NAIZ

Deportazioaren «zentzugabekeria» behingoz amaitzeko deia Urteagaren herritik

Txetxu Urteaga deportatua Venezuelan hil zenetik bi urte pasatu direla, ekitaldia egin dute bere herrian, Azkoitian, hori salatu eta deportatuei zein iheslari politikoei etxera bidea errazteko beharra nabarmenduz. «Askapen prozesuan jauzi berri bat ematea dagokigu eta emango dugu», esan du Sortuk.

Haimar Altuna Azkoitian egin duten ekitaldian.
Haimar Altuna Azkoitian egin duten ekitaldian. (SORTU)

Azken lau hamarkadotan indarrean izan den deportazioak oraindik zortzi euskal herritar harrapaturik ditu, etxetik oso urrun eta inolako oinarri legalik gabe. Duela bi urte egoera hori jasaten zuen Txetxu Urteaga hil zen Venezuelan (36 urte eman dituen deportatu), eta urtemugan ekitaldia egin dute Azkoitian, bere herrikidea gogoratuz eta kasu hauetarako irtenbidea eskatuz.

Sortuk bertan aldarrikatu duenez, «espainiar eta frantziar estatuen zentzugabekerian oinarritutako zigor hori behingoz indargabetzeko urratsak egin behar dira. Izan ere, deserrian abandonatutako pertsonak horiek ez dute defenditzeko inolako eskubiderik izan, haien egoerak ez baitu euskarri legalik».

Honezaz gain, Sorturen Nazio Kontseiluko Haimar Altunak dei egin die herritarrei, bakoitzak bere eremutik eragiteko askapen prozesua bururaino eraman ahal izateko.

Deportazioari erreparatuz, «Espainiako eta Frantziako agintariak ados jarri ziren dozenaka euskal herritar kanporatzeko, eta horretarako munduko beste hainbat gobernurekin tratuetan jardun behar izan zuten», gogoratu du Altunak. Lau hamarkada pasata, «oraindik zortzi euskal deportatu politikok jarraitzen dute sakabanatuta munduan barrena,inolako babes juridikorik gabe», ekarri du gogora. Horien izen-abizenak eta dauden herrialdeak zehaztu zituen Etxeratek duela aste batzuk.

«Oraindik indarrean den zentzugabekeria honek amaitu behar du, ezin ditzakegulako ahaztu deportazioan diren zortzi lagunez gain, munduan sakabanaturik daudela beste 25 iheslari politiko», aipatu du Haimar Altunak ekitaldian. 

Helburuak bururaino eramateko bidean

Prozesu politikoaren garapenaren testinguruan kokatu du aldarrikapen hau Sortuko ordezkariak. «Berretsi nahiko genuke badagokigula askapen prozesuaren baitan jauzi berri bat ematea, eta emango dugu. Argi dugulako, ez gaudela ‘bakarrik’ gure proiektu politikoa diskurtsiboki defendatzeko, gure helburu estrategikoak bururaino eramateko baizik».

«Aurreko belaunaldien enbor beretik, euskal matxinadaren grina berriz ere bizkar gainean jartzea dagokigu, gure ametsak eta ilusioak errealitate bihurtzeko borrokan jarraitzea dagokigu, lanean, lantokietan, instituzioetan, ikastetxeetan, espetxeetan, eta  eragin dezakegun  eremu  guztietan», erantsi du Altunak.  «Gurea da erantzukizuna, gugan bizi da atzoko gazteen gogoa, Euskal Herri aske eta burujabea irudikatzen dugulako», amaitu du bere hitzaldia.