Denboraldi honetan zehar partida ugaritan aipatu izan da Bidasoa-Irunek urteko norgehiagoka zuela jokoan. Hori seinale bikaina da talde gipuzkoarrarentzat, gauzak oso ondo egiten ari denaren seinale. Baina larunbat honetan Artaleku bete batean jokatuko duen neurketa aurreko guztiak gainditzen ditu.
Izan ere, Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan, Granollersen bisita jasoko dute irundarrek (18.30), Asobaleko bigarren tokia jokoan dagoela. Katalanak daude momentu honetan Barçaren atzetik, baina Bidasoak garaipena lortuta, azken jardunaldian galdutako bigarren postua berreskuratuko luke.
Egia da aurkaria presio gutxiagorekin iritsiko dela Irunera. Kopan txapeldunorde izateagatik Europarako txartela lortu zuen Granollersek eta, beraz, Bidasoak helburu horri eutsi nahi dio baita ere.
Taldeak zaleen berotasuna izango du, sarrera guztiak agortu direla komunikatu baitu klubak. Hori bai, gaineratu du hurrengo orduetan bertaratu ezin duten bazkideek eserlekua askatuko balute, salgai jarriko direla larunbat honetako 17.45etik aurrera Artalekuko txarteldegian.
Bi urte igaro dira azkeneko aldiz “sarrerak agortuta” kartela zintzilikatu zenetik. Txapeldunen Ligako Bidasoa Irun-Orlen Wisla Plock neurketan gertatu zen, konfinamendu orokorra baino astebete lehenago. Beraz, ez da gehiago esan behar partidak duen garrantzia ezagutzeko.
Garaipena 700. partida ospatzeko
Bigarren postura salto egiteaz gain, Bidasoa-Irunek beste aitzakia eder bat du garaipena lortzeko. Izan ere, bihar 700. partida jokatuko du Asobal Ligan. Lehenago Ohorezko Maila deitzen zen liga, 1959etik 1990era.
Asobal Liga hasi zenetik, beraz, Bidasoa-Irunek 699 neurketa jokatu ditu, 337 garaipen, 78 berdinketa eta 284 porrot jasoz. Guztira 17.824 gol sartu eta 17.611 jaso ditu. Artalekuko estatistikak askoz ere hobeagoak dira: jokatutako 349 partidetan, 204 garaipen, 38 berdinketa eta 38 porrot eskuratu ditu, 9.047 gol eskuratuz eta 8.514 gol jasoz.
🚀 Larunbat honetan Sacyr @ASOBAL Ligan gure 7⃣0⃣0⃣. neurketa jokatuko dugu. Badakizu noiz izan zen lehenengoa? Zenbat entrenatzaile izan ditugu partida guzti hauetan?
— CD Bidasoa Irun (@CDBidasoaIrun) April 29, 2022
Adi hurrengo harira 🧵#AupaBidasoa 💛💙 pic.twitter.com/8UiqGF2bZR
Asobal Ligan izan zuen etreinekoa arraroa izan zen. Izan ere, orduan Elgorriaga Bidasoa izenarekin ezagutua zen taldeak lehenengo jardunaldia jokatu behar zuen irailaren 15eko asteburuan Michelin Valladoliden aurka, baina bertan behera geratu zen. Gainera, bigarren jardunaldiko neurketa, Atletico Madrilen aurkakoa, atzeratu egin behar izan zen baita ere, talde madrildarrak Rekopa jokatu behar baitzuen. Beraz, hirugarren jardunaldian egin zuen debuta Bidasoak, 1990ko urriaren 3an Tenerifen, garaipena lortuz (21-27).
Urte hauetan irundarrek lortu duten emaitzarik handiena 1996-97 denbotaldian gertatu zen, Caja Pontevedra Teucroren aurkako partidan 40-20 irabazita. Hain zuzen hori izan da orain arte lortu duen gol kopuru handiena. Gutxiena, berriz, 1991-92an Palaun Barçaren kontra jasotako porrotekoa izan zen (29-13). Bertan jaso zuten baita ere, 2013-14an, gol kopururik handiena: 48-27.
Asobalen jokatutako 24 denboraldietan, Bidasoa-Irunek zortzi entrenadore izan ditu: Juantxo Villarreal, Ivan Sopalovic, Mario Hernandez, Jordi Ribera, Julian Ruiz, Aitor Etxaburu, Fernando Bolea eta Jacobo Cuetara. Orain arte 51 kluben aurka jokatu du. Barça eta Granollers dira, biharkoarekin, irundarrak gehien elkar ikusi dituzten taldeak (54 norgehiagoka), Leongo Ademarren aurretik (40).
Anaitasuna: garaipena bai ala bai
Ordu berean, 18.30ean, Helvetia Anaitasunak sailkapeneko azkena den Antequerari bisita egingo dio garaipena eskuratzeko beharrarekin, lau porrot jarraian eskuratu baitituzte nafarrek.
Quique Dominguezen taldea hamaikagarrena da, baina erdi-beheko zonaldea oso estu dago. Pentsa, azken-aurrena den Sinfinek lau puntu gutxiago besterik ez ditu. Beraz, larunbat honetan garaipena lortzea berebizikoa izango da lehen bailehen jaitsieraren arriskuak ekiditeko.