Jon Ormazabal

Aurtengo Sanferminetako pilota feriak pandemiaren aurreko itxura berreskuratuko du

Pilota enpresak dagoeneko hasi dira udari forma ematen eta Baikok, esaterako, nafarroako kaiolako aurrekanporaketa bat jokatzera behartuko du Iñaki Artola, maiatzaren 22an Bakaikoaren aurka Zumaian.

Iñaki Artolak sanferminetako lau eta erdiko atarikoa jokatu beharko du Zumaian.
Iñaki Artolak sanferminetako lau eta erdiko atarikoa jokatu beharko du Zumaian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Buruz Burukoa bere azken fasean den honetan, eskuzko pilota enpresa profesionalak hasiak dira dagoeneko aurtengo udari forma ematen eta, pandemiaren ondorioz izandako azken bi urteetako uda arraroaren ostean, badirudi 2022koak ohiko itxura berreskuratuko duela, Iruñeako feriari dagokionean bederen.

Izan ere, Baikok jakitera eman duenez, hurrengo asteazkenean jarriko dituzte salgai aurtengo sanferminetako feriari dagozkion sarrerak eta Iruñeko festen antzera, zortzi egunetan iragarri dituzte pilota jaialdiak Labriten, uztailaren 7an lau eta erdiko finalarekin hasita. Hau da, momentuz behintzat, San Fermin eguneko finala Nafarroa Arenara eramatearen ideia bazterrean geratzen da pilota jaialdiek jai eremu nagusian jarraituko dute. Honek esan nahiko luke, normalean sei bikotez osatutako binakako feria izango genukeela eta desafioren bat uztailak 14ko finalaren atarian. Iaz, esaterako, lau bikotek baino ez zuten parte hartu, zuzenean finalerdietan sartuz.

Iaz 10 astez luzatu zen Caixabank Mastersak haratu zion erreleboa eta aurten ikusteke dago antzeko zerbait egingo duten, hiriburuetako feria nagusiak bertan uztartuz, edo feria desberdinak antolatuko dituzten, jaiei lotuta. Buruz Buruko txapelketaren aurkezpenean bankuko ordezkariak zerbait antolatzeko borondatea azaldu zuen, baina iazko eredua edo orain hiru urteetakoa erabiliko zuten zehaztu gabe. Hori bai, uda amaiera Nafarroa Arenan izango dela dirudi.

Artolak aurrekanporaketa jokatuko du Zumaian

Bestalde, sanferminetako lau eta erdiko horri begirako lehen detaileak ere jakin ditugu, esaterako Baikok aurrekanporaketa bat antolatu duela maiatzaren 22rako Artola eta Bakaikoaren artean Zumaian. Egun horretan Buruz Buruko txapelketaren hirugarren posturako partida jokatuko dute asteburu honetako finalerdietan galtzaile suertatzen direnek eta bertan egingo du Bilboko enpresak bere lehen galbahea. Atentzioa ematen du Buruz Burukoan bere hirugarren pilotaririk onena izan dena txapelketan zuzenean ez sartzea eta bera baino lehenago kanporatutako batzuk bere aurretik jartzeak.