NAIZ
Bilbo

Osakidetzak ez duela behin-behinekotasun tasa altuarekin amaitu nahi salatu dute sindikatuek

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatu dute, Bilbon, Osasun sailburua Euskalduna jauregian jardunaldi batzuetan parte hartzen ari zen bitartean. Osakidetzako Mahai Sektorialaren bileran izan dira sindikatuak, baina ez da akordiorik egon.

Osakidetzako sindikatuek Euskalduna jauregiaren kanpoaldean egin duten elkarretaratzea.
Osakidetzako sindikatuek Euskalduna jauregiaren kanpoaldean egin duten elkarretaratzea. (FOKU)

Maiatzaren 16rako deitu dute greba egunari eusten dioten arren, Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Osakidetzako Mahai Sektorialaren bileran parte haru dute asteazken honetan, beren «negoziazio borondatea erakutsi eta egoerari konponbidea jartzeko nahiarekin».

Bertan ez da akordiorik lortu, eta sindikatuek salatu dute Osakidetzak ez duela «negoziatzeko borondaterik». «Osasuneko Mahai Sektoriala aurrekoen errepikapena izan da berriro ere eta, beraz, Osakidetzak alde bakarrez hartutako erabakiak jakinarazi besterik ez ditu egin, inolako negoziaziorik gabe», azaldu dute ohar batean.

Bestalde, Osakidetzak sindikatuei iragarri die 3.723 plaza eramango dituela egonkortasunerako LEPetara, eta horietatik 1.557 merezimendu lehiaketara joango direla. Martxoan iragarri zituenak baino 900 plaza gehiago dira, eta sindikatuek ontzat eman dute hori: «Zalantzarik gabe, intersindikaletik bultzatzen ari den mobilizazio dinamikak Osakidetza bere posizioetatik mugitzea lortzen ari da».

Hala ere, adierazi dute egonkortze tasa hori oso txikia dela oraindik, eta salatu dute Osakidetzak uko egin diola bere plantillak jasaten dituen behin-behinekotasun tasa altuen arazoari amaiera emateari. Zehazki ,Osakidetzak %58 inguruko behin-behinekotasun tasarekin amaitzeari uko egin diola diote

Hori guztia dela eta, sindikatuek dei egin diete langileei astelehenean, hilaren 16, deitutako greba egunarekin bat egin dezaten: «Osakidetzak argi utzi digu hori dela bide bakarra».

Sagarduiren dimisioa eskatu dute

Mahaia bildu aurretik, Lakuako Gobernuko Osasun sailburu Gotzone Sagardui Euskalduna jauregian pazientearen segurtasunaren inguruko jardunaldi batzuetan parte hartzen ari zen bitartean, Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK-ko ordezkariek elkarretaratzea egin dute kanpoan eta Sagarduiren dimisioa eskatu dute.

«Lan baldintza duinen alde» leloa zuen pankartaren atzean kontzentratu dira sindikatuak eta osasungintza publikoa «hondoratzen» ari dela leporatu diote.