Alaia Sierra

Etxeko langileen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahairako eskaria erregistratu du LABek

LAB sindikatuak EAEko etxeko langileek hitzarmen kolektibo bat izan dezaten negoziazio mahaia irekitzeko eskaria erregistratu du astelehen honetan Lan Harremanen Kontseiluan. Haien ustez «premiazkoa» da sektore honetan hitzarmen bat izatea.

Etxeko langileak Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, erregistroa egin aurretik.
Etxeko langileak Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, erregistroa egin aurretik. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAEko etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko mahaia irekitzeko eskaria egin du LAB sindikatuak gaur Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluan, etxeko langileen sail sindikala osatu ondoren. Hitzarmenaren puntuen artean langileen funtzioak definitzea eta prebentzio neurriak ezartzea proposatzen du sindikatuak, besteak beste.

Ane Escondrillas LABeko kideak azaldu duenez, eskaeraren bidez Confebaskek patronal bezala duen ardura bere gain hartzea «exijitzen» dute. Izan ere, etxeko langileen sektorean patronal osatu bat ez dagoela zehaztu du Escondrillasek.

Halaber, honen atzean bi urte eta erdiko prozesua dagoela gogorarazi du sindikatuak eta gainerako sindikatuekin hitz egin eta proposamena helarazi ondoren erantzun «positiboak» jaso dituztela baieztatu du Escondrillasek.

Mariana Urcuyo etxeko langileak erregistroa egin ondoren adierazi duenez, «etxeko eta zaintza langileen sektoreak ez dauka inolako babesik, eta hitzarmen bat izateak ez liguke soilik lan bizitza hobetuko, pertsonala eta familiakoa ere bai».

Honekin ados agertu da Melissa Andrade langilea eta honakoa gehitu du: «Urrats hau oso garrantzitsua da guretzat, errekonozimendu horiek izateko eskubidea dugula erakusteko garaia da eta».

Behin erregistroa Lan Harremanen Kontseiluan eginda, Confebaskek negoziazio mahaia datorren ekainaren 9an biltzeko jakinarazpena jasoko du astelehen honetan, sindikatuak zehaztu duenaren arabera.

Hitzarmen kolektiborako proposamenak

Langileen funtzioen definizioaz eta segurtasun neurrietaz gain, hitzarmen kolektiborako honakoa proposatzen du LABek, besteak beste: urteko aparteko bi ordainsari bermatzea; aparteko orduak ordaintzea; lantokietan indarkeria fisikoa, sexuala edota psikologikoa gertatuz gero prebentzio neurriak eta zigorrak ezartzea; senideei laguntzeko, kontsulta medikoetarako, heriotzagatik, eszedentziagatik eta abarrengatik ordaindutako lizentziak benetan betetzen direla egiaztatzea, eta diziplina araubidea betetzea.

«Hitzarmen hau errekonozimendu sozial bat baino gehiago da guretzako, emakumeon eta langileon historia aitortzea da. Ezin dugu dena ia doan egiten jarraitu, babesa ematen diguten eta gure lana aintzat hartzen duten baldintzak izan behar ditugu», azpimarratu du Mariana Urcuyok.