Buruz Buruko pilota Txapelketan ez dago atsedenik eta final-laurdenetako ligaxkako aurreneko jardunaldia amaitu berritan, bigarrenaren ateak parez pare ireki dira.
Ohikoa den legez, material aukeraketarekin ireki ditu ateak bigarren jardunaldi honek. Eguerdian Labriten elkartu dira Erik Jaka eta Unai Laso B multzoko aurreneko jardunaldiko garaileak. Oiartzunen, berriz, bazkalostean izan dute hitzordua Beñat Rezustak eta Iñaki Artolak.
«Final kutsua hartzen diot» adierazi du Artolak pilota aukeraketan. «Tanteoari ere begiratu behar zaio, ez nituelako tanto asko egin eta niretzat, sentsazioak ez dira aurreneko partida bezperako berdinak», onartu du.
Ez, aldiz, Beñat Rezustak. «Ez nuen aurreneko partida irabazterik lortu, baina oraindik bi aukera gelditzen dira. Ez dut inola ere final baten moduan ikusten».
Kexurik ez da izan ere Labriteko aukeraketan, eta itxura baten argi itzalekin duela gutxira arteko arazoak ere konpontze bidean jarri ere egin dira.
Pilotari zenbait, Jokin Altuna bereziki, kexu azaldu dira Buruz Buruko aurtengo Txapelketak ez diela pilotariei neurketetako jipotik errekuperatzeko astirik uzten. Ligaxka hasi besterik egin ez den honetan, artean inork ere ez du eskuetatik ezinik edo bestelako ondoez fisikorik adierazi; akaso alperrik delako, baina alperrik izan zein ez, frontoi osoko manomanistak aurrera jarraitzen du.
Hala ere, Iñaki Artolak «pilotariei akaso kontsultatzea ongi legoke» adierazi du pilota aukeraketan. «Egun batzuek izatea» ere eskatu du Alegiakoak.
Unai Lasok 22-10 irabazi zion Iñaki Artolari Zumaian eta Labriten aurreneko jardunaldiko irabazleen arteko dema jokatzeko eskubidea bere egin du, neurketa prestatu edo arnas apur bat hartzeko egun bat gehiago izango duelarik.
Aurrean Erik Jaka, pasa den ostiralean Beñat Rezustari Bergaran irabazita, bigarren jardunaldi hau prestatzeko askoz atseden egun gehiago izan ditu, joan zen astean Irribarria eta Rezustarekikoak egiteko ia tarterik izan ez arren.
Txapelketaren ajeak txapelketarenak bakarrik izango direlakoan, pilotariek beren hitzordua bete dute eta, itxura denez, ikusleek pilota gosea asetzeko lain izan dira, aurreneko jardunaldian bederen.
Baikok bere webgunearen bitartez adierazi duenez, «Buruz Buruko Txapelketa jokatzen ari diren pilotariek erakutsitako lehiakortasun maila handiak, jende ugari erakarri du bai pilotalekuetara, eta baita ETBko telebistako zuzeneko emanaldietara ere».
Antza denez, «final-laurdenetako ligako lehen jardunaldiak 156.000 pertsonako audientzia metatua» izan zuen larunbatean eta «118.000 lagunekoa» igandean.
Ostiraletik bertatik hasita, Rezusta eta Artola –ostiralean, Oiartzunen–, Jaka eta Laso –larunbatean, Labriten–, Altuna III.a eta Ezkurdia –igandean, Eibarren– eta Zabaleta eta Dario –asteartean, Legazpin– lehiatuko dira nor baino nor, eta orain arte ikusitakoaren arabera, ikusmin handia espero da pilotazaleen artean.
«Aurtengo Txapelketa oso gogorra da. Lehenengo ligaxka hau eta gero finalerdiak... eskuak asko zaindu beharko dira aguantatzeko», adierazi zuen Unai Lasok Zumaiako partida irabazi ostean. Azken baten, erresistentzia proba bat baita aurtengo Buruz Burukoa.