NAIZ

Belako, Josu eta Gari, Eñaut Elorrieta, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, U-8an Illunben

Izan Bidea dinamikari amaiera emateko heldu den urriaren 8an Donostiako Illunben egingo duen jaialdian parte hartuko duten musikari guztien zerrenda jakinarazi du Sarek. Musika taldeez gain, Porrotx eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak izango dira.

Izan Bidea dinamikaren baitan joan zen asteburuan Aretxabaletan egin zen mobilizazioa.
Izan Bidea dinamikaren baitan joan zen asteburuan Aretxabaletan egin zen mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Sarek heldu den urriaren 8an emango dio bukaera Izan Bidea dinamikari Donostian, aldarrikapena eta jaia uztartuko dituen egun osoko jaialdiarekin. Lehenik eta behin, 3.127.326 kilometroko erronkaren azken kilometroak egiteko hitzordua jarri dute Bulebarrean, 11.00etan, eta ondoren manifestazioa egingo dute ‘Etxera bidea gertu’ lelopean, Pio XII plazatik Illunberaino. Hain zuzen ere, Illunben antolatutako musika jaialdiarekin emango zaio amaiera egunari.

Apirilaren bukaeran bertan parte hartuko duten lehen taldeen izenak aurreratu zituzten, eta ostiral honetan egitarau osoaren berri zabaldu dute. 

Muska taldeei dagokienez, honako hauek izango dira: Belako, Roten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Doctor Deseo, Dupla, McOnak, Trikidantz, Liher, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak).

Horiekin batera, Illunben izango dira Porrotx, Ttek Elektrotxaranga eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak.

Jaialdia 15.30ean hasiko da eta goizaldera arte luzatuko da. Hasi aurretik Sareren ordezkariek agiri bat irakurriko dute eta ondoren edari eta janarietarako prestatutako tokiak irekiko dira. Haurrentzako espazio berezia ere antolatu dute, Porrotxekin eta beste jolas batzuekin.

Sareren nahia da urriaren 8an Izan Bidea erronkari amaiera eman ez ezik, «urte luzeetan urruntze politikaren amaieraren alde aritu diren herritar guztiak batzea, politika honen amaiera gauzatzen ari den honetan, berau egia bihurtzeko emaniko bultzada eskertu eta guztiona den lorpen hau guztiz gauza dadin aldarrikatzeko»

Jaialdian dena ondo joan dadin antolakuntzarako boluntarioak eskatu ditu Sarek eta horretarako bere webgunean izena emateko aukera zabalduko du.