Asobal Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta diren honetan, gauzak bor-bor daude sailkapen nagusian. Egia da txapeldun izatea bere eskuan duela Barçak. Berez, bihar bertan lor lezake garaipen-oihua egitea. Horretarako, bere partida irabazi eta Bidasoa-Irunen porrota itxoin beharko luke.
Eta hortxe sartzen dira jokoan irundarrak. Jacobo Cuetararen jokalariek, Puente Genilen aurka (20.15) garaipena eskuratuta, katalanen festa egun batzuk atzeratuko lukete.
Hamaika eguneko geldialdia ondoren bueltatuko da Asobal Liga. Irundarrek bigarren postua sendotu nahi dute, baina ez dira 13. postuan dagoen Puente Geniletaz fidatzen. Helburu ezberdinak dituzte bi taldeek, baina garaipena behar dute bai ala bai.
Cuetarak albiste onak ditu, Iñaki Cavero eta Jon Azkue osaturik baitaude dagoeneko eta jokatzeko prest izango baitira. Azken honek ez du otsailaren erdialdeaz geroztik jokatu, eskuin eskuko behatz bat apurtu zuenetik, alegia.
Kontrako aldean, Kauldi Odriozolaren presentzia dago. Eskuin hegaleko jokalaria duda da, Navaren aurkako azken partidan mina hartu baitzuen orkatilan, nahiz eta prestatzailea baikor izan.
«Cavero geldi egon da, baina oso erritmo ona zeraman. Jon Azkuek, ordea, denbora gehiago beharko du forma ona hartzeko, nahiz eta berez asko laguntzen digun jokalaria izan. %50ean egonda laguntza garrantzitsua izango da guretzat eta denboraldi amaiera honetarako oso ondo etorriko zaigu freskotasun asko emango baitigu», adierazi du Bidasoa-Iruneko entrenatzaileak.
Asteazkenean aurrean izango duen aurkariaren inguruan, Cuetara ez da fidatzen. «Denboaraldiko momentu honetan Ligako talde guztien joko maila beherantz doa. Partidak ez dira hanbeste kalitatekoak nekeak eraguina egiten baitu taldeetan», azpimarratu du asturiarrak.
Horrez gain, beste faktore bat gehitu du: «Momentu honetan Ligako talde ia gehienek zerbait dute jokoan. Puente Genilen helburua jaitsiera ekiditea da eta, normala denez, partida guztietan koxka egingo du asko baitu jokoan».
Artalekura hurbiltzen diren zaleek, datorren urtean Bidasoa-Iunen jokatuko duen eta momentu honetan Puente Genilen dagoen Mihajlo Mitic hegaleko serbiarra ikusteko aukera izango dute.
Anaitasunak gorago begiratu nahi du
Bidasoak bigarren postua sendotzea du helburu, eta Helvetia Anaitasunak goiko postuetan egoteko aukerari eutsi nahio dio. Momentu honetan bederatzigarren dira nafarrak, 21 punturekin, baina biharko aurkaria, Frigorificos Morrazo Cangas, aurretik da puntu bat gehiagorekin.
Beraz, irabazita, sailkapenean gaindituko lituzkete. Ez hori bakarrik. Ademar Leon eta Cuenca 23 punturekin berdinduta daudela kontuan izanda, hauetako baten porrotak aukera gehiago emango lizkioko Anaitasunari sailkapenean gorantz egiteko. Hori bai, larunbatean Barça iritsiko da Iruñera eta Liga irabazteko gose irits liteke.
Geldialdia ondo etorri zaio talde iruindarrari azken jardunaldian Puente Genilen kontra egindako akatsak zuzentzeko. Biharko aurkaria goitik beherantz datorren taldea da eta azken zortzi partidetan ez du garaipenik lortu.
Nahiz eta biharko aurkaria bolada txarra pasa, Quique Dominguez Anaitasunako entrenatzailearentzat, «Cangas denboraldi bikaina egiten ari da» eta exijentzia maila altuarekin abiatu beharko dira O Gatañal pistara.
«Intentsitate, indar eta erritmo handiko entrenamenduak egin ditugu egun hauetan eta denak animo onarekin egi dira», aipatu du prestatzaileak.
Hori bai, Anaitasunak Galizian jokatu behar du. «Ondo jokatzen ari den taldea da eta bere pistan, zaleen laguntzarekin, aurkari zaila izango da», ohartu du.