«Ez dakit gure muga non egongo ote den; dakidana da orain dugun maila ezin dugula jaitsi». Horra Neven Spahijaren abisua Bitci Baskoniak larunbat arratsaldeko 18.00etan Basket Zaragozaren aurka jokatu beharreko partidaren bezperan. Teorian bederen, arabarrek erraz asko irabazi behar lukete Buesa Arenako partida eta, bide batez, sailkapenean seigarren postura salto egingo lukete logika hori beteko balitz.
Orain arte 31 partida jokatu dituzte gasteiztarrek eta ACB Ligako sailkapenean 18-13 balantzearekin zazpigarren postuan daude. Bere aurretik Manresa dago, garaipen bat gehiagorekin, partida bat gehiago jokatu baitu. Izan ere, talde katalanak ostiral honetan FIBA BCLko Lauko Finaleko dema dauka eta hargatik joan zen aste erdian Betisen aurka jokatu –eta galdu– zuen. Aurrez, Gasteizen egurra jaso zuen Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak eta, bada, Baskonia Manresa sailkapenean harrapatu eta atzean uzteko puntuan dago, baldin eta, esan bezala, Zaragozari irabazten badio.
«Ez diot sailkapen nagusiari begiratu nahi», esan du, hala ere, gasteiztarren entrenatzaile kroaziarrak. «Partida bakoitzari bere garrantzia eman nahi diot eta egunez egun joatea nahiko nuke ahalik eta mailarik altuena ematen joan dadin taldea», azaldu du.
Hargatik, pasa den asteburuan Unicajaren aurka irabazi arren, «defentsako erreboteko lana hobetzea» izan da Spahijaren adierazpenen ardatzetako bat. «Malagan erasoan 20 errebote hartu zizkiguten eta bigarren aukera horiek zirela medio 16 puntu sartu zituen Unicajak; ezin dugu halakorik berrriz ere gertatzerik ametitu», ohartarazi du.
Abenduko egun txar hura
Abenduaren 28an, Zaragozan jokatu zuten talde hauek biek, eta egun hartan 97-79 nagusitu zen Aragoiko taldea. Partida hura bizpahiru orduz atzeratu egin behar izan zen Neven Spahiaj berak covid-19arekin positibo eman baitzuen. Ondorioz, jokalariei proba osagarriak egin behar izan zitzaizkien eta, tamalez, partidara begirako kontzentrazioa pikutara joan zen Baskoniako jokalarien artean.
«Ez diot egun hari jaramonik egin nahi. Azken baten, talde biak orain oso ezberdinak gara eta egoera ere erabat ezberdina da», aipatu du entrenatzaile kroaziarrak aurreneko itzuliko partidaren harira.
Egia da ordutik hona asko aldatu dela Baskonia, eta askoz gehiago Zaragoza. Jaume Ponsarnauren ordez Dragan Sakota da orain Aragoikoen entrenatzaile berria, eta Frankie Ferrari, Mekowulu eta beste zenbait jokalari beriri esker, sailkapeneko zulotik hanka egin nahian dabil. Alabaina, 11 garaipen ditu eta ez du matematikoki mailarik oraindik mantendu. Joan zen igandean Bilbao Basketi irabazi izan balio aurrerapauso galanta emango zukeen, baina bizkaitarrek ere asko zuten jokoan eta beren aukera baliatu zuten ACB Ligako sailkapeneko zortzi onenen artean sartzeko.
Azken jardunaldietako ordutegiak
ACB Ligak azken bi jardunaldietako orduak ezagutarazi ditu, halakoren batean. Hala, datorren asteartean, hilaren 10ean, 19.00etan Bartzelonari bisita egin beharko dio Surne Bilbao Basketek eta, berriz, asteazken gaueko 21.30etan –Euskal Herriko ordutegia– Txus Vidorretaren Teneriferi bisita egin beharko dio Bitci Baskoniak. Zaragozari larunbatean bezala, Teneriferi asteazkenean irabaziko balu, ACB Ligako bosgarren lekura salto egin lezake talde gasrteiztarrak.
Bestalde, hilaren 14an, igandez, amaituko dute ACB Ligako Fase Erregularra euskal taldeek. Biek ala biek igandean 20.45etik aurrera jokatuko dute. Joventuten aurka jokatuko du Baskoniak –eta akaso laugarren ere izateko azken aukeratxo bat izan lezake– eta, bere aldetik, Bilbao Basketek maila mantendu nahian sekulako sprinta egiten ari den Betis izango du aurkari Miribillan.