NAIZ

Artiacheko beharginek greba amaitu dute, 152 egunen ondoren eta soldata igoera lortuta

152 egun luzatu den grebari amaiera eman diote Orozkoko Artiach fabrikako galletagileek. UGT, ESK eta independente batek enpresaren proposamena onartu dute, ELAk aurka bozkatu du eta LAB abstenitu egin da.

Artiacheko beharginak grebaren ehungarren egunean protestan.
Artiacheko beharginak grebaren ehungarren egunean protestan. (ARTIACH BORROKAN)

152 eguneko grebaren ondoren, Orozkoko Aritach enpresako langileen lan gatazka amaitu da. UGTk, ESK-k eta sindikatu independente batek enpresak luzatutako proposamena onartu dute eta, ondorioz, lanuztearekin amaitzea ebatzi dute. Ordezkari gehien dituen LABek abstentziora jo du, eta ELAk ezezkoa bozkatu du.

Aiaraldea.eus hedabideak aurreratu duenez, beharginek soldata igoera lortu dute lanuztearekin. Zehazki, %2ko soldata igoera aurreikusten da 2020erako, %2koa 2021erako, %3koa 2022rako, %3koa 2023rako eta %2koa 2024rako. Gainera, Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) urte horietan %12 gaindituko balu, ez lirateke atzerapenak egongo baina 2025ko soldata %2 handituko litzateke automatikoki.

Horretaz gain, beharginek 1,73 euroko garraio laguntza bat izango dute eta, gainera, enpresak hasiera batean bai gauekotasun, bai antzinatasun plusetan proposatu zituen murrizketak bertan behera gelditu dira.

ELA eta LAB sindikatuen ezezko eta abstentzioarekin, bozketa oso parekatuta egon da: hamalau boto greba amaitzearen alde izan dira eta hamahiru kontra.

Ohar baten bidez, LABek akordioaren «edukiren bat positiboa» dela aitortu badu ere, onartutakoa ez dela grebalari gehienek nahi zutena gaitzetsi du eta, horretaz gain, negoziazioa «oso baldintzatuta» egon dela. LABen aburuz, «akordioa ez da nahikoa» eta, gainera, «eskasa» da.

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, akordioa hobekuntza ekonomikoetan oinarritzen da: «Keinu positiboren bat egiten du kontratazio politikari dagokionez. Oraindik zehaztu gabe dago, baina ez du lanaldi murrizketarik aurreikusten».

Dena den, LABek uste du negoziazio baldintzek «kalte» egin diotela langileen aldeari, eta «bilera batean soilik» defendatu ahal izan dituztela beraien proposamenak. «Enpresak lehen proposamen bakarra aurkeztu zuen, eta bigarrena, hau azkena izango zela esanez», azaldu du.

Akordioa «eskasa» dela iritzi dion arren, LABek «grebalarien borroka handiari balioa» ematen diola adierazi du, eta gehitu du beharginek «borrokari esker» lortu dutela beraien lan baldintzak hobetzea eta kontratazio berrienak soldata eskala bikoitzarekin ez murriztea.