NAIZ

Batzar nazionala ospatu du Etxeratek Durangon, salbuespen legediak baldintzatuta oraindik

Ehun lagun baino gehiago bildu dira igande honetan Durangon Etxeratek ospatu duen batzar nazionalean. Euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko politikarekin amaitzeak mahai gainean jarraitzen du.

Etxerat elkarteak XIX. Batzar Nazionala egin du igande honetan, Durangon.
Etxerat elkarteak XIX. Batzar Nazionala egin du igande honetan, Durangon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hiru urte dira euskal presoen senideen elkarteak Gasteizen bere azken batzar nazionala egin zuenetik. Gaur, pandemiak gogor kolpatu duen kolektiboa Durangon bildu da bere 19. batzar nazionalean, ehun lagun baino gehiagoren parte hartzearekin. Gobernu espainolak eta frantsesak mantentzen duten salbuespen politikekin amaitzearen beharrak bilkuraren erdigunean egon da.

Batzarraren «ospakizun hutsak eta gure senide presoei aholkularitza eta laguntza ematen jarraitu behar izateak alarma argia piztu beharko luke», adierazi du elkarteak horren atzean dagoen errealitatea gogoratuz: «Espainiak euskal presoei bere legea aplikatzen ez diela erakusten duen frogarik argiena».

Azpimarratu du, hala ere, batzar horretatik irtendako konpromisoa bide horretan lanean jarraitzeko apustua dela, «herri hau pixka bat hobetzen laguntzeko eta gure senide preso guztiek askatasuna lortu arte».

Gogora ekarri du, halaber, hamar urte igaro direla indarkeria zikloak amaitu zirenetik, lau urte Pedro Sanchezek espetxe politika aldatuko zuela iragarri zuenetik, eta hiru urte pasatu direla Macron presidenteak gatazkaren ondorioei irtenbidea emango ziela iragarri zuenetik.

«Baina Espainiako Estatuak, konponbidearen eta bizikidetzaren aurrean mendekua lehenesten duten sektore publiko eta judizialek bultzatuta, salbuespenekin amaitu gabe jarraitzen du», kritikatu dut elkarteak ohar bidez.

«Pandemiak izugarri birrindu gaitu»

Azken bi urte hauei begira, pandemiak presoak eta familiak «izugarri birrindu» dituela onartu du Etxeratek komunikazioen etendura eta familia-loturetan eragindako haustura nabarmenduz. «Sufrimendu gehigarria pairatu dugu berriro ere», adierazi dute presoen senideek.

Kartzeletan bizi den egoera ere azaldu dute hainbat datu erakutsiz. Aipatu dutenez, «gezurra badirudi ere» oraindik 186 preso politiko daude espetxean», eta horien artean dagoeneko 30 urtetik gorako espetxe-zigorra bete duten pertsonak daude, 65 urtetik gorako 20 lagun inguru, gaixotasun larriak dituzten 19 preso, eta Euskal Herrira itzuli ezinik jarraitzen duten 32 erbesteratuk eta deportatu politikok.  

Gogoratu dute, bestalde, euren legezkotasun bera ez dutela aplikatzen. Horren froga dira, zehaztu dutenez, oraindik etxera hurbildu ez dituzten 85 preso. Horrez gain, 165 preso baimenekin dagokienean ateratzen egon beharko lirateke, eta 22 baino ez dira ari; 132 preso hirugarren graduan egon beharko lirateke baina 14 baino ez daude.