Ibon Salaberria

Azpiegiturak irauliz

EHUko Arkitektura Eskolako ikasleekin, Bilboko Errekalde auzoko hainbat eremuren erreforma ariketak egin genituen 2015ean. Auzoa ulertzeko, bertako auzo-elkarteko kideekin elkartu, solastatu eta haien diagnosiak bilakatu genituen ikasleen ariketen oinarri. Gai guztien gainetik, batek ez zuen eztabaidarik: A-8 azpiegiturak. Frankismo osteko lehen udalen garaian, 1975ean, Errekalde auzoaren gainean eraiki zen A-8 autobidearen trazaduraren zati bat. Isolatuta eta estalita geratu zen auzoa. Auzoko erdigunea azpiegitura hori –gainegitura kasu honetan– gabe irudikatzea izan zen ikasleen erronketako bat. Aurretik, jasoak zituzten auzoa gainetik zeharkatzen zuen azpiegitura makillatu eta apaintzeko proposamenak. Baina ez, auzoak zerua nahi zuen erdigunearen gainean, ez azpiegitura. Oraindik ere borroka horretan jarraitzen dute.

Azpiegituren berrerabilera ‘apainduak’ arrakasta izan du azkenaldian. Arkitekturaren eztabaidan beharbada ospetsuena New Yorken 2009 eta 2014 artean egin zen The High Line proiektua izango da. Kaleen gainean eraiki zen trenbidea industrializazio garaian. Azpiegituraren erabilera alde batera utzi zenean, trenbidea zena baso bilakatu zen. Eta irudi horren potentzia erabiliz berritxuratu zen The High Line. Egun, kalearen gainetatik doan parke edota pasarela turistiko erakargarri aparta da. Oinezkoak airetik, ibilgailuak kaletik; hiria alderantziz, azpiegiturak iraulita.

Badirudi, egun, egitura bat eraisteak ez duela politikoki harrera onik. Uste dut, aldiz, garaia dela egitura ugari eraitsi eta bizitzaren gertakari ezberdinak plano berberean jartzeko. Erabiliko ditugu hondakinak beste baterako, birzirkulatuz adibidez. Asmo jakin batek eraikitako egitura, ‘gainegitura’ edota azpiegitura bat, ez dugu zertan betirako onartu; bestela, etengabeko apaintze-ariketan murgildu gaitezkeelako azken mende erdian eginiko astakeria askoren bueltan. Hirigintzan eta lurraldearen antolakuntzan ere, tarteka, hobe genuke gertu egiten diren saiakerak begiratzea, beste lurralde zuriagoetan egiten diren zurikeriak baino.

Zer da pareta bat? Azpiegitura edo egitura?

Ematen duen ‘zerbitzuaren’ arabera, batzuek esango dute azpiegitura dela. Pareta bezala ikusi ohi ditut lurraldea zeharkatzen duten ohiko azpiegitura asko. Ez dira formalki plano bertikalak, ez dute pareta itxurarik, baina pareta baten egitura funtzioa egiten dute guztiz; bi alde banatuz, alegia. Pareta ikusezinak lurraldean, pareta ikusezinak hirian. Ezaguna da New Yorken Robert Mosesek jaso zuela arraza-segregazio garaia bukatzera zihoan uneko azpiegitura sarea diseinatzeko enkargua. Hiritar pobreei, gehienbat azal zuria ez dutenei, eta Estatu Batuetan garraio publikoaren erabilerarekin identifikatzen direnei, hiritik kanpo ziren aisialdi tokietara joateko paretak eraiki zitzaizkien. Baina ez zuten harresi edo pareta formarik; Mosesek, sinpleki, errepide hauek gainetik zeharkatzen zituzten zubi berriak eraikitzean, azpitik autobus bat pasatzeko gutxieneko altuera ez zuen errespetatu eta altuera librearekin eraiki zituen. Harresiak edo paretak, kasu honetan, azpiegitura horizontalak izan ziren. Teknologia bat da azpiegitura, eta teknologiak badakigu zertarako egiten diren, baina inork ez die galdetu zein zen beharra. AHTari galdetu besterik ez daukagu gure lurraldeko pareta berrien ordenazioa ulertzen hasteko, baina gai honek 7K monografiko bat egiteko emango luke.

Egiturak desegiteari beldurra zaion garai gisa artxibatuko dute gure garai hau, ziurrenik. Hainbeste urte dituen edozein eraikuntzak eratzen omen du gure tokien memoria azkenaldian. Ez al ditugu akatsak ezabatuko?

«És poc freqüent que els arquitectes afrontem el disseny dels espais urbans de forma oberta; explorant i treballant amb la complexitat i les dinámiques característiques de la ciutat». Horrela hasten da ‘Altres Glòries’, Kataluniako arkitekto belaunaldi baten manifestutzat har dezakegun argitalpena. 2013an Bartzelonako Udalak, Glòries plazaren eta haren muga arkitektonikoen eraldaketarako lehiaketa zabaldu zuen. Bosch.Capdeferro, Josep Bunyesc, Francisco Cifuentes, Data AE, Harquitectes, Lopez-Rivera, Nuria Salavado, David Sebastian, Ted´A, unparelled´arquitectes eta Vora arkitektura taldeak elkartu ziren azpiegituraz zeharkatuta zegoen hiri zatia birnaturalizatzeko. Garai bertsuan zirkulazioan zebilen ‘Materia sensible’ erakusketa, non arkitektura katalan baten bestelako modu berriak erakusten ziren. Han elkartu ziren talde gehienak presente ziren ere Glòries ingurua eraberritzeko nahian, etengabea, bukaezina izango zen elkarrizketa batean. Halaxe kontatu zigun Pere Builek, Vora taldeko kideak, lehiaketa egiteko denbora eta dirua elkarrizketan inbertitzea erabaki zutela, beste taldekideekin batera. Prozesu guztia liburu formatuan jaso zuten: ‘Altres Glòries, proposta per a la renaturalizació de Barcelona’. Hiriak orokorrean birpentsatzeko ariketa gisa uler daiteke eta paradigma berri bat ezartzen du, hirien garapen aldiko azpiegituren desagertzea, azpiratzea, iraultzea edota eraistea oinarri hartuta: «Proposem una série d´estratégies vinculades al trànsit i a la reducció d´emissions, a la porositat material i a la reutilizació de l´edificació preexistent mitjançant actuacions de rehabilitació física i energètica». Eta etengabe aldakorra eta porotsua izango zen Bartzelona bat irudikatu zuten, paretarik gabea.