NAIZ

EH Bilduren ehunka udal ordezkarik Konferentzia Munizipalista egingo dute maiatzean Iruñean

Maiatzaren 27 eta 28an, EH Bilduren ehunka zinegotzi eta alkate Iruñean bilduko dira, koalizio abertzaleak lehenengo aldiz egingo duen Konferentzia Munizipalistan.

Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintzako arduraduna, Nagore Alkorte Azpeitiko alkatea eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea.
Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintzako arduraduna, Nagore Alkorte Azpeitiko alkatea eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea. (EH Bildu)

EH Bilduk maiatzaren amaieran antolatu duen Konferentzia Munizipalistaren aurkezpena egin du asteazken honetan. Han izan dira Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintzako arduraduna, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea.

Koalizio abertzaleak martxoaren 30ean aurkeztu zuen norabide berriaren ildoa jarraituko du datorren maiatzaren 27 eta 28an Iruñean egingo den Konferentzia Munizipalistak, Euskal Ereduaren ideiari helduta. Eta ehunka alkate eta zinegotziz gain, nazioarteko ordezkariak ere izango dira bertan. Konferentzia «mugarria» izango dela espero dute koaliziokideak.

«Besteak beste, pandemiaren ondoren harremanak saretu, egindako lan politikoa, garatutako proiektuak eta bizitako esperientziak elkartrukatu, eta finean, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin herri hau eraikitzen jarraitzeko», esplikatu du EH Bilduren Udalgintzako arduradunak.

Bere esanetan, udalgintzak paper garrantzitsua jokatzen du «egungo erronka kolosalei aurre egiteko» (krisi klimatiko eta energetikoa, autoritarismoaren gorakada eta krisi demografikoa aipatu ditu, eta jakitun dira, egun, EH Bildu dela lehen indar munizipalista: «Erronka kolosalak ditugu aurrean, baina ez gara zerotik lanean hasten, baditugu hamaika kilometro lasterka eginak».

Eredu berri bat

Pandemiatik gerrara, egungo testuingurua kezkagarria dela ohartarazi du Idoia Buruagak. «Garaiak aldatzen ari dira, erronka berriak ate joka ditugu eta horiei errotik heldu ezean, jai dugu. Herri txiki bat gara. Bai, badakigu. Baina dabilen herria gara, historian zehar beti aurrera egin duena eta bidean topatutako oztopo oro gainditzeko gai izan dena. Erronka handien aurrean hazi egiten dena», agertu du.

Elorrioko alkateak gogoan hartu du «garai zailenetan ere» EH Bilduko alkateak egoerak eskatzen zuen mailan egon zirela, pandamiaren hastapenetan nola. «Izan ere, gogoan izan behar dugu udalak direla herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak. Eta beraz, hain jardun erabakigarria da gu guztion bizi-kalitatea bermatu eta hobetzeko», esan du.

Hala, «beste gobernantza eredu bat» garatzera bilduko dira Iruñean EH Bilduren ehunka udal ordezkari, aurkezpenean nabarmendu dutenez. «Hurbila, entzuten eta aditzen duena, zaintzen duena, herritarrak eta udalerria bera hazten laguntzen duena, goren mailako zerbitzu publikoak zaintzen eta sustatzen dituena eta berdintasun ekonomiko eta soziala bultzatzen duten politika publikoak garatzen dituena», laburtu du Buruagak.