Igande honetan, maiatzaren 15ean, 74 urte beteko dira Palestinaren aurkako inbasio militar eta kolonialaren ondorioz Israelgo Estatua sortu zenetik eta, urtero bezala, hainbat elkarretaratze antolatu dituzte Palestinari babesa ematen dioten erakundeek Euskal Herrian.
«Duela 74 urte Israelek hasitako garbiketa etnikoak gaur egun ere jarraitzen du eta azken urteotan egoerak okerrera baino ez du egin. Gainera, Israelek Palestinako lurrak bereganatzen jarraitzeko, bertako biztanleak lekualdatzeko, kolonia berriak eraikitzeko eta zigor kolektiboa suposatzen duten neurriak (etxeen eraispenak, atxiloketa arbitrarioak, mugimendu-murrizketak) ezartzeko dituen politika eta praktikaz gain, azken bi urte hauetan egiaztatu dugu areagotu egin direla Israelgo estatuak Palestinako gizarte zibileko erakundeak jazartzeko, ospea kentzeko eta kriminalizatzeko egiten dituen ekintzak», adierazi dute.
Zentzu horretan, nabarmendu dute Human Rigths Watch edo Amnesty International bezalako nazioarteko erakundeek hainbat txostenetan salatu dutela Israelek apartheid erregimena ezartzen diela palestinarrei. Horretaz gain, aste honetan Israelgo armadak Al Jaazerako Shireen Abu Akleh kazetaria erail duela gogoratu dute.
Honegatik guztiagatik, euskal jendartea palestinar herriarekin elkartasuna adieraztera eta Israeli Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpainarekin bat egitera deitu dute.
Iruñean 12.00etan izango da elkarretaratzea Gaztelu plazan, Donostian 12.00etan, Bulebarrean, Bilbon 12.30ean, Arriaga planza eta Gasteizen elkartasun festa egongo da, 20.00etatik aurrera, Hala Bedi tabernan.
Bilboko Sortu
Aurreko asteburuan israelgo Hapoel Holon taldeko ultrek eragindako istiluen ondoren, Bilboko Sortuk Palestinarekiko elkartasunean berretsi eta palestinarrei maitasun mezua bidali die.
«Euskal Herriak beti adierazi du Palestinarekiko elkartasuna eta maitasuna. Pasa den asteburuan elkartasun hori sionismoaren begipuntuan egon da. Palestinarrek egunero pairatu behar dutenaren adierazle txiki-txiki bat izan zen gure kaleetan ikusi genuena. Eta esan dezakegu, gaur, Palestinarekiko gure maitasuna inoiz baino handiagoa dela», adierazi du alderdi abertzaleak.
Horregatik, Palestinako askatasun eta bakearen alde lanean jarraituko duela azpimarratu du Sortuk: «Gora herrien elkartasuna eta borroka! Gora Palestina!».