NAIZ

Emakumezkoen Itzulia «ia-ia derrigortuta» antolatu dela adierazi du Julian Erasok

Julian Eraso Itzuliko zuzendariak Radio Marca hedabidean adierazitakoak polemika eragin du eta antolakuntza barkamena eskatzera behartuta ikusi da. Emakumezkoen Itzulia «derrigortuta» antolatu dutela eman du aditzera Erasok, «moda kontua» dela eta hau txirrindularitzara ere iritsi dela.

Ane Santesteban bosgarren lekuan helmugaratu da lehen etapan.
Ane Santesteban bosgarren lekuan helmugaratu da lehen etapan. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Ia-ia derrigortuta ikusi gara emakumezkoen Itzulia antolatzera», adierazi du Radio Marca hedabidean Julian Erasok, OCETAko zuzendariak; Itzuliako antolatzaileak, alegia. Hautsak harrotu ditu hitzok eta hala, antolakuntzatik barkamena eskatzera behartuta egon dira.

«Moda kontua da, berdintasuna eta abar... Mundu guztiak dio gauzak egin behar direla emakumezkoen kirola sustatzeko eta txirrindularitzari ere egokitu zaio», adierazi zuen bart Radio Marca irratian.

«Emakumezkoen Itzulia antolatu beharko zitekeela esan ziguten eta guk antolakuntzaren inguruan badakigu zerbait, ez zen arazoa. Ea honek laguntzen duen emakumezkoen txirrindularitza kontsolidatzeko eta ea urte batzuk barru ez garen kezkatu behar zergatik antolatzen dugun», gehitu zuen.

«Adierazpen desegokiek sortutako gaizki ulertua eta eta ondoeza atsekabez» hartu ditu antolakuntzak, sareetan zabaldu duten oharrean adierazi dutenez. Era berean, espero dute hitzok «ez zikintzea Itzulia Women lasterketa emakumeen txirrindularitzaren nazioarteko egutegira iritsi izanak dakarren aurrerapausoa». Nabarmendu dute, emakumezkoen Itzulia antolatu dela emakumeen lasterketa handi bat «berreskuratzeko beharrizana» zegoelako, «Emakumeen Bira desagertu ondoren eta Donostiako Klasikoaren lehen bi edizioek izan zuten arrakasta ikusita».

«Emakumezkoen txirrindularitzan, ez soilik antolakuntza aldetik, zaleen aldetik ere espero dut kontzientzia hartzen joatea eta errepide bazterrak jendez betetzea», nabarmendu zuen. Lehen edizioa izateagatik oihartzun gehiago izaten ari dela iritzi du eta azpimarratu zuen «hiru lurraldeak zeharkatzen dituela». Nolanahi ere, onartu zuen ez dela ordu egokienean jarri, Giroarekin ez kointziditzeko eta bi emankizunak ez gainjartzeko.

Ostiral honetan hasi da lehendabiziko Itzulia eta Demi Vollering herbeherearrak irabazi du lehendabiziko etapa. Ane Santesteban izan da euskaldun onena, bosgarren helmugaratuz, irabazlearengandik 41 segundora.

Gasteizko Udalaren eta Arabako Aldundiaren gaitzespena

Gasteizen hasi eta Bastidan amaitu da estreinako etapa eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako Aldundiko ahaldun nagusiak Erasoren hitzak gaitzetsi nahi izan dituzte. «Ez da moda bat, berdintasunera bidean egiten dugun apostua da». «Horrelako ekimenak arrakastatsuak dira emakumezkoen kirolari merezi duen lekua emateko daukagun konpromisoan», gehitu dute.

Hala, espero dute Erasoren hitzak «akats» bat izatea, «kontzienteki egin baditu, ez baita onargarria. Horrelako adierazpenek ez dute lekurik gurea bezalako gizarte moderno eta anitz batean».

«Berdintasunerako apostua eta defentsa edozein arlotan, baita kirolean ere, irmoa izan behar da. Eta zentzu horretan, gure konpromisoa ez da zalantzagarria», azpimarratu du.