Nola alda daitezkeen gauzak kirolean egun batetik betera! Duela egun gutxi batzuk, Super Amara Bera Bera «etxeko» Kopatik kanporatua izan zen, finaletik at geratzeraino, eta igande honetakoa egun handia izan daiteke talde donostiarrarentzat.
Imanol Alvarezek gidatzen duen jokalari-multzoa Ligako txapeldun bihur daiteke, bere historiako zortzigarrena lortuz eta hirugarrena segidan. Horretarako, Unicaja Banco de Gijoni (La Arena, 18.00, Teledeporte) irabazi behar dio.
Lau partidaren faltan, zazpi puntuko aldea dute bigarren sailkatua den Costa del Sol Malagarekiko, baina andaluziarrek averagea alde dute eta maiatzaren 25ean jokatuko dute euren jardunaldia Granollersen. Beraz, biharko bi puntuek txapelketa emango liekete gipuzkoarrei.
Hori bai, garrantzitsua izango da Kopan jasotako porrota alde batera uztea. Ostiral goizean, Esther Arrojeriak hedabideen aurrean aitortu zuen «kosta egin dela baina igandean helburu argia dugu eta haren bila joan behar dugu».
Ez da erraza izango. Unicaja Banco Gijonek hilabete baino gehiago darama etxean jokatu gabe, hirugarren da sailkapenean Malagatik puntu bakarrera (Europa ziurtatuta dute andaluziarrek), Super Amara Bera Berarengandik zortzira daude, eta bi puntuko abantaila dute Rocasarekiko eta hiru Guardesekiko.
Imanol Alvarez entrenatzailea, aldiz, egunotan adierazi du «abuztutik ari garela lanean helburu horrekin, eta orain lortu dezakegun astean gaude».
Ermuakoak aitortu du «minduta gaudela gure etxeko Kopako finala jokatu ezin izan dugulako, baina buelta eman behar diogu, patuak txapeldun izateko aukera ematen digu astebete geroago, motibazio handia da eta ez dago aitzakiarik kolpea gainditzeko».
«Larunbateko partidaren amaieran esan nien bezala, dolua egon behar da, baina zenbat eta laburragoa izan, orduan eta hobeto», azaldu du.
Dena den, «taldea bizirik ikusten dut, erreakzionatzeko gaitasuna izan zuen larunbatean eta Xixonen irabaz dezakegula» uste du. «Beraiek ere galtzetik datoz, eta une txarrak igaro dituzte, horregatik, uste du lehenago errekuperatzen den taldeak aukera gehiago izango dituela gaineratu du. Haren ustez, «Xixonek ere konjuru txiki bat egingo zuten ondo amaitzeko eta Europan sartzeko borrokan aritzeko».
Garaipen lasaia Zuazorentzat
Zubileta Evolution Zuazok garaipen lasaia lortu du larunbat honetan Sant Quirzeren kontra (32-23). Lasaia, azken emaitza ikusita, baina egia esateko, talde bizkaitarrak gogotik egin behar izan du lan bigarren zatian, atsedenaldira 14-13 joan baitira aurretik.
Abantaila garrantzitsuak lortu dituzte Barakaldokoek lehen zatian. Izan ere, seigarren minutuan hiru goleko errenta izan dute (4-1), ondoren bostera handitu egin da (9-4, 10-5 eta 11-6), baina kanpokoek etxekoen hutsak aprobetxatu dituzte Zuazoren atean mina egiteko eta gol bakar bateko abantailarekin aldageletara joateko.
Bigarren zatiaren hasieran 14na berdindu du Sant Quirzek. 15na ere berdindu egin dute katalanek, baina momentu horretan 4-0eko partzial bat lortu dute Joseba Rodriguezen jokalariek (19-15, 38. minutua) eta pixkanaka handitzen joan dira abantaila, bederatzi goleko errentagatik irabazi arte.
Bizkaitarrak egun dezente zeramatzaten lehiatu gabe –tartean Donostiako Kopa jokatu da–, baina fisikoki ondo aritu dira eta gol aldetik, ondo banatu dituzte: Paula Garcia, Isabel Fernandez-Agusti eta Maddi Bengoetxeak lau gol eskiratu dituzte bakoitzak. Gainera, Garoa Sarrionandia, Ane Encina, IZei Permach eta Magdalena Fernandez-Agustik beste hiru golekin lagundu dute