NAIZ

Nazioartea beraiekin ahazten ari dela salatu dute errefuxiatu palestinarrek

Errefuxiatu palestinarrei laguntzen dien Nazio Batuen agentziak (Unrwa), zerbitzu batzuk beste agentzia batzuei utziko dizkie, bere arazo ekonomikoak direla eta. Palestinarrek gero eta baztertuago ikusten dute beren burua nazioartean.

Palestinar bat soldadu israeldarrei aurre egiten Naplusan, Zisjordania okupatuan.
Palestinar bat soldadu israeldarrei aurre egiten Naplusan, Zisjordania okupatuan. (Jaafar ASHTIYEH | AFP)

Apirilaren 24an eman zen jakitera berria eta hautsak harrotu ditu palestinarren artean. Nazio Batuen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren (Unrwa) komisario orokorrak, Philippe Lazzarinik, laguntza helarazteko beste era batzuk aurkitu beharko dituztela ohartarazi zuen, diru faltagatik.

1.600 milioi dolarreko aurrekontua du Unrwak (1.500 milioi euro) eta 30.000 langile. Horrela, bada, oinarrizko zerbitzuak (heziketa, osasuna…) eskaintzen dizkie Libanon, Sirian, Jordanian, okupatutako Zisjordanian eta Gazako eremuan sakabanatuta dauden 5,7 milioi errefuxiatu palestinarrei.

«Solik emaileen diruaren menpe egoteak ez du zentzurik», azaldu zuen Philippe Lazzarinik. «Aukera bat aztertzen ari gara eta zera da, kideen laguntza beste zerbitzu batzuen bidez ematea, betiere Unrwa-ren izenean eta kontrolpean», gaineratu zuen.

Izan ere, 2020. urte amaieratik hona bere historian izan duen krisi ekonomikorik larriena bizi du agentziak eta honi aurre egiten ez bazaio Gazan eta Libanon bizi diren errefuxiatuentzat ondorio suntsigarriak izango direla ohartarazi zuen.

Joe Bidenen Amerikako Estatu Batuek Unrwa-ri dirua emateari berrekin diote, Donald Trumpek guztiz moztu ondoren. Hala ere, agentziak 100 milioi dolarreko defizita aurreikusten du bere 2022ko aurrekontuan. Eta hori «Ukrainako krisia dela eta, jakien prezioaren igoera kontuan hartu gabe», azaldu du Tamara Al-Rifai bozeramaileak.

Auziak teknikoa eta administratiboa dirudi baina eragina izango du palestinarrengan.

Haserre eta kezkati

Palestinaren Askapenerako Erakundeak (PAE) bere haserrea azaldu du. Mohammed Shtayyeh Palestinako Agintearen (PAN) lehen ministroak neurri hauek Unrwa sortu zuen Nazio Batuen ebazpena bertan behera uzen dutela salatu du.

«Unrwa desegiteko saiakera baten hasieran gaude», deitoratu du Hamas alderdi islamistaren bozeramaile batek, Mohammed al-Madhoun-ek.

«Auzia ez da soilik zerbitzuak ematea, ardura baizik», gogora ekarri du Mohammed Shehadak, Genevan dagoen Giza Eskubideen Behatoki Euro-Mediterraneoaren adituak.

«Unrwa desegiteak mezu argia dakar, palestinarren zioa ez dela lehentasuna nazioartearentzat, beraien auzia soilik humanitarioa dela, ez gehiago», gaineratu du Shehadak, 1948an Israelek euren etxetik bidali zituen palestinarren eta haien familien «itzultzeko eskubidea palestinarren izaeraren ardatzetakoa» dela gogoraraziz.

«Jerusalem Development Fund»-eko zuzendaria den Samer Sinijlawi-ren ustez, Unrwaren agintariaren oharpena palestinarrei begira «zunda-baloi» bat izan daiteke, agentziaren agindua berritzeko Nazio Batuetan 2023an egingo den bozaren bezperatan.

Lazzariniren adierazpenak «argi berdea ematen die agentziaren lanarekin amaitzeko asmoa duten herrialdeei agindua ez berritzeko», dio lurralde palestinarretan garapen humanitarioaren alde egiten duen GKEaren zuzendariak.

Errefuxiatu palestinarrek ez dute Unrwa aldatzea nahi, bere agindua betetzea baizik, «Israelek nahi ez duen errefuxiatuen itzulera eskubide besterenezina» ziurtatzea alegia, gaineratu du Sinijlawik.

«Unrwa desegiten badute edota bere zerbizuak kanporatzen badira, palestinarrei dagozkien eskubideak kolokan jarriko dira», bat dator agentziaren bozeramailea izan zen Chris Gunnessek.