NAIZ

Ukrainarren etorrera «egonkorra» dela dio Lakuak; 3.200 dira Hego Euskal Herrian

Lakuaren estimazioen arabera, 2.000 errefuxiatu ukrainar inguru etorri dira EAEra gerra hasi zenetik; guztira, 3.200 pertsona dira Hego Euskal Herrian. Datorren asteazkeneko bileran erabakiko du egungo kontingentzia planarekin segi edo berri bati ekingo dion.

Ukrainako errefuxatuei harrera egiteko jarraipen mahaiaren bilera Gasteizen.
Ukrainako errefuxatuei harrera egiteko jarraipen mahaiaren bilera Gasteizen. (Irekia)

Errefuxiatu ukrainarren etorrera ez da, momentuz, masiboa: 3.200 lagun inguru iritsi dira Hego Euskal Herrira Errusiak inbasioa hasi zuenetik. Horietatik 1.200 Nafarroan daude eta 2.000 Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta egoera «egonkorra» dela dio Lakuak.

Ukrainako errefuxatuei harrera egiteko jarraipen mahaia bildu da ostegun honetan Gasteizen. Han izan dira, besteak beste, Lide Amilibia Lakuako Gizarte Politiketako sailburuordea, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren idazkari nagusia eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendaria. Modu berean, Zehar Errefuxiatuak, CEAR, Gurutze Gorria, ACCEM, Ellacuria Fundazioa eta Caritas erakundeetako ordezkariek ere parte hartu dute.

Amilibiak bileraren ostea prentsari egindako adierazpenetan zehaztu duenez, 2.000 errefuxiatu ukrainar ari da EAEn bizitzen, gehienak Gipuzkoan. 1.800ek eskatu dute nazioarteko babesa, 1.500 dira Osakidetzan osasun-txartela eskatu dutenak eta 422 adin-txikiko daude matrikulatuta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan. «Egoera egonkorra daukagu, ez dira etorrera garrantzitsuak egon», gaineratu du Gizarte Politiketako sailburuordeak. Ez du aurreikusten, bestalde, etorrera handirik gertatuko denik epe motzean ere.

Datorren asteazkeneko bileran erabakiko du Lakuak egun indarrean dagoen kontingentzia plana -berez apirilaren amaierarekin iraungiko litzateke- luzatu edo plan berri bati ekitea. Aste honetan egon daitezkeen mugimendu edo aldaketen arabera hartuko da erabaki hori.

Laguntza zuzenak

Gasteizko Gobernuak ez du oraindik zehaztu gerratik ihesi datozen ukrainarrei bideratzeko laguntza zuzenen programa, ezta laguntzen zenbatekoa edo banaketarako epea ere. Datorren asteazkenerako itxiko dutela zehaztu du Amilibiak.

«Bizi-mantenurako» laguntzak izango direla argitu du, pandemiarekin Azken Sarea Indartzen programarekin ezarri ziren antzekoak. Orduan, Caritas erakundearekin lankidetzan osatu zuen Lakuak laguntzetarako programa; orain ere, Caritasekin eta ukrainiar errefuxiatuekin lanean ari diren erakunde horiekin koordinatuko dela esan du.

Etxebizitza

Euskal Herrira etorri diren ukrainarrek harreraren «lehen pausoa» gainditu eta «egonkortzea» galdegiten dutela esan du Lide Amilibiak. Horretarako, ekonomikoki autonomoak izatea eta etxebizitza partikularrak eskaintzea beharrezkoa deritzo. Baina, Estatuaren bide-orriak markatu behar du «bigarren pauso» hori, eta oraindik ez du egin.

Zentzu horretan, Ukrainako errefuxatuei harrera egiteko jarraipen mahaiean izan diren Zehar Errefuxiatuak, CEAR, Gurutze Gorria, ACCEM, Ellacuria Fundazioa eta Caritas erakundeetako ordezkariek proposatu dute 40 etxebizitza inguru jartzea ukrainar hauen eskura.