Bi urteren ondoren, «geroa ikusteko esperantza» ekarri du Nafarroaren Egunak Baigorrira
«Zuti gitezen berriz» leloarekin itzuli da euskararen, euskal kulturaren eta bereziki Nafarroaren batasunaren ohorean ospatzen den jaia. Irrintzi, desfile, dantza eta kantuek hartu dute protagonismoa, baina baita bi urte «lainotsu» hauetan bizkortu diren aldarrikapenek ere.
Behereko plazatik gaineko plazara joan den desfileak eman dio hasiera Nafarroaren Egunari Baigorrin. Duguna, Burgaintzi eta Tafallako dantzariek makilariak eta basaldunak gidatu dituzte txistuaren soinu atabikoaren eta trikitixa eta gaitaren alaitasunaren artean. Han hasi dira jotzen Txakatuk, Kuxkuxtu eta Ezpela txarangak; aire baigorriarra hunkiberatasunez astintzen zuen metalezko algara. Bi urtez jarraian ospakizuna bertan behera geratu zen osasun krisiak behartuta, eta euskaldunen arteko batasun hau berriro ospatzeko gogo geldiezinak giroa blaitu du.
Nafarroaren Eguna 1979an antolatu zen lehen aldiz Baigorrin. Covid-19a iritsi arte, lau hamarkadetan zehar, inoiz ez zuen hutsik egin euskararen, euskal kulturaren eta bereziki Nafarroaren batasunaren ohorean ospatzen den jaiak. Aurtengo edizioa «Zuti gitezen berriz!» leloarekin dator, beraz, Nafarroaren Egunaren itzulera islatu nahian, eta hori gogoratu dute Basaizea elkarteko kideek: «Azken bi urte hauen hainbat bizipen, esperientzia zein irakaspen anitzen ondorioz, Nafarroaren Egunak aurten ere geroa ikusteko esperantza ekarriko digu».
Plazan bildutako jendetzari mezua zabaldu baino lehen, ordea, ikuskizun ederra eskaini dute talde, dantzari eta basaldunek. Denbora gutxi falta izan da festarako bideari ekiteko, herri osoan zehar hedatzen ziren luxuzko konbite eta irrintzi luzeen erdian, betierekoa zirudien udaberri baten pean. Txistorra Zubietako talo artean eta sagardoa, egurrezko lauburu eta piezaz betetako postuak eta etxe zurietako lehio gorriak parez pare irekita, Baigorri eta Lekunberriko ziganteei eta 50 urte betetzen dituzten gaiteroei harrera egiteko.
Jarraian, Lapurtak Motxak eta Larrain dantza, biribilean, eskuin, ezker, luze eta ebats mugimenduei amore emanda, urratsak ikasiak dituen plazan eta han bildutakoen poztasunaren adierazle. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik hurbildu direnen txaloak jaso dituzte dantzariek, kaleak musikaz eta kolorez bete dituztenenak.
Goseak jota, mahai bat hautatu eta Plaza Xokon bildu dira familia eta lagun taldeetan, ikastolen aldeko bazkarian, gurasoek seme-alabei buruz ezer jakin nahi ez zuten tokian. Parean jolasak konkistatutako txokoa, puzgarri, egurrezko joko eta makillajez beterik, seme-alabek gurasoei buruz ezer jakin nahi ez zuten eremuan. Harmonia sakona, eguzkipean paisaia bete duena.
Herriko Etxearen aitzinean Elektrotxufa txaranga izan da, gure oroimen kolektiboaren abestien notak errepikatzen zituenak, jendaila frenesira bultzatzea xede. Metro batzuetara ehundik gora lagun batu dira Oihana Iguaran, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Eneko Lazkoz bertsolarien jarduna entzuteko.
Arratsaldeko kontzertuak duela 30 urte Ipar Euskal Herria osoa dantzan jarri zuen Izan talde ezagunarekin hasiko dira, eta horren ondotik etorriko dira Kilimak, Letagin eta Holako Deluxe bezalako taldeak. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako euskaldunek auto-ilara luzeak utzi dituzte herriko sarreran, agian bihar arte iraungo dutenak, kanpalekua ere prestatu dutelako plaza ondoko pentze batean.
Euskara eta kultura bultzatuz
Basaizeak urtero antolatzen duen festan, Nafarroa bi estatuen arteko tentsio gune bilakatu dela nabarmendu dute elkarteko kideek, horrek mugaz gaindiko harremanak eta lankidetza azkarki trabatu dituela gogoratuz. Horrez gain, euskara eta kultura herrikoiaren kalterako neurri zapaltzaileek eragindako «itzaltze kulturala» izan dute hizpide.
Baina horiek ez dira izan buruhauste bakarrak. Izan ere, Basaizea elkarteko kideek azpimarratu dutenez, «azterketak euskaraz egiteko eskubideari uko egin diote berriki», eta, duela gutxi, Molac legearen ezeztapenak milaka lagun kaleetara atera zituela nabarmendu dute, murgiltzearen kontrako joerak erakusten dituztelako frantses Estatutik.
Hauteskunde biharamun honetan, eskuin muturraren gorakadaz ere ohartarazi dute: «Ez digu gure herriarei onurarik emanen, ez gure hizkuntzari, ez gure kultura herrikoiari ezta euskaldun eta nafar izateari ere».
Etxebizitzaren garestitzea eta merkatuaren politika basatiak izan dute mintzagai eta, salatu dutenez, «gure herritik kanpo geldituko garen sentsazioa sentiarazten digute». Hala, «turistifikazio masiboak» eta Euskal Herria «folklorizatzeko asmoz» aplikatutako politikak kritikatu dituzte Basaizea elkarteko kideek.
Hala eta guztiz ere, irrintziak, desfileak eta kantuak Baigorrira itzuli dira aurten, «aitzineko belanauldiek euskararen eta herri ekimenen lekukoa trasmititurik» eta, hain zuzen ere, bi urteren ondoren hori islatu da Baigorrin, oztopoak, hesiak eta zailtasunak gainditzeko grina.