Astebeteko geldialdia nahikoa izan du Jokin Altunak bere ezker eskua osatu, edo gutxienez kantxara irteteko moduan ikusteko, eta Donostiako Atano III.ean egindako frogaren ostean, larunbatean Jose Javier Ezkurdiaren aurka jokatzeko asmoa duela esan dio enpresari. Txapeldunak hiru ordu laurden inguru aritu da, Jon Apezetxearen begiradapean, bere ezker eskua probatzen, eta larunbatean jokatzeko hautua hartu dute. Garaipena lortzen duenak, jardunaldi honetan ere, sorbaldako minak jota, bere partida jokatzeari uko egin dion Unai Lasoren aurka jokatuko du finalerdietan.
Altuna III.k larunbatean jokatuko du #eskupilota
— ASPE Pelota (@ASPEpelota) May 5, 2022
Altuna III jugará el sábado #PelotaVasca pic.twitter.com/FmT8NvSnfH
Amezketarraren kasuan, final laurdenetako lehen jardunaldian Darioren aurkako partidan hartu zuen min ezker eskuan eta bigarren jardunaldian Joseba Ezkurdiaren aurka ez jokatzea erabaki zuen. Asteartean Zabaletak Dariori Legazpin irabazi izanak, ordea, azken jardunaldi honetara aukera guztiak bere esku dituela heltzea ahalbidetu dio Altunari eta hil edo biziko partida hori jokatzera irtetea erabaki du. «Gustura geratu naiz, aste honetan eskuak dezente hobetu dit eta eskua erabat txikitzen duzunean bere denbora behar du, asteak behar ditu %100ean osatzeko baino jakin behar da %100ean ez zaudenen jokatzen eta probak egin eta prest jokatzeko», azaldu du.
Erabakia hartuta, lasaiago dagoela onartu du amezketaerrak. «Azken egunak niretzat ez dira errazak izan, buruari buelta asko, masajeak... gero entrenatu ere ezin izaten duzu egin eta beti duzu kezka hori. Badakit larunbatean asko sufritu behar dudala, partida oso zaila dudala, baina prest ikusten naiz sufritzeko eta gustura», gaineratu du.
Onartu du hala ere, ez dela bere sasoirik onenean kantxaratuko. «Pilotaria 100%ean ondo entrenatuta dagoenean eta astez aste jokatzen ari denean egoten da, nire kasuan hala heltzea oso zaila da, baina eduki izan ditut lehen ere askotan arazo gehiago. %100ean uste dut inor ez dagoela, aurten are gutxiago esango nuke, Josek ere asteartean jokatu zuen», azaldu du amezketarrak.
Zabaletaren kexua
Asteartean Legazpin partida gogorra jokatuta, Jose Javier Zabaletak hiru egun baino ez ditu izango hartutako jipoiaz osatu eta partida erabakigarri hau prestatzeko eta etxarrendarra kexu agertu da. «Ziur nintzen Jokinek jokatuko zuela. Kontua da denok ez garela egoera berdinetan heltzen. Ez da normala batzuk 15 egun izatea eta beste batzuek 3. Ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz, baina uste dut Jokin Altuna ni baino hobeto heltzen dela partida honetara», gaineratu du.
Jokatzearen erabakiarekin, Altunak pisu bat kenduko zien gainetik enpresei, zalantza guztiekin, ligaxkako azken jardunaldia nolabait «salbatu» dutelako, baina hurrengo urteei begira, lehiaketa sistemari buelta bat eman beharrean daude eta, batez ere, erabakiak hartu aurretik pilotariekin hitz egiten, ia inor ez dagoelako gustura aurtengo sistemarekin.