Gaur8

Schwedteko findegia, Alemania eta Errusiaren «adiskidetasunaren» ondare korapilatsua

Alemania eta Errusiaren adiskidetasun garaien lekuko geratu da Schwedteko findegia. Dena dela, Alemaniak Errusiako petrolioaren mendekotasuna mozten badu, zerbitzutik kanpora geratu beharko da. Errusiaren jabetza izanik, ez du baztertzen espropiazioa, baina Berlinek ez daki zer egin.

Petrolio findegi bat Spergauen, Alemanian.
Petrolio findegi bat Spergauen, Alemanian.

Errusiar petrolioak Schwedteko findegia hornitu du hamarkadetan, Ekialdeko Alemaniako “kombinat” zahar bat. Bateratze prozesuaren ondoren bizirautea lortu zuen enpresa talde bat da, baina baliteke aurrera egin ezin izatea, Siberiako petrolio gordineko deposituetatik iristen den inportazioa etenez gero.

«Geroarekiko beldurra hesia erori ondorengoaren oso antzekoa da», azaldu du Buckhard Opitzek, PCK enpresako 1.200 langileen sentimendua adierazteko.

1977an findegian sartu zen hirurogei urteko gizon honek ez du ahaztu, 1990ean, Alemaniaren bateratze prozesuarekin batera izandako nahaste ekonomikoa, ezta ondoren desegindako industria guneak eta egindako pribatizazio mingarriak ere.

Findegiak –Berlindik ehun kilometrora dagoen hiriaren irteerako metalezko munstroa– aurrera ateratzea lortu zuen, berregituraketa gogor batez, «modernoenetakoa zelako eta beti goian ibili garelako», dio Opitzek, IG BCE kimika eta energia sindikatuko bertako ordezkariak.

Errusiak Ukrainan hasitako ofentsibaren ondoren, ziurgabetasuna da berriz ere nagusi Poloniako mugatik hurbil dagoen hiri horretan.

Lantegiak ondo daki ezinbestekoa dela, Berlinen eta haren eskualdean kontsumitzen den erregaiaren %90, aireportuaren kerosenoa barne, hornitzen duelako. Baina ez da lasaitzeko nahikoa.

Dena are gehiago zailtzeko, Rosneft petrolio enpresa erraldoia, Kremlinen kontrolpekoa, tokiko akziodun nagusia da.

Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) bulegoan jendeak ez du hitz egin nahi, «beldurra nahiko handia delako». Bertako negozio asko findegiaren jardunaren mende daude.

Europar Batasunak Errusiako ikatzaren gainean ezarritako enbargoarekin ados egonda ere, petrolioa eta gasa zigortzearen inguruan eztabaida handiagoa dago, baina «lehenago edo geroago» iritsiko da, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak ziurtatu duenez.

Alemaniak errefusatzen du Errusiako energia-iturri guztien gaineko berehalako enbargoa: gasaren kasuan, bereziki. Berlinek, hala ere, harekiko mendekotasuna alboratu nahi du, eta urtea amaitu baino lehen petrolio-erosketak geldiarazteko asmoa agertu du: prest dagoela ere esan du Gobernuak, gerra baino lehen zuen %35eko mendekotasuna %12ra jaistea lortu duelako.

Baina petrolio hori Schwedt-eko findegiaren izateko arrazoia da. Hara iristen da munduko oliobide luzeenaren adar bat Errusiako hego-ekialdetik: “Druzhba” oliobidea 1960ko hamarkadan jarri zen martxan, SESBetik Ekialdeko blokeko herrialdeetara petrolio gordina garraiatzeko.

Errusieraz druzhba-k «adiskidetze» esan nahi du. 2021. urteko bukaeran Rosneftek PCK findegian duen partaidetza %54tik %92ra handitzeko asmoa iragarri zuen, Shell-i haren akzioak erosita. Errusiako taldearen buru Igor Setchin da, Vladimir Putinen gertuko oligarka, Mendebaldearen zigorren jomuga. «Mundua normala zen garai hartan. Ez zegoen errusiarren partehartzeari uko egiteko arrazoirik. Errusian ere Alemaniak parte hartzen zuen», dio Alexander Von Gersdorff En2x Alemaniako Petrolio Industriaren Elkarteko bozeramaileak.

Gaur egun seguru dago: «Errusiaren petroliorik gabe, Schwedteko findegia zerbitzutik kanpora geratu beharko da. Ez legoke gasolina eta diesel gehiago Berlinentzat, haren eskualdearentzat edo mendebaldeko Poloniarentzat».

Oso konplexua

Alemaniako Gobernuak onartu du Schwedten kasua oso konplexua dela. Behin behineko nazionalizatzea ere eztabaidatu da komunikabideetan. Hau izan da Gazpromen Alemaniako filialarekin hartu duen aparteko neurria.

Paper bateko izkinean diagrama bat marraztuz, Opitzek dio findegirako alternatibak aurki daitezkeela Errusiako petrolioa ordezkatzeko.

Dioenez, munduko beste leku batzuetatik petrolioa jaso dezakeen oliobide bat ateratzen da Rostock portutik eta Poloniak Gdanskeko portuaren bidez osatu dezake hornidura.

«Ez da oso errealista», adierazi du Von Gerstoffek, zailtasun logistikoak kontuan hartuta: Rostockek ezin ditu petrolio-ontzi aski handiak hartu; Poloniak bere gaitasun guztien beharra du bere dibertsifikaziorako. Eta horrez gain, Alemaniako ekialdeko findegiak Errusiako petrolioarekin lan egiteko diseinatu ziren, ezaugarri berezi batzuekin. «Agertoki logistiko eta teknologiko desberdinak» aztertzen ari direla esan du enpresak. «Azken erabakia politikoa izango da», dio Opitzek.