NAIZ

Europa Egunean jasangarritasunaren aldeko keinuak proposatu dituzte gazteek

EAEko gazteek, Europa Egunean, kontsumo energetikoari, garraioari, elikadurari, birziklapenari eta digitalizazioari buruzko eguneroko keinuak proposatu dituzte Gasteizen. «Kontsumo-ohituren aldaketa» eta «hurbileko ingurunean gizarte-eraldaketako eragile gisa ahalduntzea» lehenesten dira.

Ekitaldian, gazteek erkametz baten kimua landatu dute.
Ekitaldian, gazteek erkametz baten kimua landatu dute. (IREKIA)

EAE-ko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) gazte-talde batek igande honetan Gasteizko Salburuako hezeguneko interpretazio-zentroan, 'EAE jasangarriagoa izateko EAEko gazteen konpromisoak' izeneko dokumentua aurkeztu du. Hartan, gazteek jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde duten jarrera zehazten da.

Ekimena Europa Egunarekin bat antolatu da, Gazteriaren Europako Egunean, EAErako eta Europarako etorkizun ekologikoagoa, inklusiboagoa eta digitalagoa eraikitzeko gazteek duten eginkizuna sustatzeko.

Lakuako Gobernuak herritarren pertzepzioari buruz eginiko azken azterlanek erakusten dute herritarrek jasangarritasunaren eta larrialdi klimatikoaren inguruko kontzientziazio handia dutela: EAEko herritarren erdiak baino gehiagok, gazteek, bereziki, «ernegua» erakutsi dute klima-aldaketaren fenomenoaren aurrean; erronka hori nagusitzat jotzen dute beste edozein politikaren aldean.

Aurkezpena Arabako hiriburuko Ataria interpretazio-zentroan izan da, eta, hartan, Arantxa Tapia eta Beatriz Artolazabal sailburuek gazteen lantaldeek eginiko adierazpena, analisia eta ondorioak entzun dituzte. EAEko gazteek administrazioei honako hau proposatu diete: «Gazteen portaera jasangarriak sustatuko eta haietarako bide emango dituzten tresnak diseinatzea, eta, enpresen kasuan, ekoizpen efizientea eta tokikoa sustatzea».

Ekitaldia amaitzeko, bihar, astelehenean, eztabaida bat izango da Bilboko Azkuna zentroan. Parte hartzeko prozesu hori Ihobe Lakuako Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoak dinamizatuko du, EGKrekin batera. Parte hartu duen gazte-taldeak honako hau adierazi du: senitarteko eta adiskideen hurbileko ingurunean «kontsumo-ohiturak aldatzeko eta gizarte-eraldaketako eragile gisa ahalduntzeko beharra».

Ahalmena

Parte-hartzaileek eragile eraldatzaile gisa duten «ahalmena» nabarmendu dute, eta haien sormena, egokitzeko gaitasuna eta aldaketarako irekiak izatea azpimarratu dituzte gizartea parametro jasangarriagoetara eramateko ahalmena duten tresna gisa.

Bestalde, EAEk eta haren erakundeek garapen jasangarriaren eta klima-aldaketaren inguruan egiten duten ahalegina aitortzen dute, eta honako hau eskatzen diete administrazio publikoei: «komunikazio-, sentsibilizazio- eta hezkuntza-lana sustatzeko, herritar guztiak eta, bereziki, gazteak kontzientziatzeko».

Arantxa Tapiak honako hau azpimarratu du: «Europar Batasunak proposatu duen European Green Deal krisitik irteteko eta etorkizun jasangarriagoa sustatzeko mekanismo nagusietako bat gisa nabarmentzen du». Sailburuaren iritziz, «hazkuntza jasangarriko estrategia bat da, eta aukera emango du 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko».