NAIZ

Estatuaren estoldei buruzko ikerketa batzordea eskatu dute independentistek eta UPk

Mertxe Aizpurua (EH Bildu) eta Pablo Echenique (UP), Kongresuan solasean.
Mertxe Aizpurua (EH Bildu) eta Pablo Echenique (UP), Kongresuan solasean. (Eduardo Parra | Europa Press)

Gobernu espainoleko kide den Unidas Podemosek, EH Bilduk, Kataluniako indar independentistek (ERCk, PDCatek, Juntsek, CUPek), BNGk eta Compromísek bat egin dute Estatuaren estoldak ikertuko lituzkeen batzordea eskatzeko, Diputatuen Kongresuan. EAJk eta Mas Paísek ez dute oraingoan bere egiten.

Antzerako ekimena abiatu zuten duela aste pare bat, Pegasus eskandaluaren harira, baina PSOEk, PPk eta Voxek eragotzi zuten. Europar Legebiltzarrean zein Kataluniako Parlament-ean, ordea, ikerketak abian dira.

Oraingo ekimen honek Kongresuak «Estatu hainbat elementu ofizialen eta sare mediatiko, enpresarial eta parapolizial baten arteko lotura» ikertzea du helburu.

«Interes orokorretik kanpoko interes zikinen zerbitzura dauden estatu-erakundeei erreserbatutako baliabide eta tresnekin» aritzen dela estolda horietan eransten du eskaerak.

Horrekin batera, «espioitza masiboaren eskandalua», Pegasus sistemarekin, eta koalizio-gobernuaren «azalpenik eza» aipatzen dute. Horrek, bere ustez, «espekulazioak» eragin ditu, eta «argitzeko zaila den nahaste-magma» sortu du.

Eta, hortik abiatuta, neurri egokiak eskatzen dituzte CNIren eta Barne eta Defentsa Ministerioen prebentzio eta parlamentu-kontrolerako, «etorkizunean espioitza irregularrak» eta «edozein polizia-egitura paralelo sortzea eragozteko».

PSOEren eta Podemosen gobernuari ez dizkiote erantzukizun politikoak eskatzen, baizik eta «Ministerioaren arduradun politikoek hura sortu zenetik izan dituzten trama irregularren ezagutza argitzea».