Ezin denean, ezin liteke. Eta modu guztietara saiatuta ere, bizitzak batzuetan erakusten du ezinezkoa dela. Horixe pasa zaio Bera Berari Kopako finalerdietan. Atletico Guardesek mendean hartu du une guztietan estu hartuta. Lehen zatian dena irekita egon da eta bi taldeek izan dute beraien une ona zein eskasa.
Erabat parekatuta egon dira lehendabiziko 30 minutuak, markagailuan alde hartzen zuenak ere segituan ikusten baitzuen berdinketa markagailuan. Alice Fernandes gakoa izan da zenbait jokalditan, Imanol Alvarezek ez baitu hasiera-hasieratik defentsako hutsunea findu. Kosta zaio eta Menendez, Polonio eta Loidi defentsan lanetan jarri dituenean, apur bat gelditu da galiziarren erasana.
Erasoan ere kosta egin zaio, nola edo hala lortu du Atletico Guardesen pare egotea baina galiziarrek erasoan erakutsi duten fintasunak beste sentsazio batzuk zituen, batez ere Pessoa, Lima eta Paula Arcosen bitartez. Portugaldarra izan da golegile nagusia 8 golekin, Pessoak Maddi Aallaren aurrean huts egindako 7 metroetako jaurtiketaren ondotik bera izan baita 7 metroak jaurtitzeko arduraduna, eta guztiak asmatu ditu.
Zortzi gol egin ditu Limak; Bera Berako golegile nagusia, aldiz, Mariane Fernandes izan da bost golekin. Askoz banatuago egon da kontua, inor ez delako izan liderra ate aurrean. Hein handi batean, Miriam Sempere agertu delako ezustean. Lehen zatiaren bukaera aldera 7 metroetako jaurtiketa bat gelditu eta ordutik, Carratu ordezkatu du atepean.
Sekulako erakustaldia eman du galiziarrak, mota guztietako geldituak eginez –eraso geldian, kontraerasoan...–. Bera Beraren ezker hegala erabat tapatu du Semperek, etxekoen desesperaziorako. 2-6 partzial baten bitartez, markagailuan 5 goleko aldea jarri du Atletico Guardesek, iraultzeko oso zaila den distantzia, baita Bera Bera batentzat ere.
Mantendu du itxaropena bukaeraraino, 13-18ko markagailua oraindik 15 minutu falta zela zelako. Baina kosta zaio distantzia hori hirura jaistea, zer esanik ez bira eta jada ezinezko egin zaio gehiago hurbiltzea. Semperek, zutoinak eta punteria falta, denak batu dira Bera Beraren arratsaldea iluntzeko.
Argitasun bakarra, Illunbera hurbildu diren 2.849 zale. Burrunbada ederra atera dute, lehia bizia bizi izan da harmailetan ere eta honek, txapelketaren esentzia handitu du. Tamalez, Donostiako Kopan ez da etxeko taldea egongo –hirugarren edizio jarraian finalera iritsi gabe–, baina bihar, igandea, 13.00etan final handi bat biziko du: Atletico Guardes eta Malagaren artekoa, hain zuzen ere.
Fitxa teknikoa:
Epaileak: Oyarzun Aylagas eta Zargueta Ruiz. Etxekoen aldetik, Cesareo (2) eta Fernandes kaleratu zituzten eta galiziarren aldetik, Da Silva.