NAIZ

10 kulturgilek tortura pairatu duten nafarren kasuak ikertzeko eskaria egin dute

Saioa Alkaiza, Abel Azcona, Montxo Armendariz, Santos Bregaña, Aingeru Epaltza, Irati Jimenez, Furia (Nerea Loron), Aitor Merino, Dora Salazar eta Laura Villanueva Arteaga kulturgileek bat egin dute Nafarroako tortura kasuak argitzeko ikerketa eskatu eta ekainaren 25eko martxarekin.

10 kulturgilek tortura pairatu duten nafarren kasuak ikertzeko eskaria egin dute.
10 kulturgilek tortura pairatu duten nafarren kasuak ikertzeko eskaria egin dute. (Nafarroako Torturatuen Sarea)

1983ko otsailaren 17an, José Luis López Aranguren filosofoak eta Carlos Castilla del Pino psikiatrak ‘Propuesta estabilizadora contra la tortura’ izeneko idatzia argitaratu zuten. Gonzalo Martinez-Fresneda, Jose Maria Mohedano, Marc Palmes, Jose Ramon Recalde, Rafael Sanchez Ferlosio eta Fernando Savater intelektualek ere sinatu zuten idazkia, eta Felipe Gonzalezen Gobernuari zuzendu zitzaizkion tortura salatuz eta honen amaiera eskatuz.

Urte bereko maiatzean, beren hitzari leial, proposamenaren sinatzaile guztiek ‘70 días y 70 veces’ izeneko bigarren idazki bat argitaratu zuten, bertan, beren proposamenaren eta espainair Estatuko tratu txarren balantzea egiten zuten.

Orduan egin bezala, orain 10 kulturgile nafarrek tortura kasuak argitzeko ikerketa profesional bat eskatu diete erakundeei.

«Bi idazki hauek argitaratu zirenetik ia lau hamarkada joan direnean, tristea da egiaztatzea tortura ez zela desagertu. Bi urte eta erdi geroago, 1985eko azaroan, Mikel Zabalza nafarra Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zen, eta 35 urte geroago, 2018ko otsailean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Gobernua kondenatu zuen Igor Portu eta Mattin Sarasola nafarrei atxiloketan emandako tratuagatik, izan ere, epaiaren arabera, tratu honen basakeriaren helburua ETAko kide izateagatik salatzaileen aurkako umiliazioa, zigorra eta mendekua zen», adierazi du Nafarroako Torturatuen sareak.

Torturaren iraupen horrek «arrazoi askotarikoak» izan dituela nabarmendu dute, baina nazioarteko auzitegien kondenek, erakunde ofizialen zein giza eskubideen aldeko erakundeen txostenek eta denbora honetan etenik izan ez duten torturatutako pertsonen testigantzek «balantze tragiko bezain eztabaidaezina» erakusten dutela ere azpimarratu nahi izan dute.

Hala ere, «aurrerapausoak» izan direla nabarmendu dute. Kontrakoa esatea «miopea eta baldarra izateaz gain, bidegabea izango litzateke torturaren biktimekin eta baita torturaren praktika sistematiko eta indiskriminatuarekin amaitzea lortu duen gizartearekin ere».

Zentzu horretan, 2021eko martxoan, Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek, aho batez, Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko ikerketa bat eskatu zutela edo aurtengo otsailean «Nafarroako eragile sozial, politiko eta sindikal gehienen eta Nafarroako ordezkari instituzional legitimoen babesarekin» haien plataforma aurkeztu zutela ekarri dute gogora.

Sarearen arabera, 1.000 pertsona inguru torturatuak izan dira Nafarroan 1960 eta 2014 bitartean, eta torturatutako pertsonen aitortzaren eta erreparazioaren alde lan egiteko helburuarekin sortu zen sarea, «zigorrerako edo errebantxarako asmo oro baztertuta». Horretarako, bere lehen urratsak ikerketa ofizial, profesional eta independente bat ahalbidetzera bideratu ditu.

Idazki hau sinatu dutenek bat egiten dute eskakizun horrekin eta nafar torturatuak beren aitortza eta erreparazio erreklamazioan laguntzeko asmoz eman dute pauso hau. Zentzu horretan ekainaren 25ean, Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren bezperan, Iruñean deitu den manifestazioan izango direla ere adierazi dute.

«Iraganean torturaren lotsagarrikeria saihesteko gai izan ez baginen ere, mende erdi barru, ondorengo belaunaldiek ez dezaten galdetu behar nolatan ez genuen lotsagabekeria honen aurrean ahotsa altxatu, zer dela eta ez genuen sufrimendu latz honekin enpatizatu, eta, azken batean, zergatik uko egin genion giza aukera eta ortzi-mugarik ederrenari», amaitu dute.

Eskari honekin bat egiteko deia egin diete kulturgileei, culturastoptortura@gmail.com helbidera idatziz.