Bera Berak bere historiako zortzigarren liga irabaztea denbora kontua da. Asteburu honetan ezin izango du ospatu nahiz eta Guardesen aurka garaipen bat erdietsi (larunbata, 12.00etan Gascan). Hala, Kopako azken fasera oraindik ligako lanak ixteke iritsiko da baina azken lau partidetatik bakarra irabazita ospatu lezake liga.
Asteazkenean jokatu zuen Xixongo La Calzadak Zonzamasen, azken sailkatuaren etxean, eta asturiarren garaipenak edozein ospakizun ofizial zapuztu du. Bestela ere, Malagak Elxen aurka galdu beharko luke –larunbat arratsaldean jokatzen dute–.
Donostiarrak dira txapelketako liderrak, egun 39 punturekin, La Calzadak baino sei puntu gehiago baina partida bat gutxiago, bihar Guardesen aurka jokatuko duena, alegia. Malagak, honek ere Bera Berak bezainbeste partida jokatuta, zazpi puntu gutxiago ditu.
22. jardunaldi hau burutzean, soilik 8 puntu geratuko dira jokoan eta gainera, Kopa bukatu bezain laster (maiatzaren 7an), Xixonera bidaiatu beharko du Bera Berak eta bertan ospatu lezake liga txapelketa.
Kalkuluak kalkulu, lehendabizi Atletico Guardesi irabazi behar dio garaikurra laztantzen hasteko. Hurbil dago, hurbil sentitzen da baina Imanol Alvarezek nahiago du zuhurtziaz hitz egin. Europako postuengatik borroka betean dago A Guardako taldea eta ermuarraren ustez, «horrek talde arriskutsu bilakatzen du».
Edonola ere, Guardes beti izan da arriskutsua –2017an liga irabazi zuen azken jardunaldira arte Bera Berarekin dema estua eduki ostean–. Alvarez eta Pradesen aulkiko lehia ere interesgarria bilakatu da azken urteetan, tentsio handiko unea izan ohi da elkarren artean indarrak neurtu ostean lagunak diren bi entrenatzaileentzat –Espainiako selekzioan elkar lan egiten dute–. Pradesentzat, gainera, azken bisita izango da Gascara Guardeseko entrenatzaile gisara, hurrengo urtean taldea utzi eta selekzioaren zentratzeko hautua egin baitu.
«Azken urteetan ondo irabazi izan diegu baina partida bakoitza ezberdina da», azaldu zuen Alvarezek partida atariko prentsaurrekoan. «Azken denboraldietan bazirudien ahulago zegoela baina Jose Ignacio Pradesekin beti egon izan da hor, lehiakor; pasa den urtean inork ez zuen konfiantza jarri beraiengan eta bigarren amaitu zuten», adierazi zuen.
Lehen itzuliko partidan, A Sangriñako «infernuan» jokaturikoan donostiarrak gailendu ziren (26-33). Larunbat honetarako, Mariane Fernandesen zalantza izango du Alvarezek.