Arnaitz Gorriti

Europako txapelduna indartsuegia izan da Bidaideak taldearentzat (86-69)

Nahiz eta jokalari garrantzitsuak falta, bizkaitarrek azken laurdenera arte eutsi diote Lahn-Dilli. Alabaina, Kozai eta Fujimoto japoniarrek eta Böhman alemaniarraren puntuek finalerdietako atea itxi diote Adrian Yañezek zuzentzen duen taldeari.

Hiroaki Kozai, Bidaideaken borreroetako bat, saskira jaurtitzen Luis Jassoren aurrean.
Hiroaki Kozai, Bidaideaken borreroetako bat, saskira jaurtitzen Luis Jassoren aurrean. (@BIDAIDEAK)

RSV LAHN-DILL 86 - BIDAIDEAK BILBAO BSR 69

Bidaideak Bilbao BSRk oso lan zaila izan du Europako Txapeldunen Kopako final-laurdenetan, RSV Lahn-Dill egungo txapelduna izan baitu aurkari. Adrian Yañezek zuzentzen duen taldeak, nahiz eta jokalari garrantzitsuak falta, oso itxura eona man du eta azken laurdenera arte aurpegia eman du.

Alabaina, Reo Fujimoto eta Hiroaki Kozai japoniarren puntuak –27 eta 23, hurrenez hurren–, Thomas Böhman alemaniarren kapitainaren azken laurdeneko jokoarekin batera –bere 20 puntuetatik 14 azken minutuetan sartu ditu–, larregi izan dira bilbotarrentzat. Bizkaitarren errotazioa oso laburra izan da eta azkenerako, aurkarien talentuak eta euskaldunen nekeak pisu astunegia izan du finalerdietara pasa ahal izateko. Iaz laugarren amaitu zuten bilbotarrek, baina aurten ezin izan dute iazko marka berdindu, neurri handi batean aurkaririk gogorrena lehenengo egunean bertan egokitu zaielako.

Batez ere, Asier Garcia kapitaina denboraldi hasieratik falta duen talde honi ezin dakioke gehiago eskatu. Adrian Yañezenak lehiakor izateko esperantzarekin joan ziren ostegunean Alemania aldera eta hala izan dira, nahiz eta ia hasieratik atzetik joatea egokitu zaien.

Mailu japoniarrak

Hiroaki Kozai japoniarra izan da Lahn-Dill taldearen etengabeko mailua aurreneko minutuetan. Hiruzpalau metrotik ia akatsik egiteke bota du saskira eta bilbotarren defentsak ere ez du jakin nola geratu pasa den Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu duen jokalaria.

Bilbotarrek bere aldetik Avendaño eta Manuel Enrique Lorenzoren puntuei esker, bizkaitarrek gertu eutsi diote aurreneko laurdenari. Baina bigarrena hasteaz bat, Reo Fujimoto ordezko japoniarrak hatu du Kozai herkidearen lekukoa. Bilbotarrek 28na berdindu duten arren, ez zaie asko kosta Europako egungo txapeldunei sei puntu inguruko aldea ateratzea.

Lahn-Dillek gehienez zortzi puntuko aldea ere izan du, baina David Mourizen hirukoak eta alemaniarrek jaurtiketa libreen marratik egindako hutsegiteak direla medio, atsedenaldira Adiran Yañezen gizonak bost puntuko desabantailaz baino ez dira iritsi: 44-39. Talde alemaniarrak errotazio askoz luzeagoa erakutsi du, baina Bidaideak bikain moldatu da nahiz eta ia denbora guztian hasierako bostekoarekin jardun behar izan duen.

Aldageletatik bueltan, David Mourizen hiruko batekin ekin dio bigarren erdiari Bidaideak Bilbao BSRk, eta defentsa gogotik gogortuz ere bai. Alabaina, ez zaio asko kosta talde alemaniarrari txanpon berarekin erantzunda markagailuan aldea zabaltzea. Hala, Kozai japoniarrak 52-44 markagailua jarri berritan, Adrian Yañezek nahitaez hutsartea eskatu behar izan du.

Neurketaren erritmoak gorantz egin ahala, gehiago hasi zaie kostatzen bilbotarrei saskiratzeak lortzea. Hala, uztaipean kale egindako jaurtiketak eta galdutako baloiak pilatzen hasi dira. Zorionez, Lahn-Dill ere nekea nozitzen hasi da eta Kozairen etorria apur bat murriztu da. Ondorioz, azken laurdenaren hasierara aukera guztiekin iritsi da talde bizkaitarra: 59-53.

Böhmannen ordua

Ez dira gauzak ongi hasi Bidaideakentzat azken laurden honetan, Thomas Böhman, Lan-Dhilleko kapitainak aurrenekoz hamar puntutan jarri baitu aldea: 63-53. Berehala iritsi da bilbotarren erantzuna, baina Fujimoto eta Böhme partida erabakitzeko prest azaldu dira. Hala, alemaniarraren hiruko bati japoniarrak sartu duen kontraeraso erraz bat gehitu zaio. Ondorioz, markagailua 70-59 jarri da eta, amaitzeko zazpi minuturen faltan, Adrian Yañezek jokoa geratu behar izan du, aukera guztiak galdu baino lehen.

«Asier Garcia halako egoerak iraultzeko kapaz da eta ziur faltan botako dutela», adierazi dute European Cup hau eskaintzen ari den Alemaniako Telebistatik. Arrazoi osoarekin, gainera, nahiz eta David Mourizek etsitzeko imintziorik txikiena egin ez. Mouriz eta Avendaño kapitainaren artean 0-5eko partziala lortu dute, markagailua 72-64 jarriz. Tamalez, Böhme eta Fujimotok hiruko banarekin erantzun dute: 78-64.

Nekeak eta pertsonalek ere kontua pasa diote Adrian Yañezen taldeari, eta alemaniarren aldetik, berriz, Kozai ordezkoen aulkitik kantxara sartu eta saskiratzea lortzea, dena bat izan da. Partida apurtzen amaitu du jokalari japoniarrak eta finalerdietarako bidea behin betiko itxita, Macsorley eta Mariana Perez ordezkoak kantxara ateratzea erabaki du Adrian Yañezek, etsita. Itxura ona eman arren, egungo txapelduna gehiago izan da azkenean.

PARTIDAKO FITXA

Lahn-Dill: Jannik Blair (4), Bell (8), Kozai (23), Böhme (20) eta Brown, –hasierako bostekoa– Reo Fujimoto (27), Mosler (4), Zantinge, Mizan eta Weiss.

Bidaideak: Mendiluze (2), Mouriz (19), Avendaño (15), Jasso (15) eta Manu E. Lorenzo (16) –hasierako bostekoa– James Macsorley (1) eta Mariana Perez.

Partzialak: 22-19, 22-20, 15-14, 27-16.

Gorabeherak: European Champions Cupeko final-laurdenetako kanporaketa, Alemaniako Erfurt hirian.