NAIZ

ELAk salaketa aurkeztu du epaitegietan Alconzak kaleratutako 25 langileak berriro onartzeko

Berangoko Alconza enpresak eta Irizar taldeak kaleratutako 25 langileak berriro onar ditzatela eskatzeko salaketa aurkeztu du ELAk epaitegietan. Sindikatuaren ustez, enpresako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dute «inolaz ere» justifikatzen hartutako neurria».

Alconzako langileen manifestazioa Bilbon.
Alconzako langileen manifestazioa Bilbon. (ELA)

ELAk demanda bat aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko aretoan, Berangon egoitza duen Alconza enpresak apirilean izapidetutako enplegu-erregulazioko espedienteak eragindako 25 kaleratzeak baliogabetzeko eskatuz.

Sindikatuak dioenez, alde batetik, enpresak ez ditu Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak bete. «Besteak beste, ez dira langileen eragin irizpideak adierazten. Are gehiago, kaleratuak izan diren langileak kaleratzeen aurkako greba egiten ari diren langileak dira, kanpo geratu direlarik greba horretan parte hartzen ez duten langileak». Alderdi hori bereziki nabarmendu du lan agintaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientearen izapidetzean egindako nahitaezko txostenean», azaldu du.

Bestalde, ELAk uste du Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dutela «inolaz ere» justifikatzen hartutako neurria, eta salatu du enpresaren jabe den Irizar Taldeak ez duela parte hartu Berangoko zentroak izan ditzakeen arazo koiunturalei aurre egiteko adostutako eta traumatikoa ez den konponbide baten bilaketan.

Alconzako langileek honezkero 60 eguneko greba mugagabea egin dute aipaturiko neurriaren aurka, eta mobilizazio ugari egin dituzte, kaleratzerik aurreikusten ez duen irteera bat eskatzeko.

Era berean, Alconzako langileek laguntza eskatu diote Gasteizko Parlamentuari: «Euskal Herriko enpleguaren eta industria sarearen defentsak euskal erakundeen benetako babesa behar du, eta ez poliziak bidaltzea beren lanpostuak defendatzeko greba eskubideaz baliatzen diren langileak zapaltzeko».

Azkenik, ELAk adierazi du eskura dituen tresna guztiekin borroka sindikala eta judiziala egiten jarraituko duela Euskal Herrian enplegu gehiago suntsitu ez dadin.