iruñean jarraitzeko aukera ere», azpimarratu zuen Ernaiko eledunak.

Gaur arratsalderako eta biharko egitarau politiko aberatsa eta aberasgarria prestatu dute Ernaiko gazteek. Burujabetza prozesuaz ertz ezberdinetatik hausnartzeko aukera izango dute, prozesu independentistaren erronkei buruz eztabaidatzeko, betiko borrokari arnas luzea eta hauspoa nola eman aztertzeko, garatu nahi dituzten borroka berriei nola oratu erabakitzeko.

Zugarramurdiko sorginen eta Amaiurko gudarien eskutik martxan diren gazteok, finean, hori erakusten dute: martxan den herri bat. Hemen badagoela irauna eta nortasuna. Pasta oneko belaunaldia, kastaduna.