NAIZ

Europako akusazio berri batek kolokan jarri du Le Penen kanpaina, 2017an bezala

Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF) 137.000 euro galdegin dizkio ultraeskuineko hautagaiari. Era berean, beste diru kopuru bat itzultzeko eskatzen die bere alderdiko eurodiputatu izandako beste hiru kideri. Guztira 617.000 euro erreklamatzen ditu OLAFek.

Marine Le Pen Frantziako eskuin muturraren hautagaia.
Marine Le Pen Frantziako eskuin muturraren hautagaia. (Sameer AL-DOUMY | AFP)

Europako iruzurraren aurkako erakundeak Marine Le Penen aurka martxan jarritako ikerketa berri batek Frantziako ultraeskuinaren liderraren kanpainari eragin dio, 2017ko hauteskundeetan gertatu zen bezala. Eta, orduan bezala, muntaia bat izan dela argudiatu du.

«Oso ohituta nago Europako Batasuneko tranpei, eta uste dut frantsesek ez dutela beren burua engainatzen uzten», adierazi du Le Penek astelehen honetan, Normandiako Auge herriko Saint Pierre herrian kanpaina egiten ari zela, gai horri buruz galdetu diotenean. Ukatu egin ditu Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren (OLAF) txosteneko salaketak, igandean Mediapart webguneak argitaratu zituenak hain zuzen ere.

Martxoan Frantziako Justiziari helarazitako txosten baten arabera, OLAFek 137.000 euro galdegiten dizkio pertsonalki, Europako Parlamentuko diputatu zenean ustez bidegabe erabili zituelako.

Era berean, beste kopuru bat itzultzeko eskatzen die bere alderdiko eurodiputatu izandako beste hiru kideri, Elkarte Nazionalari (RN, frantsesezko sigletan): Jean-Marie Le Pen, Marineren aitari, Louis Alliot bikotekide ohiari eta Bruno Gollnisch mugimenduko presidenteordeari. Guztira 617.000 euro.

Besteak beste, diru hori RNtik gertuko pertsonek zuzendutako elkarteei edo alderdiko kideei zuzenean zuzendutako dohaintzak egiteko erabiltzea leporatze zaie, baina baita ardo eta xanpain-botilak erosteko ere, eurodiputatu karguekin lotutako ekintzekin justifikatuta ez dauden milaka euroko kostua izan baitzuten.