NAIZ

3.000 pertsona migratzailetik gora hil ziren 2021ean Europa hegoaldera edo Kanarietara bidean

Europa hegoaldeko eta Kanarietako kostaldera iritsi nahian, 3.000 lagun baino gehiago hil edo desagertu ziren itsasoan iaz, Nazio Batuen datuen arabera. Erakunde honek premiazko neurriak hartzeko deia egin du bidaia arriskutsu eta luze hauek egin behar dituzten pertsonak babesteko.

Libiako kostan, Misratatik hurbil atxilo hartutako gazteak, Tripoli ondotik atxilotze zentro batera eramaten, apirilaren 24an.
Libiako kostan, Misratatik hurbil atxilo hartutako gazteak, Tripoli ondotik atxilotze zentro batera eramaten, apirilaren 24an. (Mahmud TURKIA | AFP)

Nazio Batuen Erakundeak eman du datua: 3.000 lagunetik gora dira 2021ean itsasoan hil ziren migratzaileak, Europa hegoaldera edo Kanarietara bidean. Horietatik gehienak, kasik 2.000, Meditarraneo erdian edo mendebaldean hil edo desagertu ziren, Afrika iparraldetik Europara zetozela, bereziki Estatu espainiarrera eta Italiara. Beste 1.153 pertsona Atlantiar bidean zendu ziren, Kanarietara zihoazela. Senegal edo Mauritaniatik irla hauetara ailegatzeko bidaiak hagitz luzeak izan ohi dira, hamar egunekoak ere bai. Txalupa aunitz galdu eta arrastorik utzi gabe desagertzen dira uretan.

2021eko kopuru orokorra 2020ekoa halako bi da. NBEko errefuxiatuen arloko goi mandatari batek, Shabia Mantook, ohartarazi du 2022a ere zenbaki «ikaragarriak» uzten ari dela: 478 hildako edo desagertu dagoeneko.

«Heriotzak leporaino betetako txalupetan gertatzen dira, nabigatzeko prest ez zeuden ontzi puzgarrietan. Sarri irauli edo haizea galtzen dute itsas zabalean», zehaztu du. Jende ugari hiltzen da itsasoan, baina erran duenez, baliteke uretara iritsi aitzinetik egindako lurreko bidaietan are lagun gehiagok bizia galtzea. Saharako desertua zeharkatu behar izaten dute, iristea benetan zaila den urruneko lurraldeetan barna, atxilotze zentroetatik pasatuz, abusu mota guztien mende. Erailketak, atxilotze arbitrarioak, bortxaketak, bortxazko lanak, esklabutza… Hainbat dira sufritzen dituzten giza eskubideen urraketak.

Babesa eta soluzioak

ACNUR erakundeak oroitu du covid-19aren ondorioz itxitako mugek, ezegonkortasun politikoak, segurtasun faltak, gatazka armatuek, klima aldaketak eta baldintza sozioekonomikoak okertzeak are gehiago zaildu dutela egoera. Horregatik, migratzaile gehiago izanen dela aurreikusten du, bereziki Saharaz azpiko Afrika, Magreb, Ekialde Ertaina eta Asia Erdia aipatu ditu.

Agentziak neurriak hartzera deitu ditu gobernuak, bai migranteak babesteko –tartean errefuxiatuak eta asilo politikoa eskatzen dutenak– eta bai epe luzeago batera begira soluzioak bilatzeko.

«Alternatibak» eskatu ditu inork halako bidaia luze eta arriskutsurik egin beharrik ez izateko. Politika humanoago baten premia ere azpimarratu du, tragedia hau gelditzeko. NBE eta giza eskubideen aldeko antolakundeek behin eta berriro salatzen dute, adibidez, Mediterraneoan erreskatatutako pertsonak daramatzan itsasontziak lehorreratzeko «bitarteko argien falta».

«Mugimenduan diren pertsonen eta bidean, itsasoan ala atxilotze zentro batean, harrapatuta daudenen oinarrizko zerbitzuak bermatu behar dituzte herrialdeek, eta nazioarteko babesik behar al duten ere aztertu behar da», adierazi du Mantook.