NAIZ

Hamabi urteko kartzelaldiaren ostean aske da Josu Urbieta azpeitiarra

Josu Urbieta Alkorta Azpeitira itzuliko da larunbat honetan, Estatu frantsesean ETAko kide izateagatik ezarri zioten zigorra beteta. Hamabi urte izan dira.

Josu Urbieta Alkorta Azpeitira itzuliko da larunbat honetan
Josu Urbieta Alkorta Azpeitira itzuliko da larunbat honetan (NAIZ)

Mont de Marsaneko espetxean agortu du larunbat honetan zigorra Josu Urbieta Alkorta azpeitiarrak. Estatu espainolera eramana izan ostean aske utzi dute bertan eta etxerako bideari ekin dio.

Hamabi urtez preso izan dute Urbieta, azken lau urteetan Mont de Marsanen (hara Poitiersetik lekualdatu zuten, Raul Aduna eta Jon Salaberriarekin aldi berean).

2010. urteko ekainean atxilotu zuten Vars-sur-Rosex izeneko herrixka batean, auto bat lapurtzeko saiakera egotzita. ETAko kide izateagatik zigortu zuten Pariseko auzitegi bereziek 2015. urtean.

Bi urte beranduago, apelazio saioan, Jean-Serge Nerin jendarmearen heriotza izan zuten hizpide lau auzipetuek, tartean Urbieta bera zela. ETAk nahi ez zuen talka baten ondorioa izan zela berretsi eta haren senideei doluminak helarazi zizkieten. 2010eko martxoan jazo zen ezbeharra eta ETAren eskutik gertatutako azken heriotza izan da.

Azpeitian haren aldeko ekimenik ez da falta izan urte hauetan. Bi aste barru bertan egin behar den Sare Eguna delakoaren aurkezpenean haren egoera eta Gotzon Aranburu herrikide presoarena ekarri zituzten gogora.

Urbieta libre gelditu ostean, Mont de Marsaneko kartzelan euskal preso bat baino ez da geldituko, eta aste gutxi batzuetarako gainera.

Xabier Goienetxea Lannemezanera eramana izan ondoren maiatza amaieran bere zigorra amaituko duen Ekaitz Sirvent gelditu da hil honen bukaeran euskal presorik gabe geldituko den Landetako kartzelan. Lannemezanen 13 euskal preso daude gaur egun.