NAIZ

Inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarritutako «zigor guztien» baliogabetzea eskatu du Sarek

Sarek uste du Xabier Atristainen auziko epaiak ondorio bakarra behar lukeela; «defentsarako eskubiderik gabe, ezin da zigorrik egon». Beraz, inkomunikazio aldian defentsarik gabe eskuratutako frogetan oinarritutako «zigor guztiak» baliogabekotzat jo behar liratekeela defendatu du.

Sareko bozeramaileek, Joseba Azkarragak eta Bego Atxak, Atristain auziaren ebazpenaren irakurketa egin dute.
Sareko bozeramaileek, Joseba Azkarragak eta Bego Atxak, Atristain auziaren ebazpenaren irakurketa egin dute. (Raul BOGAJO | FOKU)

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Xabier Atristaini buruzko epaian jasotzen duen bezala, inkomunikazio aldian defentsarik gabe eskuratutako frogetan oinarritutako «zigor guztiak» baliogabekotzat jo behar liratekeela defendatu du Sarek astelehenean egindako agerraldi batean.

«Izan ere, epai honek ondorio bat eta bakarra behar luke, justizia demokratikoak onar dezaken ondorio bakarra; defentsarako eskubiderik gabe, ezin da zigorrik egon», berretsi dute Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek.

Gogora ekarri dute atxilotutako pertsonek, atxilotze une beretik eta epaile aurrera joan artean, abokatuen asistentzia jasotzeko eskubidea dutela, eta «hain zuen ere, eskubide hau da kasu honetan, eta baita beste hainbestetan ere, errespetatua izan ez dena», esan dute Saretik.

Berretsi dute, Sortuk iragan astean agertu zuen bezala, «asko» direla Atristainei bezala eskubide hau ukatu zaien euskal presoak eta, ondorioz, Auzitegi Nazional espainiarra bera ari dela «ezohiko egoera horiek zuzentzen». Gorka Palacios eta Juankar Iglesias Chouzarekin egin du. Absolbitu egin ditu, haien aurkako froga bakarrak inkomunikazio alditik atera zituztelako. «Horrek behar luke egoera beraren baitan zigortuak izan diren pertsonei ezarri behar litzaiekeena», baloratu dute Azkarragak eta Atxak.

Hori dela eta, inkomunikazio aldian defentsarik gabe eskuratutako frogetan oinarritutako zigor guztiak baliogabekotzat jo behar liratekeela uste du Sarek eta, horrez gain, Estatu espainiarrari «atzerapenik gabe» «sortutako eskubide urraketa erreparatzea» dagokiola agertu du.

«Barne-auzitegiek, Auzitegi Nazionalak eta/edo Auzitegi Gorenak irtenbide juridiko egokia eman behar diete kasu horiei guztiei, egoera hau jasan duten pertsonak ez daitezen Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzera behartuta egongo», aldarrikatu du Sarek.