Bitci Baskoniak zapatuan Joventuten aurka 81-89 galdu ostean, laugarren amaitzeko aukera pasatzen laga zuen eta Lenovo Tenerifek ere Andorran irabazi ostean, Fase Erregularra seigarren amaitu du talde gasteiztarrak. Ondorioz, Valentzia Basketen aurka jokatu beharko du ACB Ligako play-offetako final-laurdenetan; hau da, iaz lehiaketatik kanpo bota zuen borrero berberaren aurka.
2021/22 denboraldiko kanporaketak, hain justu, Valentziako Fuente de San Luis pabilioian hasiko dira, hilaren 24an 21.00etatik aurrera Valentzia Basketek eta Saski Baskoniak elkarren aurka jokatu beharko baitute. Gogoan izan behar da final-laurdenetatik finalerdietara aurrera egiteko bi partida irabaztea nahikoa dela; hala, kanporaketa hau Buesa Arenan erabakita geratu liteke hilaren 28an. Zapatua, 18.30etatik aurrera Neven Spahijarenek serieko bigarren partida jokatuko dute valentziarren aurka. Bestalde, kitarako partida jokatu beharko balitz, berau hilaren 30an, astelehenez, 19.00etan jokatuko litzateke.
Gogoan izan behar da finalerdietara pasatuz gero, Saski Baskoniak Real Madril eta Manresaren arteko kanporaketaren irabazlea izango du aurrez aurre. Kasu honetan, baina, hiru partida irabazi beharko dira finalerako pausoa emateko. ACB Ligako finala ere halaxe izango da.
Guillem Vivesen jokaldia
Valentzia Basket 2-1 nagusitu zitzaion iazko final-laurdenetan Saski Baskoniari. Gasteiztarrek Valentzian jokatu ziren partida bietan aukera handiak izan zituzten kantxa faktorea beren alde iraultzeko, baina neurketa bietan, 87-86 eta 78-73 hurrenez hurren, burua makurtu behar izan zuten Dusko Ivanovicen gizonek.
Aurreneko partidako garaipena esku eskura izan zuen talde gasteiztarrak, eta kanporaketako jokaldirik garrantzitsuenak kalte ikaragarria egin zion. Markagailua 87-86 jarri zuen Valentzia Basketek atzetik denbora luzean izan eta gero, baina baloia Pierria Henryk zeraman, partida amaitzeko segundu gutxi batzuren faltan. Egun Joventuten ari den Guillem Vives antolatzaile zuen aurrez aurre Saski Baskoniako antolatzaile eta lider zenak, eta Vives gainera joan zitzaion; hain gainera, ezen falta izan zela eskatu baitzuen talde gasteiztarrak aho batez. Alabaina, Vives antolatzaile katalana aztia da defentsa lanetan eta mokorrarekin baloia ohostu zion Pierria Henryri eta hala irabazi zuen talde taronjak serieko aurreneko dema.
Zurbaon ez zen kolorerik izan eta 76-65 azken emaitza baino askoz alde nabarmenagoa erakutsi zuen bere alde Baskoniak. tamalez, kitarakoan Valentzia Basketek bere alde irauli zuen norgehiagoka. Aurreneko erdian aurretik jarri ziren artean jaume Ponsarnauren aginduetara zeuden jokalariak, eta Baskoniak atzetik aurrerako lan ona egin bazuen ere, azken jokaldietan Nikola Kalinic azaldu zen, eta berak markatu zuen talde bien arteko aldea.
«Partidak galtzea beti da posible, baina bururik ezin dugu galdu. Hiru teknika eta kiroltasunez kontrako beste bi falta adierazi dizkigute. Taldeak buru argiagoa behar du hurrengo partidetara begira. Imintzio eta protesta asko eginagatik, epaileek adierazi dutena ez dute gure protestek hobetuko», adierazi zuen Neven Spahijak Joventuten aurkako partida galdu ostean. «Akaso porrot honek, hala ere, on egingo digu, purrustadak eta haserrealdiak atzean uzten lagunduko digulako», gaineratu zuen kroaziarrak, Valentzia Basketek aurka bere taldeak lan ona egingo duela esperoan.
Nolabait esan liteke Spahijaren adierazpen hauetan partida amaieran Joventuteko Brandon Paulek eta Baskoniako Wade Baldwinek aldagelatara bidean izan zuen sesioa ere buruan zeramala. 2019/2020 denboraldian Olympiacos taldean kide izan ziren jokalari hauek biak eta, nonbait, ez omen zuten harreman onegiarekin amaitu. Hargatik, porrota dela-eta muturtuta zegoelako, Brandon Pauli eskua eman nahi ezta joaten hasi omen zen Nueva Jerseyko antolatzailea, itxura baten. Ez zen gehiagora pasa azkenean bi jokalari hauen arteko sesioa, hala ere.
Bigarren taldea, Zilarrezko LEB Ligara
Bestalde, Saski Baskoniaren bigarren taldeak Zilarrezko LEB Ligara igotzea lortu zuen Gandiari Gandian bertan 53-68 nagusitu eta gero. Lau puntuko aldearekin irabaztea nahikoa zuen talde gasteiztarrak mailaz igotzeko, baina askoz errazago nagusitu zen, nahiz eta orotara 17 baloi galdu.
Denboraldia Urrezko LEB Ligako Iraurgi taldea egiten ari den Sidy Cissoko antolatzaile gaztea izan zen partidako izarretako bat, 16 puntu eta 7 asistentzia lortuta. Bestalde, Maxi Sole taldekidea izan zen partidako jokalaririk onena, 20 puntu eta 13 errebote lortuta.